Abenduaren 16tik hilaren 18ra bitartean, Goierriko Liburu eta Disko Azoka izango da Ataunen, Lazkaon eta Seguran. XXXIV. edizioa da aurtengoa eta salerosketa ez ezik, aurkezpenak eta ekintzak ere izango dira bertan. Ataungo Herri Atzokian, Lazkaoko plazako frontoian eta Segurako Botikaxahar kultur gunean bilduko da giro nagusia. Aurtengo eta aurreko urteko titulu esanguratsuenak eta txalotuenak aurkitu ahal izango dira udalerri bakoitzeko postuetan. Euskarazko literatura, musika eta sorkuntzak izango dira guztiak, euskal kultura sustatu, goraipatu eta aldarrikatzeko asmotan. Liburu eta diska orok %15eko deskontua izango dute, hiru udalen laguntza eta ahaleginari esker.
Lazkaon ostiral arratsaldean zabalduko dituzte azokako ateak; baina aurretik, aste honetan guztian zehar, aurkezpenak egingo dira Gerriko dendan, 19.30ean. Astelehen honetan izan ziren lehenengoak; alde batetik, Mikel Alvarez Sarriegi beasaindarrak Euskalia eleberria aurkeztu zuen, eta Iker Sanchok 31 ipuin liburua, euskarara itzulitakoa. Astearte honetan, aldiz, Irati Garmendiak haurrentzako lau ipuin aurkeztuko ditu: Patata eta tomatea, tripontzi parea; Tipula eta erremolatxa, hau pagotxa; 27 egunez jira eta buelta; eta Zer du zeruak gure aurka?. Bestalde, Amaia Telleria idazlea eta Laida Luiz ilustratzailea, Zuhara, Clionaren kanpaiak lanaz mintzatuko dira. Azkenik, asteazkenean, Lurdes Ulaziak eta Ana Santiagok Txokomates. Txokolate zaporeko mate laborategia liburua aurkeztuko dute Gerriko dendara bertaratutakoen aurrean.
Arantxa Urretabizkaia idazlea, berriz, Azken etxea eleberriarekin izango da Ataunen, hilaren 17an, 12.30ean. Azokan bertan, liburuaz mintzatuko da.
Segurarrak asteburuan hasi ziren azokaren testuinguruan ekintzak burutzen, ipuin, bertso eta marrazki lehiaketako sariak banatu baitzituzten. Ostiralean ere beste hainbeste pertsona sarituko dituzte, izan ere, udal egutegia aurkeztu eta bertan azaltzen diren argazkiak saritzea dute helburu. Ondoren, Azpilla dan-tza taldearen saskia zozketatuko da eta herriko koruak kantalia eskainiko du.
Horretaz guztiaz gain, Lazkaoko San Benito ikastolako haurrek bigarren eskuko jostailuen merkatu txikia antolatuko dute eta Musika Bandak Gabonetako kontzertua eskainiko du.