Vida y estilo

“Euskal Herrian badaukagu izugarrizko erreferente bat, eta hori Eulalia da”

Enrique Reyk eta Ainhoa Urgoitiak ‘Norberaren gela’ dokumentalean Eulalia de Abaituaren obra landu zuten
Argazkiak: Enrique Reyk eta Ainhoa Urgoitiak ‘Norberaren gela’ dokumentalean Eulalia de Abaituaren obra landu dute / Utzita

Enrique Reyk eta Ainhoa Urgoitiak Norberaren gela dokumentala 2021. urtean aurkeztu zuten. Bitart New Media ekoizpen-etxearekin batera egin zuten, eta Bizkaiko Diputazioaren dokumentalak ekoizteko diru-laguntzarekin egin zuten. Horren bidez, Eulalia de Abaitua argazkilariaren figura landu zuten.

Hasieran, argazkilaritzaren inguruko dokumental bat egin nahi zuten, baina dokumentazio lana egiten zuten bitartean, ezagutzen zituzten argazki batzuekin egin zuten topo. Esan bezala, argazkiak ezagutzen zituzten, baina ez argazki horien egiletza. Hor irakurri zuten lehen aldiz Eulalia de Abaituaren izena.

Dokumentalean, modu ohiko batean autore baten biografia landu beharrean, eskakizun berezi bat egin zioten hainbat argazkilariei: Eulalia de Abaituaren obraren argazki bat aukeratu eta horren berrinterpretazioa egin. Horrela, Erika Barahona, Maied Urrutia, Elssie Ansareo, José Pablo Arriaga eta Aitziber Orkolaga proiektu propio bat egiteko enkargua jaso zuten, Eulalia de Abaituaren lanaren argazki batetik abiatuta.

Nola deskribatuko zenuke zuk Eulalia de Abaitua?

Eulalia de Abaitua XX. mende hasieran ezagutzera eman zen argazkilaria izan zen. Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria da, alegia. Izan daiteke bera baino lehen beste bat egon izana, baina ez dugu datu hori ezagutzen, eta ez ditugu bere argazkiak aurkitu, beraz, Eulalia de Abaitua da gure lehenengo argazkilaria momentura arte. XX. mendeko lehen argazkilaria da. Nik azpimarratuko nuke bere lana fantasia bat dela. Niretzat bera da erreferente handienetarikoa.

Nola izan zenuen bere lanaren berri?

Nik hasieran ez nuen bere lana ezagutzen, argazkigintzaren munduko lan bat prestatzen geunden eta bat batean bere izena aurkitu genuen. Enrique Rey eta biok argazkilaritzaren mundutik gatoz, eta bere argazkiak ezagutzen genituen, baina ez genekien norena zen egiletza. Ez genekien bere izena ezta emakume bat zenik ere.

Zergatik hartzen du hainbeste garrantzia bere obrak?

Alde batetik, garai hartako bizimoduaren isla bat delako. Bereziki, emakumeen bizimoduaren isla. Eulalia de Abaituaren obrak emakumearekin eta lanbideekin zerikusi handia du. Nola bizi ziren, zer-nolako lanbideak zeuden garai hartan, zein zen emakumeen benetako papera… Badirudi emakumeak etxean egoten zirela garai horretan, baina Eulalia de Abaituaren argazkien bidez emakumeek lanak ere aldarrikatu ahal dira. Bere argazkietan hori islatzen da, eta ikerketa soziologiko baten antza hartzen du bere obrak. Garai horretako erretratu bat da, bere argazkien bidez erretratu hori eraiki ahal dugu. Berak emakumeen presentzia eta duintasuna aldarrikatzen du bere lanean, eta hori ez zuten askok egin. Argazkiak ez ezik, garrantzitsua da nola begiratzen zituen berak emakume horiek.

Zertan ezberdintzen da bere begiratzeko modu hori besteengan?

Konplizitatean. Garai horretan imajinatu emakume burges bat, bere kamara erraldoiarekin, hortik joaten emakume langileei erretratuak egiten. Lortzen duen konplizitatea, emakume horiek nola begiratzen duten kamerara, ze lasai dauden bere inguruko etxeetan, baserrietan, lanetan… Nola lortzen duen hori islatzea, izugarria da. Badirudi lan erraza dela, baina atzetik lan asko dago. Berak badaki aurrean emakume bat daukala, eta badaki zelan lortu bere konplizitatea, ikusten da lortzen duela konfiantza hori. Erretratuen atzeko irudi bat show bat izan behar zen: izugarrizko tamainako kamera batekin, emakume bat beste emakume bati argazkiak ateratzen…

Eulaliaren lanak bere klase sozialarekin zerikusia zuen?

Bai, gaur egun argazkiak demokratizatu dira, baina garai horretan ez. Artikulu batean irakurri nuen Eulalia de Abaituak dirua zeukala. Bai, emakume hau dirua zeukan, honek eta beste askok, baina bakarrik berak egin zuen egin zuena. Gogoratu behar dugu hau ez zela bere lana, ez zen bere ogibidea, ez zen argazkilari profesionala. Pasioa sentitzen zuen eta diruak aukera eman zion bere pasioa zena egiteko. Gaztea zenean Londresera joan zen eta hor argazkilaritza deskubritu zuen, eta momentu horretatik aurrera erabaki zuen argazkilaritzan arituko zela. Beste askok zeukaten diruarekin ez zuten bide hori aukeratu, eta berak bere dirua horretara bideratu zuen.

Emakumea da, eta horregatik “lehen emakume argazkilaria” ezizenez ezagutzen dugu. Baina lorpen horretaz harago, bere kalitatearengatik ere mugarri izan zen bere obra, ezta?

Nik goraipatzen dut Eulalia de Abaituaren lana oso indartsua delako sozialki. Garai horretako ikerketa bat egiten baduzu, bere argazkiekin topo egingo duzu eta oso baliagarriak izango dira. Lana bi arrazoiengatik goraipatzen dut: erreferenteak behar ditugulako, eta aldarrikatu behar ditugulako, eta beste alde batetik, pasioa eta izugarrizko kalitatea dagoelako bere obran. Utzitako obra ikaragarria da, nola ez dugu aldarrikatuko? Emakumea da, euskalduna da, eta, gainera, horretaz aparte, izugarrizko trebezia izan zuen. Aldarrikatu, zaindu eta zabaldu behar dugu bere lana denon eskuetan egoteko.

Erretratuak, hiria, emakumeak… Zein izan zen bere gai nagusia?

Berez… Emakumeen erretratuak dira nagusi. Baita ere bidaiak, zenbait bidai egin zituelako, baita ere burgesiaren giroaren argazkiak… Baina gai garrantzitsuena emakumeen erretratuak izan ziren. Horien bidez, beren errealitatea ikustarazi zuen, eta horregatik garai bateko erretratua erakutsi zuela esan dezakegu, baina gai nagusia emakumeak izan ziren. Nire ustez, Eulalia de Abaituak lortu zuen emakume langileak alor publikora ateratzea eta lan horiei duintasuna ematea. Baserrian lan egiten zuten emakumeek, sardina-saltzaileek, arrantzaleek… giro horretan egin zuten lan. Gure bazterretako lanei duintasuna ematea lortu zuen, emakumeek zer-nolako ogibideak zituzten erakutsi zuen. Emakumeak etxeko barnealdetik kanpora atera zituen bere obraren bidez. Arlo pribatutik publikora atera zituen.

Esan genezake bere lanari esker hitz egin ahal dugula emakume langilearen rolaren inguruan?

Niretzat ekarpen oso garrantzitsua egin zuen Eulalia de Abaituak. Agian ezagutzen dugu Eulalia lan horregatik, emakume langileei leku bat eman zielako. Azaldu egin zigun emakume horiek kolektiboki nortzuk ziren bere lanaren bidez. Esan dudan bezala, emakumea izan zen bere obraren gai nagusia, baina ere kaleak agertzen ziren, gizartea, Bizkaiko paisaiak eta Bilbokoak ere… Horregatik garaiko erretratua sortu ahal dugu, bere obra anitza eta oso soziala izan zelako.

Argazkilaritzan ez ezik, beste arlo batzuetan ekarpena egin zuen Eulalia de Abaituak?

Hori ezin dugu jakin… Ez zuen ezer idatzita utzi, bakarrik bere argazkiak aurkitu dira. Beraz, ez dakigu zerbait gehiago egin zuen, ez dago dokumentu idatzirik… Normalean jendeak zerbait uzten du idatzita, baina beraren inguruan ez da ezer aurkitu, ez dakigu beste gauzaren batean aritu zen edo ez.

Noizbait bere senarraren izenarekin sinatu zituen argazkiak?

Ez, ez zituen sinatu. Berak bere senarraren laguntza izan zuen, eta garai hartako begiekin ikusi behar ditugu gauzak. Etxean estudio bat zeukan Eulalia de Abaituak, izan zituen etxe ezberdinetan beti estudio bat muntatzen zuen. Bere senarra beti bere ondoan aritu zen, parte hartzen zuen argazkietan, joko horietaz disfrutatzen zuen. Familia osoa murgildu zen argazkilaritzan. Nik uste dut familiak Eulalia de Abaituak egiten zuenarekin disfrutatzen zuela. Oso garrantzitsua da garai horretako gizon bat bere emakumearen pasio horri laguntza eskaini izana.

Nahiz eta etxean ez zuen oztoporik izan, garai horretan ez zen oso ohikoa Eulalia de Abaituaren aktibitatea, ezta?

Nik uste dut jendeak oso ondo hartu zuela Eulalia de Abaituaren lana. Berak bazituen alde batetik bere inguruko ezaguna, eta haiei ere erretratuak egiten zizkien. Horrela irabazi zuen haien oniritzia. Beste alde batetik, garaiko Bilboko argazkiak ateratzen zituen, langileei ere, eta oso onartua izan zen bere lana. Eulalia de Abaituak izugarrizko obra ekoitzi zuen, eta hori ezin duzu lortu jendea ez bada zure lanera lotzen.

Zure kasuan, Ainhoa, interes pertsonal batetik dator Norberaren gela dokumentala, baina helburu pedagogikoa ere badauka, ezta?

Bai. Beharrezkoak dira erreferenteak. Euskal Herrian badaukagu izugarrizko erreferente bat, eta hori Eulalia da. 1900. urteko emakume argazkilari bakarra izanda, ikasi behar dugu bere obra, zabaldu behar dugu, dibulgatu. Guztion esku utzi behar ditugu bere argazkiak, azken finean, gure altxor nagusietako bat da, gure bizitzaren isla, antzinako bizitzaren isla. Instituzioei eskatu behar zaie lan hau ez ateratzea bakarrik martxoaren 8an, etengabeko lan bat egitea eskatu behar zaie. Madrileko festibal batean, proiekzioa bukatu zenean, Galiziako gazte batzuk hurbildu ziren esatera orain haiek Galiziako lehen argazkilaria nor izan zen jakin nahi zutela. Hori izugarrizkoa da… Lan guzti horiek berreskuratzea oso polita da, eta instituzioek bere lana egin behar dute lan horiek ez galtzeko.

05/10/2024