Gipuzkoa

Euskal zinemazaleek zita dute gaur, martxoak 18, Laburbirarekin Azkoitian

Zortzi film labur eskainiko dira, tartean Goya sarietarako hautagai izan diren lanak, Baztartxo antzokian 20.00tatik aurrera
Eneko Sagardoyk zuzendu duen 'Betiko gaua' film laburra ikusteko aukera izango da Baztartxo antzokian / Jorge Muñoz

Azkoitiko Udalak eta Euskara Mahaiak antolatuta, Laburbira, Euskarazko Film Laburren XXII. Zirkuituaren emanaldia eskainiko da gaur, martxoak 18, Baztartxo antzokian arratsaldeko 20.00etan.

Zortzi film labur

Aurtengo edizioan, zortzi film labur eskainiko dira, tartean Goya sarietarako hautagai izan diren lanak, baita hainbat jaialditan saritutako ekoizpenak ere.

Bertaratzen direnek aukera izango dute Euskal Herriko sortzaileek landutako ikus-entzunezko lan esanguratsuak ikusteko eta euskarazko zinemagintzaren aniztasunaz gozatzeko.

Aukera zabala

Proiektatuko diren film laburrak honaku hauek dira: Prosopagnosia (Ekain Martinez de Lizarduy), jendearen aurpegiak ezagutzea eragozten duen gaixotasuna da filmaren abiapuntua; Plazer bat (Sonia Estévez), stop motion teknikaren bidez, eguneroko plazer txikiei egindako omenaldi berezia; Betiko gauak (Eneko Sagardoy), Mirenek Elena alokatutako auto bat gidatzen ikusiko du eta haren atzetik abiatuko da gauaren erdian; Europa (Ekain Irigoien), gerratik ihesi, Lubna Parisera iritsi da, eta gurasoekin berriro elkartzea du helburu.

Gai ezberdinak

Pentsatzen dut (Karmele Mitxelena, Alaia Martin eta Iraitz Mateo) Bea amatasuna eta lan-mundua uztartu ezinik dabil, eta lagun batekin egindako erakusketa batek barrenak astinduko dizkio. Hor konpon (Jone Arriola) Rita eta Berta lapurrak dira baina Bertak bizimodua aldatzea erabaki du bat-batean; Goodbye Kepler (Nerea Ayala, Patricia Fañanás, David Modroño eta Iraia Yarto), bederatzi urte espazioan ibili ondoren, Kepler teleskopioak erregaia agortu du; eta Utlandsk (Alba Lozano); sei urtez Suedian bizi ostean, Esti Oiartzunera itzuli da, baina herrian ez dela ezer aldatu konturatuko da eta egokitzea zaila egingo zaio.

Euskarazko zinemagintza

Laburbira euskal ikus-entzunezkoen zabalkundea sustatzeko helburuarekin antolatzen da, euskarazko zinemagintza ezagutarazteko eta sortzaile berrien lanak plazaratzeko espazioa eskainiz.

Baztartxo antzokian egingo den emanaldi honetan, zinemazaleek aukera paregabea izango dute kalitate handiko film laburrak euskaraz ikusteko.

18/03/2025