Buscar
Cultura

Euskal sorkuntzaren edukiontzi berria

Euskal Herriko errealitate kultural eta artistikoak bildu nahi ditu Kontenedora proiektuak. Erakunde ofizialetatik harago baina hauekin elkarlanean dihardute, iazko martxoan Donostian sortu eta jadanik 300 bazkide inguru biltzen ditu egitasmoak
Musika inprobisazioa Amara auzoan dagoen espazioan.
Musika inprobisazioa Amara auzoan dagoen espazioan.

Artearen mundua ez da erraza izaten bide arrakastatsu bat eraiki edo lanbide bezala bihurtu nahi duen edonorentzat. Zailtasunez beteriko bide horretan sortzaileek hainbat oztopo gainditu behar dituzte. Lehiakortasuna, publikoaren onarpena, egindako lanaren ulerkortasuna, baina, gehienbat, sormen lanak ezagutzera emateko aukera faltak dira muga horietako batzuk. Horregatik, errealitate kultural eta artistiko desberdinek beraien lekua izan dezaten eta jendeari horiek hurbiletik ezagutzeko aukera emateko Kontenedora izeneko espazioa sortu berri dute Donostian. Espazio fisikoaz haratago, gune berri honek aukerak eman nahi dizkie talentu berriei, horren ezagunak ez direnei eta isilean egoten diren adierazpen mota desberdinei.

“Esan daiteke erakunde edo kultura gune bat dela, non bide ofizialetik haratago dauden errealitate kultural desberdinak barneratzen saiatzen garen”, proiektuaren bazkideetako bat den Joan Raezen hitzetan. Sortu dutena edo sortu nahi dutena, alde batetik, eszena alternatibo bat da, inguru tradizionaletan ez dauden edo beraietara heltzea zailak diren proposamen desberdinei lekua emanez. Baina ez bakarrik maila artistiko batean, baita ere tailerrekin edo lekua izan dezaketen proposamen desberdinekin. “Ekintza batzuk publiko handi batengana heltzen dira eta beste batzuk kanpoan geratzen dira askotan. Lan egiten den modua normalean, era bertikal batean izaten da, erakundeekin batera eta, horregatik, batzuetan, espresioa apur bat mugatzen duten filtro desberdinak igaro behar dira”. Proiektu berri honek egoera aldatu nahi du eta talentu lokalak barneratzen dituzten lekuen gabezia konpentsatu. “Gure inguruan izaten ez ditugun performance eta proposamen desberdinak ekartzen ditugun moduan, era berean, lekua egiten diegu adierazgarri diren sortzaileei. Plataforma bat gara etxeko jendeak oihartzuna izan dezan”, kontatu du bazkideak.

Sortzaileek bere espazioa izatea du helburu egitasmoak.

Sortzaileek bere espazioa izatea du helburu egitasmoak. Kontenedora

Errealitate ezberdinak batuz

Aipatutako gabezia horien guztien aurrean Kontenedora sortzeko pausua eman zuten 300 bazkide inguruk eta horretarako organismo bizi bat izango balitz bezala planteatu dute proiektua, errealitate desberdinak batzeko nahiarekin. Raezek azaldu duenez, “proposamen desberdinak batu, azaldu nahi dena mugatzen duten filtrorik pasa behar ez izatea, adierazpena mugatzen duten betebeharrak saihestu eta, gainera, konbentzitzeko gaitasun bat erakustea da lortu nahi duguna; azkenean batasun bat sortuz proposamen desberdin horiei esker”. Bazkideak adierazten du era batera edo bestera, toki instituzionaletan proposamenak “iragazki batzuei egokitu” behar izaten zaizkiela. “Beraiek saldu nahi dutenari moldatu edo markatutako bidetik joan behar zara. Erabat garaikidea dena, kalean dagoena, berria dena, proposamen horiek guztiak foku orokorretik kanpo geratzen dira”. Mainstream bezala ezagutzen dena, hau da, joera nagusia dena, leku guztietan dago behin eta berriz errepikatuz. Batzuetan, ezagutzen ez diren edo ematen ez diren proposamen horiek testuinguru bat behar izaten dute salgarri izateko. Eredu horizontal bat baino gehiago, ekintzak goitik behera eta mailakatuta dauden ereduaz haratago, elkarren artean zerikusirik ez duten proposamen desberdinen aldiberekotasun bat bilatzen dute, lotura artistikoa duen sare bat eratuz.

Laster urtebete

Kontenedora iazko martxoan jarri zen abian. Hasiera batean deialdi kolektibo bat egin zuten parte hartu nahi zuten guztientzat. Lehen momentu horretan gaur egun oraindik proiektuaren barnean dagoen jende ugari hasi zen lanean. Azaroan pertsona berri gehiago batu ziren lan taldera eta plangintzak azken bultzada izan zuen. Espazio fisiko bat lortu zuten gainera, hiriko Amara auzoan, eta urtarrilean ekitaldi agendarekin hasi ziren. “Jendea erantzuten ari da, baina ez bakarrik aukerak behar dituzten sortzaileekin, ezezagunak edo hasiberriak direlako. Gurekin Elias Querejeta bezalako jendea daukagu zinema eskolan, adibidez. Basque Culinary Center ere laguntzaile dugu, tailerrak eta bestelako gauzak eskainiz”, kontatu du Raezek. Sukaldariek Tabakalera bezalako leku batean tailerrak eskaintzen zituzten, baina tarteka egiten zuten bakarrik. “Nik beti aldarrikatzen dut adibidez Musikene. Gure artean egon daitekeen jazz eskola garrantzitsuenetako bat dugu eta astean jam saio bakarra eskaintzen dute. Beste hiri batzuetan kontzertu txiki hauek musikarien ikasketen oinarri izaten dira. Proposamen hauei guztiei leku bat ematen saiatzen ari gara”.

Urtarrilean antolatutako zineklubaren irudia.

Urtarrilean antolatutako zineklubaren irudia. Kontenedora

Erakundeekin elkarlana ere babesten dute La Kontenedoran. “Erakundeek babesten dutena, mainstream dena edo beste aukera batzuk barneratzen ere saiatzen gara”. Azken finean, Kontenedorak ez du erakundeetatik kanpo egon behar den proiektu bat planteatzen. Donostia Kulturarekin kontaktuan daude, beraiekin bildu dira: “badakite errealitate bat garela eta paraleloki lanean ari gara”. Elkarlanean dabiltza eta funtzionatzeko moduak bereizten dituen arren, azken finean helburuak berdinak direla uste du Raezek. Euskal Herriko sortzaileek leku berri bat dute hortaz, beraien lanak nahi duen guztiak ezagutu ditzan.

2023-02-21T17:09:05+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo