Euriborrak %3,578an amaitu du ekaina, beraz, oinarrizko hiru puntu egin du behera maiatzarekin alderatuta; horrek, jakina, merketu egin ditu hipoteka aldakorrak. Batez ere urteroko berrikuspena dutenentzat, 2023ko ekainean erregistratutako tasa %4tik gorakoa zelako. Esate baterako, Euriborra gehi %0,99ko diferentziala duten 30 urterako 150.000 euroko hipoteken kasuan, hileko kuota 30 euro merkeagoa izango da (796,43 eurotik 765,90era). Aldiz, berrikuspena sei hilean behin egiten den kasuetan, aurrezkia apenas nabarituko da: 2,10 euro. Ekainekoarekin ondoz ondoko hirugarren hilabetea du 12 hilabeterako euriborrak merkatzen, berau izanik Estatuko hipoteka gehienen erreferen-tziazko adierazlea: maiatza %3,68an itxi zuen eta apirila %3,703an. Gainera, urtarriletik izan duen daturik baxuena da. Jaitsiera berri hori bat dator Europako Banku Zentralak (EBZ) ekainaren hasieran iragarri zuen interes-tasen oinarrizko 25 puntuko jaitsierarekin, %4,25ean utzi bai-tzuen.
Inolaz ere, aurrezkia, oraingoz, nahikoa apala da. Kontuan hartu beharrekoa da 2022ko ekainean, 150.000 euroko hipoteka baten truke hilean 542,65 euro ordaintzen zirela. Gorakada ugari jasan dituen bi urte oso asaldagarriak bizi ondoren, badirudi aurtengoa egonkortzeko urtea izango dela. Lehen seihileko honetan, hipoteken erreferentzia-indizea ez da hamarren bat ere aldatu hilabete batetik bestera. Are gehiago, urtarrileko eta ekaineko batez besteko balioen arteko aldea soilik 0,041 puntukoa da: urteko lehen hilabetean erregistratutako %3,609tik urteko seigarren hilabetea amaitu duen %3,65era.
Urtarrilean %3,609
“Urtearen hasieran Euriborra espero baino askoz gehiago jaitsi zen 2023ko azken hiruhilekoan zegoenarekin alderatuta –abenduan %3,679 izatetik urtarrilean %3,609 izatera pasa zen–. Horren ondorioz, adierazlea egonkortu egin da, maila altuetan bada ere; inolaz ere, aurreko urteko data horietan erregistratutakoak baino baxuagoak izaten jarrai-tzen dute”, azaldu du Simone Colombelli iAurrezki hipoteka-aholkulari eta konparatzailearen Hipoteken zuzendariak.
Bilakaera Hipoteka-indizeak sei urte zeramatzan negatiboan 2016. urteaz geroztik. Testuinguru horretan, hipoteka aldakorrek gutxieneko diferentziala eta euriborraren oso datu aldekoa zituzten, eta hipoteka finkoek, berriz, interes oso txikiak eskaintzen zituzten lehiakorrak izan asmoz. Baina, 2022ko uztailetik aurrera, eta inflazioa geldiarazteko helburuarekin, Europako Banku Zentralaren interes-tasek gora egin zuten etengabe, %4,5era iritsiz.
Interes-tasen egoera
EBZren interes-tasen igoera horrek zuzenean eragin zion Euriborrari, eta tasa zenbaki positiboetara itzuli zen 2022ko erdialdean, %4ko mugaren gainetik kokatuz iazko ekainetik azarora bitartean. Guztira, EBZk hamar aldiz igo zuen interes-tasa, aurreko ekainaren 6an oinarrizko 25 puntuko lehen jaitsiera egin zuen arte. Iragarpen hori hilabete batzuk lehenagotik espero zenez, behin apiriletik aurrera Euriborrak atzera egin zuen. Nolanahi ere, jaitsiera gehiago etorriko zirela aurreikusten zuten adituak zuhurrago agertu dira orain, eta ez dute aldaketa handirik espero gurte amaiera bitartean. Merkatuak dagoeneko bere egin du EBZk diru-politika murriztaileari eutsiko diola, eta diruaren prezioaren murrizketa gehigarri bat eta bi artean iragarriko dituela urtearen amaierarako. Jaitsiera bakoitza oinarrizko 25 puntukoa izango litzateke, eta irailean eta abenduan espero dira.
Egoera berri hori ez dator bat duela hilabete gutxiko aurreikuspenekin, 25 puntuko sei jaitsiera aurreikusten baitziren, horregatik eguneratu behar izan dituzte analistek euren aurreikuspenak. Adibidez, Bankinterreko analisi-taldeak bere azken merkatu-txostenean iragarri duenez, 12 hilabeterako euriborra %3,5 inguruan geratuko omen da 2024aren amaieran (aurreko urtearen ildotik, eta egungo maila baino bi hamarren eskas beherago), eta 2025ean puntu erdi jaistea espero dute, ekitaldi horretako abenduan %3an kokatzeraino. 2026ra begira, goranzko joera izango luke, %3,25era irits daitekeela uste dute.
Bankinterren euriborraren inguruko aurreikuspen berri horiek , orain arte bankuko analistek aurreikusitakoa baino egoera okerragoa erakusten dute; izan ere, 12 hilabeterako euriborrak %3,25ean amaituko zuela espero baitzuten, eta 2025ean beste puntu erdi bat jaitsiko zela, %2,75era arte.
Bankinterrez gain beste hainbat iragarpenek diotenez, Euriborra hamarren batzuk baino ez omen da jaitsiko datozen hilabeteetan. Ebury, fintech online aholkularitzako enpresak, Banco Santanderrek kontrolatutako nazioarteko ordainketetan eta ETE-entzako dibisa-trukean espezializatuak, urte amaieran euriborra %3tik %3,5era bitartean koka daitekeela uste du. Bestalde, Funcasen Panelak aurtengoa %3,2an eta 2025ean %2,75ean kokatu du adierazlearen lurzorua; BBVA Researchek %3,3an.
Europako Banku Zentralak uztailaren 18an egingo du oporretara joan aurretiko azken bilera, eta Colombelliren ustez “ziurrenik ez du interes-tasetan aldaketarik aplikatu, egungo %4,25ean mantenduz”. Aurrezkiko Hipoteken zuzendariaren arabera, arrazoi nagusietako bat, “uda ez dela izaten oso sasoi bizia hipoteken eta higiezinen merkatuan: bankuak gutxieneko zerbitzuekin geratzen dira, herritarrak oporretara joaten dira, eta nahiago izaten dute gai horiek irailetik aurrerako uztea”.