Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak duten lankidetza-hitzarmenak eman duen azken emaitza aurkeztu zen atzo Arabako hiriburuan, hain zuzen, Gasteizko Toponimia VIII. Dibiña I argitalpena. Prentsaurrekoa Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaritzan ospatu zen (Etxezarra eraikina) eta bertan izan ziren Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Roberto González de Viñaspre euskaltzain oso eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria, eta Elena Martínez de Madina ikertzaile, euskaltzain urgazle eta ikerlanaren egilea.
Aurkezpenean, bertaratutakoek euskara gizartearekin batera susta-tzen jarraitzea helburu duen lanari balioa eman zioten. Izan ere, Gorka Urtaran alkateak azpimarratu zuenez, Arabako lurraldea eta hiria euskaraz izena duten herri, ibai eta mendi txikiz osatuta daude. Zehazki, Gorka Urtaran hiriko alkateak esan zuen Gasteiz askoz hobeto ulertzen dela Toponimiaren inguruko lan hauei esker: “Herri txiki askok osa-tzen dute Gasteiz eta bertan mendiak, ibaiak, larreak edo eta haranak daude. Toki horietako izen asko euskaratik datoz, eta horri esker ikusten dugu Udalerriaren sustraietan eta biho-tzean gure hizkuntza dagoela”.
Bestalde, Andres Urrutiak eta Roberto González de Viñasprek Gasteizko Udalaren laguntza eskertu zuten, Akademiarentzat “ezinbesteko”a eta “estrategikoa” dela azpimarratuz. “Erakundeen babesa daukagu eta ordezkaritza berria, urtarriletik aurrera Arabako kultur-eragile guztientzat zabalik izango dena. Gizarteari begira gaude eta gizartearekin batera egingo dugu lan”, gaineratu zuen González de Viñasprek.
Hala, etal ildo horretatik, “Elena Martínez de Madinak eginiko ikerlanak urteetako peskizak biltzen ditu. Honela, ikertzaileak Gasteizko udalerri osoko toponimia aztertu du azken urteotan, hots, hiria bera eta 64 herri. Gaur, lan erraldoi horren zortzigarren ahalegina aurkeztu da. Esan bezala, egitasmo
zabal eta zorrotz honetan, hiriburuaz gain, Gasteizko beste 64 herriak ere sartzen dira: Malizaeza, Ubarrundia eta Langraiz merindadeetako lanak argitaratu ziren beste sasoi batean (4 liburuki); jarraian, Arratzua deritzonaren aldia iritsi zen (hiru liburukitan banatu zen ikerketaren emaitza), eta gaur Dibiñari dagokion lehenengoko CDa agertu da (bigarrena aurrerago agertuko da)”, azaldu zuten aurkezpenean.
“Argitalpen hau, Dibiña I, merindadearen azterketaren lehen zatiari dagokio eta Abetxuku, Andetxa, Arangiz, Foronda, Lopida, Mendiguren eta Ihurre herrietako toponimia biltzen du. Aurrerago Dibiña II osatuko dugu”, azaldu zuen Elena Martínez de Madinak. Euskaltzaindiaren egitasmo honen datu-baseak 400.000 sarrera toponimiko ditu. “Dibiña I lanerako toponimiaren ikerketa 27.000 sarrera inguruko corpus batean oinarriturik egin da, eta, liburu honetan, gutxi gorabehera, 10.200 dokumentu-lekukotasun eta 1.106 sarrera toponimiko aurkeztu dira, hurrenkera egokian sailkatuak”, ondorioztatu zuen ikertzaile arabarrak.