Gustuko ditut formatu handiko liburuak, batez ere irudi eta infografia interesgarriz beterik dauden horiek. Europari buruzko bat iritsi zitzaidan nire eskuetara. Bertan, kontinente zaharra deiturikoaren barneko gatazkak, demografia, egoera ekonomiko eta beste hamaika irizpideren arabera koloreztatutako mapak ageri ziren. Egungo hitzarmenei buruzko atal mardula zuen: Europar Batasuna, Schengen eremua, Eurogunea… Herrialde batzuk kolore bizian margotuak ageri ziren, lotura horietatik kanpo daudenak aldiz kolore grisean. Bitxia da ikustea nola kontinentearen mendebaldean herrialde gehientsuenek hitzarmen edo bilkura guztietan parte hartzen duten eta ekialderantz joanez gero batzuetan bai eta besteetan ez tartekatuz, ortzadarraren koloreak grisean amaitzen diren beti. Nire begirada erakarri zuena zera izan zen baina, herrialde guztiek dutela bere partaidetza hitzarmenen batean, baina badela bat beti, beti, grisez ageri dena. Europako zuloa. Hala deitu nion neure buruan Serbiari, eta hala piztu zen bertara joateko gogoa. Nire begiekin ikustera joanez gero, grisari ea zein kolore gailenduko zitzaion jakin nahi nuen.
Urtaro batzuk igaro dira liburu hura apal batera itzuli nuenetik eta azkenean heldu da mapetako hutsuneari pintzelkada batzuk emateko unea. Bulgariatik sartu naiz pedal kolpeka Serbiara, aurrez Grezian kilometro batzuk pilatu ostean. Europako hitzarmen gehienetatik kanpo egoteak piztu zuen nire jakin-mina Serbiarekiko eta bidaia antolatzen ari nintzela pixkanaka handituz joan zen irrika. Bidaia-asegurua egiten ari nintzela Europako estaldura poliza kontratatzekoan nengoen, baina Serbiatik igaro behar nintzela adieraztean mundu mailako estaldura behar nuela adierazi zidaten. Europaren barneko benetako zulo bat da Serbia!
Udazkeneko giro ederrarekin egin ahal izan ditut lehen kilometroak herrialdean. Pirot izeneko hirira iristean zerua iluntzen hasi da eta nire ibilbidea gorabeheratsu bihurtu da. Bidaia honen aitzakia Serbia ezagutzea izan bada ere, ez dut apenas antolatu ibilbidea eta ez dut batere garbi nondik joko dudan ezta zer ikusiko dudan. Herrialdea ezagutu nahi dut besterik gabe, nola bizi diren ikusi, jendearekin berriketa pixka bat egin eta datorrena datorrela.
Berriketa egitearena nahiko azkar baztertu dut, izan ere ez dut pertsona bat bera ere topatu ingelesezko hitz pare bat dakizkiena. Eurak ea errusiera dakidan galdetzen didate -Russki?- eta nik serbieraz dakidan hitz bakarraz erantzuten diet -Ne-, ezetz alegia. Traktore txikiren bat ikusten da noizean behin, atzeko organ nekazariak garraiatzen gehienetan, baina artoaren uzta taldeetan eta eskuz jasotzen ikusi ditut. Nire presentziaz ohartzen direnean, bizkar tolestuak zuzendu eta irribarre batez eta eskuan duten igitaia astinduz agurtzen naute. Komunismo garaiko propaganda poster bat dirudi. Goizak fresko eta heze, arratsaldeak eguzkitsu eta bero, halako giroan igaro ditut pare bat egun piper gorriz jantzitako baserriak ikusiz eta paisaia berdeak gurutzatuz.
Morava handia ibaiarekin egin dut topo, Serbiaren bizkarrezurra. Hegoaldetik iparraldera isuriz, herrialde erdiaren jabe da, Belgrado inguruan Danubioren gorentasunarekin elkartzen den arte. Bidegurutze batean apur bat galduta, mapa zabaldu dut petril batean. Nire ondotik ile-motots luze eta iluna duen gazte bat igaro da bizikletaz. Nigan iltzatu ditu begiak, eta bizikleta urruntzen doan heinean, bere lepoa atzerantz bihurritzen ari da, geroz eta gehiago. Eskuaz keinu bat egin diot eta nire alboan agertu da berehala, a ze sprinta! Milan du izena, zorionez ingelesez moldatzen da eta nire norabidean dagoen herrixka batean bizi da. Elkarrekin joatea proposatu dit eta gustura egin dugu bidea berriketan. Niš hirian ikasten du, herrialdeko hirugarren hiri handienean, eta egunero egiten ditu bertara iristeko dauzkan 20 km-ak bizikletaz, sasoi onean dago beraz. Bere etxera gonbidatu nau, eta nola bizi diren ikusteko aukera ona iruditu zait. Sartu bezain laster ea gosea dudan galdetu eta zuzenean arraina eskaini dit, fish. Egia esan nire kanpin dendan, ez dut inoiz arrainik prestatzen eta eskertzen da menu aldaketa. Sardina lata batekin agertu da. Fish. Egongelan eseri gara, arraina irentsi bitartean telebista ikusteko. Zuzenean telebista-kanalak aldatzen hasi da azkar azkar nahi zuena topatu arte, telenobela venezuelar bat. Nik entzunez ulertzen dut, berak azpitituluak irakurriz. Minutu batzuetako isilunearen ostean elkarri aitortu diogu ez zaigula gustatzen eta telebista itzali dugu.
Lagun berriari agur esateko unea iritsi da. Bere ibilbide gustukoenak zeintzuk diren esan eta bostekoa eman diogu elkarri, zorte ona opaz bidaian, ikasketetan eta bizitzan. Serbia zulo gris baten moduan agertzen da mapetan, baina pixka bat arakatuta erraz topatzen da kolorea eKolormaten dion jende interesgarria. Ea, ea zer gehiago eskaintzen didan Europako balizko zuloak...