Navarra

Europako Ondare Jardunaldiak Iruritan, Arizkunen eta Urdazubin

Ondoko egunetan hitzordu desberdinak izanen dira
Iruritako Dorrea jauregia bisitatzeko aukera izanen da igande honetan.

Irailaren 23tik urriaren 2ra arte Europako Ondare Jardunaldiak ospatuko dira, eta aurten Ondare iraunkorra lelopean garatuko dira. Bertze hainbat herrialdetan bezala, Nafarroan ere ekimen ugari antolatu dira jardunaldi hauei lotuta, eta gure eskualdean ere hitzordu desberdinak izanen dira aukeran, Iruritan, Arizkunen eta Urdazubin.

Baztango Udalak antolatua, larunbat honetan, Cesareo Soule harginaren tailerrera bisita gidatua eginen dute, Arizkungo Bozate auzoan. Bi bisita izanen dira; 11.00etan euskaraz eta 12.30ean gaztelaniaz.

Igandean, berriz, Iruritako Dorrea jauregira eginen dituzte bisitak, 11.00etan euskaraz eta 12.30ean gaztelaniaz. Bisitak doakoak izanen dira eta plaza mugatuak direnez, interesa dutenek 948 581 279 telefonoan edo kultura@baztan.eus helbidean eman dezakete izena.

Urdazubin ere hainbat ekintza antolatu dituzte ondareari lotuta. Larunbat honetan, Berroberria-Alkerdi-Zelaieta gune karstikora, Nafarroan dagoen labar-arte paleolitikoko santutegi bakarrera, ateraldia antolatu dute. Paleolitikoko emakume eta gizonek beren paretetan grabatutako fauna ikusi ahal izanen da. Gainera, leizeak sortu zireneko koral-arrezifearen geologia ere bisitatuko dute. Vianako Printzea Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatutako hitzordua 10.30ean da herriko plaza. Handik abiatuko dute ateraldia eta parte hartzaileei mendiko oinetakoak eta esku-argi bat eramatea eskatzen zaie. Ez dira hor bukatuko Xaretako herriko ekimenak, igandean, doako magia ikuskizuna izanen da Trikuharry parkean, 18.00etan; eta heldu den astean, irailaren 30ean, Salbatore monasterioko museoa ikusteko aukera izanen da, Otxondo Evenementsek antolatutako doako bisiten bidez. XI. mendetik aitzinera herriaren eta monasterioaren historia kontatzen duen museorako bisitak 14.00etan eta 18.30etan izanen dira.

24/09/2022