Buscar
Actualidad

Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari batek jaso du Reinhold Baer saria

Iker de las Heras.
Iker de las Heras.

Bi urtean behin AGTA (Advances in Group Theory and Applications) irabazi asmorik gabeko elkarteak eta Aracne argitaletxeak ematen duten Reinhold Baer saria irabazi egin du Euskal Herriko Unibertsitateko Matematika saileko ikerlari Iker de las Herasek.

Aljebra abstraktuko talde-teoriaren esparruan mundu mailan ekarpen handiena egin duen matematikari gazteari ematen zaio aintzatespena. Zehazki, talde-teoriaren arloan, bi urteko epean (2020-2022) doktorego tesi onena defendatzea edo aldizkari zientifiko batean artikulu onena argitaratzea lortu duen pertsonari ematen zaio.

Kasu honetan, De las Herasen "Some topics on finite p-groups and pro-p groups" tesiari eman zaio. Tesia 2017 eta 2020 bitartean garatu zen Gustavo Adolfo Fernández Alcober EHUko irakasle eta ikertzailearen zuzendaritzapean.

Iker de las Heras oso pozik dago, sari honek curriculumean pisu handia izango baitu, “matematika hutsean, beste arlo askotan bezala, ez baita batere erraza laguntzak lortzea, gure lana ez baita behar bezala baloratzen. Tamalez, instituzioek orokorrean (batez ere enpresa pribatuek) garrantzi handiegia ematen diote proiektuek izan dezaketen berehalako eragin ekonomikoari. Ez dakit nire ikerketa esparruak etorkizunean ekarpen ekonomikoak izango dituen), nire proiektuen helburu nagusia ezagutza hutsa baita”. Sari honek, beraz, “oztopo” hori gainditzen lagunduko diola espero du.

De las Heras oso eskertuta dago: “Epaimahaiak nire lana horrela baloratu izanak aurrera egiteko indar eta motibazio handia ematen dit. Besteak beste, uste dut sari hau aukera ona dela UPV/EHUko matematikako ikasleak motibatzeko”.

Iker de las Heras Kerejeta

Ikerlaria UPV/EHUko Matematika Departamentuko eta Groups and Geometry ikerketa taldeko kidea da duela 5 urtetik. Bere ikerketa esparru nagusiak pro-p taldeak, p-talde finituak, hitzezko azpitaldeak eta Hausdorffen dimentsioa dira. Irakasle lanak ere egin izan ditu UPV/EHUn, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola Eibarren, analisi matematikoa eta zenbakizko analisia irakasten.

Momentu honetan Iker de las Heras Alemanian dago, Düsseldorfeko Unibertsitatean, Eusko Jaurlaritzaren doktoratu ondoko beka batekin.

2022-11-17T14:05:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo