Polideportivo

European League: Hirugarren postuari eutsi asmoz

Bidasoak iragan astean Artalekun jipoitu zuen Eurofarm Pelisterri egingo dio bisita (20.45)
Bidasoak Eurofarm taldearen kontrako itzulera partida jokatuko du gaur.

Asobalen hala moduz eta Europan bikain dabilen Bidasoa Irunek gaur jokatuko du (20.45ean) Normacedoniako Bitola herrian, Eurofarm Pelisterren aurka, European Leagueko bere multzoko hirugarren postuari eutsi asmoz, posizio eder hori kentzeko aurkari nagusiaren etxean.

Irundarrak aste berean bi aurpegi oso ezberdin eskaintzen dabiltza azkenaldia; Europan jarrera lehiakorra, distiratsua eta arrakastatsua erakutsi dute, eta ligan berriz, porrotak etengabe pilatzen euren joan-etorrietan, azkena joan den asteburuan Puente Genilen.

Jacobo Cuetara bolada hori iraultzeko gauza izaten ez bada, emaitzarik logikoena porrota izango litzateke, ezin ahaztu ordea, joan den asteartean Irunen jokatutako joaneko partidan gipuzkoarrek eroso menperatu zituztela mazedoniarrak hamabi goleko aldearekin (32-20).

Markagailu zabal hori aldeko izango luke Bidasoak berdinketa gertatuz gero, bien artean jokoan beharko lituzketelako final-zortzirenetarako txartela ematen duten hirugarren eta laugarren postuak; horretarako, ordea, aurkariak dagoeneko egin duen legez eta orain arteko emaitzen logikari jarraituz, talde horiak etxetik kanpo irabazi egin beharko lieke Motor ukrainarrari eta Aguas Santas portugaldarrari.

Ez dute Bidasotarrek batere giro gozorik topatuko Boro Curlevski pabiloian, puntuak etxean geratzearen alde arituko diren 2.000 zale sutsu elkartu ohi direlako batez beste. Duela hiru urte Bidasoak porrota jaso zuen, egungo aurkariaren aitzindari izandako Eurofarm Rabotniken aurka.

Rodrigo Salinas ez da talde gipuzkoarrarekin bidaiatu, dagoeneko taldearen entrenamendu-dinamikan hasi arren, urtarrileko Suediako eta Poloniako munduko txapelketen ostean itzuliko delako kantxetara.

14/12/2022