Gaur hotza itzuliko da euri handiko jardunaldi batean. Eusko Jaurlaritzaren Euskal Meteorologia Agentzia Euskalmetek adierazi duenez, gaurko egunean euria izango da protagonista.
Hala, eta ildo beretik, gaur negu giro narratsa izango da, euria etengabe egingo du, Kantauri isurialdean bereziki, eta tenperatura are gehiago jaitsiko da. Prezipitazioa denean egingo du, elur-kota 1000 metrotik azkar jaitsiko da eta goizean goizetik aurrera 500-700 m inguruan egon daiteke. Gainera, ipar partean trumoi-ekaitzen bat izan daiteke. Ipar-haizea ibiliko da, tarteka zakar kostaldean eta Nafarroa hegoaldean. Tenperaturak nabarmen behera egingo du, hotza bueltan izango da eta balio altuenek oro har ez dituzte 10 graduak gaindituko.
Gainera, gaur abisu horia aktibatuko da elurragatik.
Bestalde, elurrari dagokion iragarpen berezia egin du Euskalmetek. Hala, lur-kota 1000-1200 metrotik oso bizkor jaitsiko da eta goizean goizetik aurrera 500-700 m inguruan egongo da. Prezipitazio txikiertaina egingo du, Kantauri isurialdean iraunkorra eta oso ugaria izango da. Trumoi-ekaitzak izan daitezke Kantauri isurialdean. Izotz txikia egingo du mendi inguruetan eta Arabako zenbait lekutan.
Bihar ere elur-kota 500-700 metro inguruan egon daiteke. Goizaldean prezipitazio txiki-ertaina egingo du eta goizean atertzera joko du. Izotz txikia egingo du barnealdeko zenbait lekutan, bereziki mendi inguruetan eta Araban non zenbait lekutan handia egin dezakeen. Halaber, bihar, tenperatura hotzak jarraipena izango duen arren, egunaren zati handi batean giro argia gailenduko da. Goizaldean oraindik euria egingo du eta elur-kota 500-700 metro inguruan egongo da. Goizak aurrera egin ahala atertuko du, hodeiek desagertzera egingo dute eta arratsalderako urdingune zabalak agertuko dira. Eguzkiak eta hego-mendebaldeko haizeak tenperaturaren igoera apur bat lagunduko dute, hala ere, freskotik jarraituko da eta barnealdeko hainbat lekutan izotza botako du.