zumaia – Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren jardunaldia Zumaian izango da aurten. Euskal Herri osoko Haur Hezkuntzako hezitzaileak Zumaiena ikastetxean elkartuko dira larunbatean, 0-6 urte bitarteko haurren pantailen erabileraz haunsartzeko.
"Hainbat ezitzaile eta profesionalek beren egonezina eta beharra adierazi digute pantailen inguruan, eta aurten gaiari eustea erabaki dugu", azaldu zuen Mikel Agirrezabala Hik Hasi egitasmoko ordezkariak. Jardunaldiaren helburua, gaiaren inguruan "informazioa eman, hausnartu eta gogoeta sortzea da".
Hala, punta puntako adituak ekarriko dituzte Zumaiara. Hiru hitzaldi izango dira guztira: Lehen hitzaldia, Anna Ramis kataluniarrak eskainiko du: Zer zentzu dute pantailek Haur Hezkuntzan? izenburupean. Hezi-tzailea, pedagogoa eta pantailekiko mendekotasun goiztiarrean aditua da Ramis.
Bigarren hitzaldia, Alvaro Beñaran Pedagogia Terapeutikoan lizentziatua eta Asefopeko (Praktika Psikomotorreko Eskolen Europako Elkartea) prestatzailea eta lehendakariaren esku egongo da. 0-6 urteko haurrek badituzte baliabide psikiko egokiak pantailen aurrean aritzeko eta hor jasotzen dutena kudeatzeko? izenburua jarri dio hitzaldiari.
Azken hitzaldia, berriz, Amaia Arroyo Sagastak emango du. Komunikazioan eta Hezkuntzan doktorea eta teknologia digitaletan espezializatutako Hezkuntza Bereziko irakaslea eta ikertzailea da Huhezin. Pantailak 0-6 adin tartean: gidaritza digitalaren beharra azalarazten. Hortik abiatuta eskainiko du saioa.
Online zein presentzialki jarraitu ahal izango da jardunaldia, eta bi kasuetan beharrezkoa izango da aurrez izena ematea www.hikhasi.eus webgunean. 60 euroko kostua izango du matrikulak, baina Zumaian lan edo bertan bizi diren hezitzaileak doan parte hartu ahal izango dute.