Polideportivo

Euskaltel-Euskadik “ahalegin guztiak egingo ditu” Vueltan

Azparren, Iribar eta Iturria lehen zerrenda osatzen dutenen artean daude
Vueltan arituko den taldea. | ARGAZKIA: N.G.

Donostia – Euskaltel-Euskadi taldeak Vueltan “ahalegin guztiak egingo dituela” adierazi du, eta helburu horrekin hamabi txirrindularien aurre-hautaketa aurkeztu du ostiral honetan Derioko (Bizkaia) egoitza nagusian. Antonio Angulo, Xabier Mikel Azparren, Ibai Azurmendi, Mikel Bizkarra, Joan Bou, Carlos Canal, Unai Cuadrado, Gotzon Martin, Unai Iribar, Mikel Iturria, Txomin Juaristi eta Luis Angel Matek osatzen dute talde laranjaren hasierako zerrenda, eta lau kanpoan geratu beharko dira.

Lehen hautaketa horretan Jorge Azanza, taldeko zuzendariak, Maté edota iazko edizioan etapa garaipena oso gertu izan zuen Mikel Bizkarra bezalako txirrindularien eskarmentua uztartu nahi izan ditu, beti borrokalari eta ihesaldi egokiaren bila ibiltzen den Xabier Azparren bezalakoen gaztetasunarekin.

Azanzak zehaztu duenez, aurretiko zerrenda horretan hamabi izen jar-tzearen arrazoia, lesioak, osasuna arazoak edota erorikoak prebenitzea izan omen da. Entrenatzaile nafarraren asmoa “ahalik eta zortzikorik onena” eramatea omen da, Vueltan denboraldiari “amaiera borobila” emateko.

“Iaz bezalaxe ahitu arte jardungo dugu, jakinda, noski, WorldTour mailako lasterketa dela; baina gogor borrokatuko gara ikusgarritasuna izateko”, gaineratu du.

Vueltarako aurre-hautaketa hau osatzen duten txirrindulari gehienak protagonista izango dira Euskaltel Euskadirentzat lanez gainezka datorren asteburu honetan. Izan ere, taldeak nabarmendu egin nahi baitu bere egutegian “gorriz markatuta” dituen bi hitzorduetan: larunbatean jokatuko den Donostiako Klasikoan eta igandeko Getxoko Zirkuituan.

Abuztuaren 19an Utrechten hasi eta hiru egunez Herbehereak zeharkatuko dituen 2022ko Vuelta emozioz gainezka dator Euskaltel-Euskadiren-tzat. Talde laranjak bigarren aldiz parte hartuko du jarraian Vueltan eta ez du oharkabean pasa nahi, batez ere, Euskaditik pasako diren hiru etapetan, abuztuaren 23an (Gasteiz-Laguardia), 24an (Irun-Bilbo) eta 25ean (Bilbotik irteera).

Gainera, Euskaltel 1997ko Espainiako Vueltan txirrindulari taldearen babesle gisa hasi zenetik 25 urte beteko dira; “markarentzat eta taldearentzat izugarrizko arrakasta” izan zen hura, eta marea laranjaren sorrera bultzatu zuen, Koldo Unanue Euskalteleko Marketineko zuzendariak gogora ekarri duenez. Vueltan 7.000 kamiseta laranja banatuko dituztela ere iragarri du Unanuek. “Marea laranjak bizi-bizi jarraitzen baitu”, aldarrikatuz. – M. Tolosa

31/07/2022