Actualidad

Europako Batzordeak debekatu egin nahi du txitxarroaren arrantza

Bruselak %10eko igoera planteatzen du hegoaldeko legatzaren kuotarentzat
Arrain deskarga, Bermeon. | ARGAZKIA: RAMON BASALDUA

Urteko batzar garrantzitsuena egingo dute gaur eta bihar Europako Batasuneko arrantza ministroek Bruselan. Izan ere, bilera horretan ezarriko baitituzte Europako uretan arrantzatzen diren espezieen harrapaketa mugak datorren urterako. Itsasoaren Ikerketarako Nazioarteko Kontseiluak egindako proposamenetatik abiatuko dira gaurko eta biharko eztabaidak. Euskal flotarentzat garran-tzitsuak diren espezieei dagokienez, Europako Batzordeak %10eko igoera planteatzen du Kantauriko lega-tzarentzat. Txitxarroa agertzen da txanponaren beste aldean, Bruselak espezie honen arrantza debekatu nahi du-eta stockaren egoera larria dela argudiatuta. Beste alde batetik, Erresuma Batuak Europako Batasunetik alde egin zuenetik, Bruselak ezin ditu zehaztu espezie eta esparru batzuetako harrapaketa mugak. Aurretik, adostu egin behar ditu Londresko gobernuarekin. Grande Soleko legatza dago espezie horien artean.

Hegoaldeko legatzari dagokionez, (Kantauri itsasoan, eta Iberiar penintsulako mendebaldean harrapatzen dena) Europako Batzordeak goitik behera aldatu du kudeaketa plana hilabete gutxiren buruan. Azken zortzi urteetan espezie honentzako harrapaketa muga murriztuz joan da, ustez, stockaren egoera kezkagarria zelako. Aurten, baina, ICES erakundeak berraztertu egin du Europako hegoaldeko legatzaren poblazioa, beste oinarri batzuk erabilita. Ondorioz, iragan urrian Europako arrantza ministroek %84 igo zuten 2022rako harrapaketa muga, gehieneko errendimendu jasangarriaren barruan zegoela argudiatuta. Kontuak kontu, Espainiako pabiloiarekin arrantzan egiten duen flota, 4.899 tonako harrapaketa muga izatetik, 9.021 tonakoa izatera igaro da. Datorren urteari begira, gainera, Europako Batzordeak %10eko igoera planteatzen duela kontuan izanda, 2023ko topea 10.000 tona ingurukoa izan daiteke.

Ondarroako altura flota

Beste alde batetik, Europako Batzordeak planteamendu gogorra egin du Kantauriko txitxarroarentzat. ICES erakundeko biologoen arabera, stockaren egoera ez da bat ere ona eta larrialdiari aurre egiteko modurik onena arrantzaldia ixtea dela uste dute. Arrantza ministroek txitxarroa harrapatzea debekatuko balute, kolpe gogorra izango litzateke Euskadiko arrantza flotaren-tzat, Ondarroako arrastontzientzako batez ere. Izan ere, espezie honek garrantzi handia du altura flotako ontzientzat.

Virginijus Sinkevicius Europako Batzordeko arrantza komisarioaren iritziz, Europako Batzordeak egindako proposamenak “garbi erakusten du zientzian oinarritutako arrantzaren kudeaketak emaitza positiboak dakartzala”. “Arrantza iraunkorrak nabarmen egin du aurrera Europako Batasunean -nabarmendu du-. 2022an harrapaketa mugen %80 gehieneko errendimendu jasangarriaren mailan ezarri ziren, eta 2009an ehuneko hori %14ra baino ez zen iristen. Egoera horrek etorkizun ona eskain-tzen die arrain-populazioei eta haien ustiaketatik bizi diren pertsonei”.

Euskadiko baxura flotarentzat garrantzitsuak diren hegaluzearen eta bokartaren harrapaketa mugak ez dira ezarriko arrantza ministroen batzar honetan. Hegaluzearen kasuan, ICCAT (Atlantikoko atuna zaintzeko nazioarteko batzordeak) ezartzen du urteko topea eta datorren urtekoa aurtengoa bezalakoa izango da, 37.801 tonakoa hain zuzen ere. Kopuru horretatik, 17.890 tona izango dira Espainiako banderapean arrantzan egiten duen flotarentzat. Bokartaren kasuan, ez da aldaketarik espero eta urteko harrapaketa muga 33.000 tonakoa izango da.

12/12/2022