Actualidad

Euskal Herriko Unibertsitateak bat egingo du Zientzia Astearekin

Euskal Herriko Unibertsitateak bat egingo du Zientzia Astearekin

Urtero bezala, Euskal Herriko Unibertsitateak bat egingo du aste honetan hasiko den Zientzia Astea ekimenarekin. Aurtengo egoitza nagusiak Bilbo, Barakaldo, Gasteiz eta Donostia izango dira.

Zientzia Asteak eskaintza paregabea prestatu du; hain zuzen, doako 200 jarduera baino gehiagotan parte hartzeko aukera egongo da. Askotariko ekintzak antolatu dira: ikastetxeentzako bisitaldiak, txoko zientifikoak, tailerrak, irteera didaktikoak, hitzaldiak, lehiaketak eta dibulgazio ikuskizunak, hala nola Zientzia Club ikuskizuna. Hori guztia euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzeko asmoz.

Gaur, osteguna, azaroak 3, ireki da ikastetxeentzako eta publiko orokorrentzako izen-emate epea, UPV/EHUren XXII. Zientzia Astean parte hartzeko. Izen ematea Zientzia Astearen webgunean egin behar da. Bertan aurkitu ahal izango da Zientzia Asteari buruzko informazio zabala ere. Erreserbak egiteko hurrenkera kontuan hartuko da.

Egoitzetan, txokoak egongo dira eta ikastetxeetarako ibilbide pedagogikoak antolatuko dira. Ibilbide horietan, txokoetako adituek gidatutako esperimentuak, jolasak, erakustaldiak eta abar garatuko dira euskaraz eta gaztelaniaz, modu erraz, entretenigarri eta ulergarrian, ikasleak zientzia eta teknologia mundura hurbiltzeko asmoz. Taldeak 15 ikasle baino gutxiagokoak izan behar dira.

DBH eta Batxilergoko ikasleentzako bisitak azaroaren 9, 10 eta 11n egin ahal izango dira Bilbon eta Barakaldon, eta azaroaren 10 eta 11n Donostian eta Vitoria-Gasteizen. Ordutegia honakoa izango da: goizez, 9:30tik 14:00etara; eta arratsaldez, 15:30etatik 17:00etara.

Publiko orokorrak jarduera-programa zabala izango du egoitza guztietan, ordutegi honekin: asteko 17:00etatik aurrera eta asteburuan; larunbatean, hilak 12, 9:30etik aurrera, Bilbon, eta 10:30etik aurrera, Donostian eta Gasteizen; igandean, hilak 13, 9:30etik aurrera, Bilbon, eta 10:00etatik aurrera, Gasteizen. Tailerretan eta ibilbide didaktikoetan soilik eman behar da izena, eta dagoeneko egin daiteke Zientzia Astearen webgunean.

Zientzia Astea ekitaldi ludiko eta pedagogikoa da, eta ekimen honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak gizarteari zientzia hurbildu nahi dio, haren benetako xarma erakutsi eta gazte, heldu eta umeen jakin-mina piztuz. Azaroaren 9tik 13ra bitartean Bilbon, eta Barakaldon egingo da XXII. Zientzia Astea, azaroaren 10etik 12ra Donostian eta azaroaren 10etik 13ra Vitoria-Gasteizen. Bilbon, Bizkaia Aretoan izango da; Barakaldon, Clara Campoamor Zentro Zibikoan; Donostian, Tabakaleran eta Okendo Kultur Etxean eta, Vitoria-Gasteizen, Bibat Museoan.

Euskal Herriko Unibertsitateak Zientzia Astea 2022 antolatu du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin.

06/11/2022