Gipuzkoa

Euskal Jai eguna bihar ospatuko da Zarautzen

Euskal astearen azken hitzordua izango da bihar Zarautzen eta egun osorako ekitaldiak prestatu dituzte, pandemia atzean utzita
Kuadrilla bat Zarauzko Euskal Jai egunean karrozarekin. | FOTO: N.G.

Zarauztarrek faltan botatzen zuten eguna bueltan da. Euskal Jai eguna ospatuko dute ostiral honetan kostako herrialdean.

Abuztuaren 25ean hasi ziren euskal astearekin. Musika Eskolako aretoan Bertsolari Gazteen XLVI. Lizardi Sariaren kanporaketa saioekin, hain zuzen ere. 16 egun ondoren, karrozak, sagardoa, txakolina eta sekulako giro aparta bueltatuko da bihar Zarautzera.

Hala ere, ostegun honetarako pare bat ekitaldi daude antolatuta. Arratsaldeko 19.00etan Musika plazan plaza-dantzak egongo dira Alaken taldearen eskutik eta ordu bete beranduago Frantziskotarren elizan Zarautz Abesbatzak Salbea abestuko du.

Esan bezala, ostiralean ospatuko da Euskal Jai eguna eta kuadrila askok eta askok azken hilabetetan prestatzen egon diren karroza estreinatzeko eta erakusteko aukera izango dute.

Euskal Jai eguneko programa

Euskal Jai egunerako Zarauzko Udalak egun osorako programa landu du. Goizeko 7.00etan burutuko da lehen ekitaldia: urduri daudenentzat eta lo egin ezin duenarentzat Diana antolatu dute.

Gero, ordu bete beranduago Goiztarrek taldearen irteera egingo da. Antzinako ohiturak berreskuratuz, goizean, garai bateko pertsonaiak irudikatuko dituzte kalez kale. 8.30ean ere kaleetan barrena ibiliko dira txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Irurengo tunturroak.

10.30ean Frantziskotarren elizan, Meza Nagusia egongo da eta bertan egongo da Schola Cantorum abesbatza. Hau amaituta Frontoi Txikin, Goiztarrak taldearen eskutik, pilota partidak, herri-kirolak eta bertsolariak egongo dira festa giroa sortzeko asmotan.

11.45etan Alproja taldearen irteera egongo da. Hurrengo toki hauek zeharkatuko dituzte: San Inazio Kalea, Kale Nagusia, Musika plaza, Dorre Luzea parkea, Nafarroa kalea eta, azkenik, Munoa. 12.00tan esandako azken leku honetan 2x2 antzezlana egingo dute, baite ere.

Ordu berean, eguerdian, Musika plazan erromeria egongo da eta horrekin batera, trikitilariak, txistulariak eta dultzaineroak egongo dira bertan. Bestalde, Lege Zaharren enparantzan erromeria egongo da trikitilariekin.

12.30ean karroza aterako dute Nafarroa kaletik eta jarraian Azpeiti bidea, Bizkaia kalea, Foruen kalea eta Lege Zaharren enparantzan geldialdiak egingo ditu. 13.15etan Munoan erromeria egingo da Trikiteens taldearen eskutik. Ordu laurden geroago Lege Zaharren enparantzan orga-lehiaketaren sari banaketari ekingo diote.

Festarekin jarraitzeko 14.00etan Musika plazan Lizarrako Larrain Dantza herrikoia egingo dute dultzaineroekin. Hurrengo hitzordua 17.30ean Musika plazatik Iñurritzara kalejira egongo da eta bitarte horretan karroza Lege Zaharraren enparantzatik Iñurritzara mugituko da. Bertan, ordu erdi beranduago, haurren txokoa egongo da tailerrekin, herri kirolekin eta egurrezko jolasekin.

Ikusten den moduan, dantza asko egin beharko dute joan nahi dutenek. Izan ere, 20.00etan Iñurritzan Lizarrako Larrain Dantza herrikoiak jarraituko du eta 20.30etik aurrera kalejira egingo dute berriz ere Musika Plazara joateko. Ondoren, Munoan dantzaldia egongo da Trikiteens taldearekin eta amaitzeko 22.30ean Musika plazan, erromeria.

08/09/2022