Bilboko Udalak 411.153,21 euroko aurrekontua bideratuko du Txurdinagako Europa parkean hobekuntzak egiteko. Lan horien helburua egungo aire libreko kirol-eskaintza handitzea da. Horretarako, kalistenia-gune bat eta gailu bio-osasungarriekiko beste gune bat eraikiko dira bertan.
Bi jardun horiek parkearen ipar-ekialdean egingo dira, uriaren birika berderik handienetako batean, 114.000 metro koadroko hedadura baitauka.
Kirol eremua
Parkearen ipar mendebaldean, kirol askotarako pisten ondoko gune erdizirkularrean, Europa parkeko kirol-eremu berria kokatuko da. Zehazki, eremu horrek 290 metro koadroko hedadura bat du, zintarriz inguratua alde bietatik.
Kirol-gune berri hori eraikitzeko, lehenengo kendu egingo dira lehendik zeuden zoladurak eta zintarriak, eta hormigoi armatuzko oinarri sendo bat eraikiko da, eta haren gainean kautxuzko zoladura berria ipiniko. Haren gainean, kalisteniako zortzi elementu ipiniko dira guztira, eta hormigoi-kuboekin zimendatuko.
Horrez gain, ur iturri berri bat ezarriko da kontsumo publikorako, eta indartu egingo da argiteria, led argien bidez.
Guztira, jardun horretarako, 114.901,35 euroko aurrekontua izendatu da.
Eremu bio-osasungarria
Parkearen iparraldean, antzinako tenpletea dagoen lekuan, 320 metro koadroko eremu obalatu batean, elementu bio-osasungarriak ipiniko dira adinduendako.
Jardun horrekin, Udalaren xedea da balioa ematea gaur egun erabilera zehatzik ez duen parkearen gune bati. Gainera, hobetu egingo da ingurua, zuhaitzak eta lore-zuhaixkak landatuz.
Lehendik dauden elementu bio-osasungarriak eremu berrian kokatuko dira berriz, eta osagai berriak ere gehituko dira, ariketa horiek egiteko.
Eremua zolatuko da bi koloretako hormigoi inprimatuarekin, uhin zentrokideak irudikatuz, hala nola tanta bat ur azalera erortzean sortzen direnak, eta erdian iturri apaingarri bat jarriko da.
Halaber, jarlekuak jarriko dira, eta indartu egingo da argiteria, led argiekin.
Inguruko landaretzarendako, hosto galkorreko zuhaitzak hautatu dira, hala nola astigarra, eta, haien artean, tarteka-tarteka, lore-multzoak ezarriko dira, hortentsia izango delarik nagusi.
Eremura sartzeko bi puntuetan, metalezko bi pergola jarriko dira, bugainbilea landatuz alde bietan, hazi eta lore-uztailak era ditzaten.
Auzokide Plana
Europa Parkeko lan hauek Auzokide Planaren barruan egitekoak dira, hau da, uriko auzoak hobetzeko planaren barruan, eta lehentasuna eman diete auzotarrek.
Auzokide Plana da Bilboko Udalak herritarren parte-hartzerako dauzkan tresnarik garrantzitsuenetako bat. Planaren aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko.