Zinema izango da protagonista bihartik ostiralera bitartean Huhezinemaren eskutik. Euskal Film laburren jaialdiaren hamaseigarren edizioak betiko espirituari eutsita, berrikuntzekin eta publiko guztiari zuzendutako egitarauarekin ere badator. Aretxabaletako Arkupe kultur etxeko pantaila handian proiekzioak ikusteko aukera izango da, baina aretoko jarduerez haratago, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek antolatzen duten lehiaketak kaleetara ere eramango ditu hainbat ekintza.
Hiru sailekin osatu dute jaialdia eta, guztira, 84 lan jaso dituzte; horietatik, 32 iritsi dira finalera. “Lan handia izan dugu aukeraketa egiterakoan”, baieztatu dute antolatzaileek. Sail Ofizialean 10 film lehiatuko dira. “Eskarmentu handiko sortzaileen lanak eta hasiberrienak uztartu ditugu. Esaterako, Esti Urresolaren Cuerdas film laburra dago, Goya sarietarako izendatua”, zehaztu dute. Aurkezpena ostiralean egingo dute, 14.30etik aurrera.
Ikasle Sailean, aldiz, euskal zinema eskola guztiei zabaldu diete aurtengo deialdia. Kasu honetan, hitzordua bihar izango da 15.00etan (beste 10 film arituko dira lehian), eta ondoren, 18.30ean, Bideoklip atalaren txanda iritsiko da (12 lan sailkatu dira).
beste ekintza batzuk
Beraz, bihar ekingo diote jaialdiari, Kurtzebarri Eskolako ikasleei eskainitako Orkestra Lurtarra pelikularekin. Hurrengo egunean bikoizketaren munduan murgilduko dira eta, horretarako, Arantxa Moñux eta Ane Aseginolaza aktoreak gonbidatu dituzte. Ostegunean ere, Oñatiko gaztetxe mugimendua ardatz duen Mari erdimetraia proiektatuko dute (18.00etan).
Ekitaldi nagusia ostiralean izango da, 19.00etan hasita. Sari Ofizialeko sariak banatzeaz gain, Mundukide, Vertigo eta, lehenengoz, Senior (erretiratuz osatutako epaimahai batek erabakitzen duena) sariak emango dituzte. Jaialdia borobiltzeko, ElektroPottotte txaranga kaleetan zehar ibiliko da (21.30), eta Dj Julenek giroa jarriko du Ezkutu tabernan.