Belar goxoan botata dauden gorputz lasaiak daude nire inguruan, baina ni dardarka nago, gorputza zurrundua. Belgradez gozatzen ari diren hiritarrak ikusten ditut, hirirako sarrera sufritu duen txirrindulari baten begietatik. Hirira goiz iristeko asmoa nuen, baina azkenean, arratsaldeko bostetan erori naiz Belgraden sarean. Hau da hau trafikoa! Hau da hau txirrindularientzako tranpa! Espaloiak agertu eta desagertu, estolda-zuloak agertu eta berriz ere agertu, eta kamioiak pasa eta pasa. Gertu gainera, oso gertu.
Kalemedgan parkeko giro atseginari esker nire giharren tentsioa baretzen hasi da. Hiriaren sorrera eta bihotz historikoa den izen bereko gotorlekura jende andana hurbiltzen ari da urriko arratsalde bero honetan. Bere kokalekuak, Sava eta Danubio ibaien elkarguneko muino batean, ezin hobea egiten du aurrean duen paisaia kontrolatzeko. Ez da harritzekoa puntu hauxe bera bihurtu izana Europan egon diren bi inperio handiren arteko dema plaza. Historiako une batean Kalemedgan izan zen Otomandar inperioaren azken ertza, Sava ibaiaren beste aldean dagoen Zemun-eko Gardoš dorrean Austria-Hungariako inperioaren bandera dantzan zebilen bitartean.
Tren geltoki ondoan topatu ohi diren ostatu xelebre horietako batean bizikleta gorde, dutxa on bat hartu eta kalera atera naiz. Nekatua nagoenez, ez dut gogorik turista arakatzailearen paperean sartzeko eta zuzenean Skadarlija kale famatura joan naiz, hiriaren alderdi bohemiora. Artista gutxi ikusi ditut, baina turistak, jatetxe garestitxoak eta koloretako koktelak prestatzen dituzten taberna modernoak bata bestearen atzetik.
Goiz esnatu naiz ostatuko jabeak hala gomendatuta, Belgradeko ihesean sarreran baino trafiko gutxiago topatzeko asmoz. Irten aurretik Balkanak hitzaren jatorria azaldu dit. Dirudienez bi hitzez osatua dago, batak eztia esan nahi du eta besteak odola, inguru horiek historian zehar bizi izan dituzten garai bortitz eta gozoen erakusgarri. Ez dut inoiz etimologia hori berretsi ahal izan, baina sinesgarria ala ez, polita da bere horretan.
Danubio ibaia gurutzatzen duen zubia ziztu bizian igaro eta beste aldera iritsi eta begirada errepidetik altxatzean, zerbaiten falta sumatu dut. Non daude mendiak? Non daude orain arte izterrak berotzen zizkidaten malda pikoak? Akabo, Panoniako ordokian sartu naiz, Erdialdeko Europako lautada zabalean. Noizbait itsaso bat izan zen ingurune hau, bizikletan aspertu arte pedalei eragiteko arto soroz beteriko parajea da egun. Urrun geratu dira Serbia hegoaldeko nekazari txikien eskuzko uzta jasotzeak eta gurdiak. Hemen tarteka-marteka errepidea bera baino zabalagoak diren uzta biltzeko makina erraldoiak ageri dira. Paisaiaren monotoniarekin kontrastean, gurutzatzen ari naizen Voivodina eskualdea etnia ugariz eta sei hizkuntza ofizialen nahasketaz osaturiko probintzia autonomoa da.
Egun batzuk igaro ditut zerua eta lurra banatzen dituen paisaia hau gurutzatzen eta iritsi da hurrengo herrialdera jauzi egiteko unea. Serbia nuen bidaia honetako helburu nagusia, Europako mapetan hutsune bat izan ohi delako, zulo bat, beste herrialdeekin alderatuta jokoz kanpo dagoen jolaskide bat. Bertatik bertara gurutzatzean aldiz, jende xumea, eskuzabala, xelebrea eta pipertua topatu dut, leku guztietan bezala, alegia. Eskuartean dudan maparen arabera, muga-postu txiki bat dago ipar-ekialderantz, Bajmok herriaren ondoan. Bertatik igaroko naiz Hungariara.
Mugako bi etxola txikietara iristean, siestatik esnatu ditudan hiru polizia gerturatu dira. Nire pasaportea hartu, garitara eraman eta "problem, problem" batekin itzuli dira. Dirudienez muga-postu hori soilik serbiarrak eta hungariarrak gurutzatu dezakete. Subotikako pasagunera joan behar naizela esan didate, hemendik 50 kilometrora. Saiatu naiz azaltzen trastez lepo daraman bizikletarekin kilometro horiek ez direla hogei minutuko kontua, baina eurak ezetz eta ezetz.
Umore txarrez, eta haizea kontra gainera, ilunabarrean iritsi naiz berriz mugara. Ilara itxaron, pasaportea eman eta berriz "problem". Ai ama, ezin naizela zulo honetatik atera! Ingelesezko azterketa bat balitz bezala polizia guztiekin elkarrizketa bat izaten saiatu ostean, speaking-a gainditu duen bakarrak esan dit nire pasaporteak Serbiako irteerako zigilua duela, baina sarrerakorik ez, hortaz ilegalki nagoela herrialdean. Muga-postu txikiko sasikume horiek irteerako zigilua jarri didate, baina pasatzen utzi ez. Kabroi halakoak!
Kristoren auto ilara sortu da nire atzean, eta beste aldera igaro nahian dauden gidari batzuk marmarka daude. Poliziek alde batera mugi nadin esaten didate, baina ni tinko nire lekuan. Ilara luzearen presioa da nire alde dudan arma bakarra. Azkenean, Serbia eta Europar Batasunaren arteko muga oztopatzen duen txirrindulariari pasoa eman diote, eta horrela utzi dut atzean Serbia, irtetea kosta daitekeen zulo bat denaren aho-zapore arraroarekin. Eztia eta odol nahasiaren zaporea ote?