Actualidad

.eus domeinuak indarra hartzen du euskaldunen artean

Majestic SEO analitika enpresa ospetsuak munduko lehen milioi webgune erreferentziatuenak zerrendatu ditu beraien rankinean
Cartel publicitario del dominio .eus.

GASTEIZ – Euskal .eus domeinua indarra hartzen ari da, eta euskal enpresetan eta webguneetan gehien erabiltzen den domeinuetako bat da. Hala ere, haren ospea haratago doa, eta, gaur egun, nazioarteko zenbait ikerketak frogatu dute .com ezaguna bezain segurua eta fidagarria dela.

Horrela, eta ildo beretik, Majestic SEO Internet munduan dagoen ranking ezagunenetakoa da eta bertan munduko webgune erreferentziatuenak zerrendatzen dira. Duela urte batzuk Majestic One Million izeneko atala sortu zuten, rankineko lehen milioi webak ikusi ahal izateko helburuarekin. Zerrenda horren lehen postuetan munduko webgune garrantzitsuenak aurki daitezke, besteak beste, Google, Facebook, YouTube, Twitter eta Instagram. Majestic analitika zerbitzuak, SEO edo webguneen posizionameduan lan egiten du eta horren arabera egiten ditu sailkapenak. Berriki argitaratu den eta egunero eguneratzen den zerrenda horren arabera, euskal domeinu honi buruzko datu garrantzitsuak eskaintzen dira.

Hain zuzen, azterketa honetan bilaketa-motorren kokapena neurtzen da. Eta agerian geratu da .eus domeinua gehien erabiltzen den domeinuetako baten rankingean dagoela. “Nabarmentzekoa da egunero eguneratzen den ranking honetan .eusek duen presentzia. Horrek, domeinuaren inguruko datu oso interesgarriak ematen ditu, izan ere, .eus diren 85 webgune agertzen dira munduko milioi erabilienen rankinean”, azaldu dute.

NOTICIAS TALDEA, LEHEN TOKIETAN

Zein dira .eus domeinuan gehien erabiltzen diren orriak? Azpimarratzekoa da, txosten beraren arabera, deia.eus domeinua bisita gehien izan dituenetako bat dela, zerrenda honen barruan, eta baita ere NOTICIAS DE GIPUZKOA.

“Lehena, euskadi.eus izango litzateke eta mundu mailako 10.017. lekuan aurki daiteke; ondoren, ehu.eus agertzen da 11.056. posizioan; eta, atzetik, eitb.eus (17.215), guggenheim-bilbao.eus (20.823) eta deia.eus (28.528 posizioan) ikus daitezke”, zehaztu dutenez. Horiek bost lehenenegoak. NOTICIAS DE GIPUZKOA-k zortzigarren tokia eskuratu du .eus unibertsoan. Athletic eta Realaren webn aurretik eta baita Gipuzkoako Aldundiarenaren aurretik.

“Ranking honek argi adierazten du .eusek SEO aldetik ongi funtzionatzen duela. Majestic SEOren rankinean dagoen .eus webguneen kopuruak hala adierazten du” azpimarratu du Josu Waliñok, Puntueus Fundazioko zuzendariak. Datuen arabera, egun, sarean 13.300 .eus domeinu eta 161.300.000 .com aurki daitezke, azken hauetatik 497.503 daude Majestic One Millionen rankinean, %0,31 hain zuzen ere. Proportzioan .EUSen askoz domeinu gehiago erreparatu daitezke rankinean (% 0,65) .comenak baino. “Ezin gara modu absolutuan konparatu .comekin. Haiek 161 milioi domeinu dituzte eta, horietatik ia 500.000 Majestic-en dituzte, baina proportzionalki, bai”, baloratu du. “Proportzionalki, .eus erabiltzen duten webgune kopuru gehiago dago Majestic-en kalitate handieneko rankinean sartuta .com eta besteen kasuan baino.

Ondorioz, .eus domeinua SEO aldetik .com bezain ona eta segurua dela esan dezakegu”, azaldu du Waliñok. GeoTLDek osatzen duten munduko domeinu geografiko eta komunitarioen kasuan, .eus bere antzeko domeinuekin parekatu daiteke. Gaur egun, 69 GeoTLD daude munduan, horien artean .cat, .scot edo .berlin bezalakoak. Hauen artean .eusek posizio ona du, Majestic rankinean bosgarren tokia hartuz. “Horrek adierazten du .EUS domeinua erabiltzen duten webguneen kalitate maila handia dela”, dio Waliñok.

Majestic SEOren gainean, Fundaziotik azaldu dutenez, “Majestic SEOk web orri baten posizionamenduari buruzko eremu posible guztiak kontrolatzen ditu. Horrez gain, ezinbestekoa da backlinking estrategia perfektu bat lortzeko, izan ere, ia mundu osoko loturei buruzko informazioa biltzeko gaitasuna baidu. SEO estrategiak lantzearekin zerikusia duen guztia errazten du eta eremu horretan ezin hobeto funtzionatzen du. Azken finean, web bateko bisita-kopurua hobetzea ere lortzen du”. l

Etiquetas
30/07/2022