Gipuzkoa

Euskal kulturgintzako hainbat eragilek Hezkuntza Lege berriarekin atxikimendua adierazi dute

Ekimenaren aldeko eragile eta sortzaileetako batzuk, ostegun goizeko agerraldian.

Ostegun honetan zenbait kultur eragile, erakunde eta sortzaile bildu dira Donostiako Aquariumean EAEko Hezkuntza Lege berriak "euskarazko kulturgintzaren transmisioa berma dezan" eskatzeko.

Ekitaldian, iritzi horren aurrekariak azaldu ditu Gotzon Barandiaran idazleak eta, ondoren, parte-hartzaile guztiek adostutako testua irakurri dute Euskal Editoreen Elkarteko kide Ana Urrestarazuk eta Lanartea erakundeko koordinatzaile Amagoia Gurrutxagak.

Izan ere, 2016an jada batu baitziren hainbat kultur eragile, Jalgi ekimenaren baitan, euskarazko kulturgintzari buruzko gogoeta egiteko. Bertan ondorioztatu zutenez, transmisioa ez zegoen "bermatuta", ez hezkuntzan, ez familiartean, ezta inguru digitalean ere.

Aurrerago, 2019an, Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldiak antolatu zituzten beste hainbat talderen artean; hala nola, Ahotsenea, Elkar Fundazioa, Hik Hasi edo UEU. 150 lagun elkartu ziren ekitaldi hartan, Euskal Herriko hezkuntza arautuan euskarazko kulturgintzaren transmisioa "ematen ote zen" planteatzeko, Barandiaranek gogoratu duen legez.

Jardunaldi horietatik lan-talde bat sortu zuten, transmisio hori egia bihurtzeko eman zitezkeen pausuak aztertu eta proposatu asmoz. Eta jada bi urteko saretze lanean jardunean zenbiltzala, Hezkuntza Lege berriaren proposamenarekin parez pare topo egin zuten.

Egoera zein den kontuan izanik, "ezinbesteko" deritzote eragile guzti horiek "une hau baliatzea euskarazko kulturgintzaren transmisioaren gaia lehen lerrora ekartzeko", Gurrutxagaren hitzetan.

Besteak beste, lege berriak transmisio hori bermatzea "modu esplizituan jasotzea" eskatzen dute, "estrategikoa" baita, euren ustetan, hezkuntza arautuan hori bermatzea. Gainera, hori gertatzeko "neurrien proposamen, eztabaida eta adostasun prozesuan parte hartu nahi" dutela adierazi du Urrestarazuk.

Ekimen honekiko atxikimendua erakutsi dute hogei bat taldek; besteak beste, aurretik aipaturiko Lanarteak eta Euskal Editoreen Elkarteak, baita Ahotseneak, Dantzanek, Euskal Aktoreen Batasunak, Jakinek, Galtzagorrik edota Euskaltzaleen Topaguneak ere.

Horiez gain, 40tik gora sortzaileren babesa ere badu ekimenak. Horien artean, Amaia Lasa, Anjel Lertxundi, Eider Rodriguez eta Uxue Alberdi idazleak; Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga eta Mikel Urdangarin musikariak; bai eta Beñat Gaztelumendi eta Jon Maia bertsolariak ere.

01/07/2022