Bizkaia

Europako Demokraten Institutuko ordezkariek Bilbo bisitatu dute

Juan Mari Aburto alkateak harrera egin die udaletxean.

Ostegun honetan arratsaldean, azaroak 3, Europako Demokraten Institutuak (IED) Bilbon antolatu egin duen Batzar Nagusiko partaideen ordezkariek bisitatu egin dute Bilboko udaletxea. Bertan, Arabiar Aretoan konkretuki, egin die harrera Bilboko alkate Juan Mari Aburtok.

Jendaurreko hitzaldian, Aburto Alkateak “Bilbok eta Euskadik oro har demokraziaren alde egin duen konpromiso historikoa” nabarmendu eta gogora ekarri du “Jose Antonio Agirre Lehendakariak Europaren eraikuntzan izandako eginkizun garrantzitsua, betiere giza-eskubideen defentsan oinarrituta eta pertsona guztientzako etorkizun hobearen aldeko konpromisoaren harira pertsona eta gizarte bezala bereizten eta duintzen gaituzten balio demokratiko handiak aintzat hartuta”.

Era berean, Aburtok, John Adamsek Estatu Batuetako bigarren presidentea izan aurretik Bilbora egin zuen bisita aipatu du, izan ere, 1780an, Adamsek Europako hainbat demokrazia ezagutzea xede zuen bidaia egin zuen Estatu Batuetako Konstituzioa prestatzeko. “George Washington karguan ordezkatu baino ia bi hamarkada lehenago, Adamsek laudoriozko hitz hauek idatzi zituen euskaldunon tradizio demokratiko zaharrari buruz: ‘aparteko herri honek Europako beste edozein herrik baino luzaroago eutsi dio bere hizkuntza zaharrari, bere izaerari, bere legeei, bere gobernuari eta betiko ohiturei, ezein berrikuntzarik gabe’”, azpimarratu du Alkateak.

Joan den maiatzaren amaieran, 2022ko lehen Batzar Nagusian, Europako Demokraten Institutuak (IED) aurtengo bigarren Batzar Nagusia Bilbon antolatzea erabaki zuen Bilbon, Guggenheim Museoaren 25. urteurrenaren kariaz.

Hartara, bihar, ostirala, Europako Demokraten Institutuaren (IED) Batzar Nagusia amaitu ondoren, horretan parte hartu dutenek Guggenheim Museoa barrutik ezagutzeko aukera izango dute, eta gero Gernikara abiatuko dira Batzar Etxea bisitatzeko.

Europako Demokraten Institutua (IED)

Europako Demokraten Institutua (IED) egoitza Bruselan duen irabazi-asmorik gabeko think tank politikoa da, Europako Parlamentuaren zuzeneko finantzaketari esker ikerketa politiko eta kulturalean diharduena. IEDk askotariko jarduerak sustatzen ditu, azterlanak eta analisiak, tailerrak eta hitzaldi publikoak barne, Europar Batasunean eztabaida politikoa sustatzeko asmoz.

Ikerketaren arloan, IEDk Europako zein nazioarteko hainbat fundazio, unibertsitate eta ikerketa-erakunderekin batera lan egiten du, batez ere EBko Atzerriko eta Segurtasuneko Politika Erkidea, Auzotasun Politika eta Europar Batasunaren eta munduko arlo estrategiko berrien arteko harreman politikoak ardatz dituzten gaien inguruan.

06/11/2022