Biztanleen %62,4 euskaraz zerbait zekiten iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; baina euskadunak, “euskaraz ongi ulertu eta hitz egiten dutenak”, hamarretik lau baino pixka bat gehiago besterik ez ziren pasa den urtean; %43,3a hain zuzen ere.
Hala dio Eustatek atzo argitaratutako txostenak, zeinak Euskal autonomia erkidegoan euskarak izandako eboluzioa aztertu duen. Bere arabera, euskaldunen proportzioa sei puntu handitu da azken hamarkadan.
Izan ere, 2011 eta 2021 bitartean, beren burua euskalduntzat duten herritarren proportzioa %37,2tik %43,3ra igaro da, hau da, %6,1eko igoera izan da, eta ia euskaldunena, berriz, %6,45 jaitsi da aldi horretan. Konparazioa 2001 eta 2021 artean egin bada ere, euskaldunen ehunekoa % 11 hazi da azken bi hamarkadatan.
Horrenbestez, euskaldunen profilari dagokionez, 798.564 alfabetatuak dira eta beste 84.400 erdixka alfabetatuak. Bestalde, ia euskaldunak diren 412.996 biztanleen artean alfabetatutakoak 302.487 dira, alfabetatu gabeak 85.168, eta “pasiboak” 78.975. Erdaldunei dagokienez, 813.313 dira guztira Euskadin.
Herrialdeen araberako banaketari dagokionez, Gipuzkoan da handiena euskaldunen proportzioa (%57,5), Bizkaian ondoren (%37,9), eta Araban azkenik (%31). Hala ere, azken hori da gehien euskaldundu den herrialdea. Orotara, 7,1 puntu handitu da euskaldunen propor-tzioa, Bizkaian (6,7 puntu) baino gehiago, eta Gipuzkoan baino hiru puntu gehiago.
Horrenbestez, Enkarterri da euskaldun kopurua gehien hazi den eskualdea (8,8 puntu), Bilbo Handiaren (7,6 puntu), Arabako Kantaurialdearen (7,5 puntu) eta Arabako Lautadaren (7,3 puntu) aurretik.
Gainera, Eustatek azpimarratzen duenaren arabera, “ia-euskaldunak ere sar badaitez”, Gipuzkoako lau pertsonatik hiruk euskaraz dakite, Bizkaiko bostetik ia hiruk eta Arabako bitik batek.
Estatistika institutuak udal-mailan ere egin du azterketa; izan ere, Euskadi osatzen duten 251 udalerrietatik 202tan euskaldunen pisua ehuneko 0,1 eta 15,1 puntu artean igo zen; 46 udalerritan %0,1 eta %8,1 artean jaitsi zen, eta gainerako hiruretan ez dago aldaketarik. EAEko 68 udalerritan %80 dira euskaldunak, eta horietako bakarra da arabarra, Aramaio.
Donostia, euskaldunena
Hiriburuei dagokienez, Bilbok du hazkunde handiena euskaldunen proportzioan (%7,66), 103.631 euskaldunekin, biztanleria osoaren %30,6 hain zuzen ere. Donostian dago hizkuntza hori menderatzen duten herritarren ehuneko handiena (%46,7), 83.866 pertsona guztira, hau da, %6,1eko igoera.Gasteizen kasuan, hazkunde hori %7,4koa da, eta 72.778 gasteiztar euskaldunak biztanleriaren %29,8 dira.
Umeek, euskaraz hobeto
Bestalde, adinaren eta sexuaren arabera ere aztertu ditu datuak Eustatek. Batetik, adinean behera egin ahala euskaldunen kopurua handiagoa dela ondorioztatu du estatistika institutuak. Izan ere, euskaldunen proportzioak 10-14 urtekoetan %90,5eko gehienekoa du, eta 70-74 urtekoetan eta 75 urte eta gehiagokoetan %22,1eko gutxienekoa.
Oro har, 30 urtetik beherako biztanleen artean %70 baino gehiago euskaldunak dira, eta proportzio horretatik behera jaisten da adin handiagoko pertsonen taldeetan.
Aldiz, generoaren araberako aldeak “oso txikiak” dira euskararen ezagutza-mailan, Eustatek arabera. Zehazki, emakumeen %43,4 euskaldunak dira eta %43,2 gizonak. Hala, Arabaren kasuan, emakume euskaldunen proportzioa hamarretik hiru, gizonena baino ia bi puntu handiagoa da. Bizkaian berriz, emakumeek gizonek baino hamarren bat gehiago osatzen dute (%38); eta Gipuzkoan, gizonen proportzioa, %57,6, emakumeena, %57,4 baino pixka bat handiagoa da. l
Datuak
%62,4
euskara ulertzen du. Eustat euskal estatistika institutuaren datuen arabera, EAEko biztanleriaren %62,4ak euskaraz “zerbait” zekiten iaz, 2021en. Bestetik, euskaldunen proportzioa sei puntu handitu da azken hamarkadan, eta %11 azken 2001etik.
Gipuzkoan
euskaldun gehien. Herrialdeei dagokienez, Gipuzkoan da handiena euskaldunen proportzioa, biztanleriaren %57,5arekin. Araban berriz, hamarretik hiruk besterik ez dira euskaldunak, nahiz eta azken hau izan gehien euskaldundu den herrialdea azken hamarkadan. Hiriburuen artean, Bilbo da gehiago euskaldundu dena, nahiz eta Donostian egon hizkuntza menderatzen duten biztanleek ehuneko handiena.
Gazteak
euskaldunago. Adinean behera egin ahala, euskaldunen kopurua handitu egiten da Eustatek ondorioztatu duenez. Izan ere, 10-14 urteko gazteen artean %90ak baino gehiagok daki euskaraz. 75 urte baino gehiagokoen artean berriz., hamarretik bik baino ez dakite euskaraz.