Buscar
Actualidad

Euskara batuaren aldeko giza katea egingo dute 8.000 gaztek martxoaren 24an Errenteriatik Donostiara

Hizkuntza batuari gorazarrea egin ez ezik, sorreran bultzatzaile izandako 15 pertsona ere omenduko dituzte
Nekane Artola eta Miriam Urkia, ostiral goiz honetan, ekimenaren aurkezpenean, parte hartuko duten hainbat gaztetxorekin batera
Nekane Artola eta Miriam Urkia, ostiral goiz honetan, ekimenaren aurkezpenean, parte hartuko duten hainbat gaztetxorekin batera

Euskara batuaren aldeko giza katea gauzatuko dute datorren ostiralean, hilak 24, 8.000 lagunek Errenteria eta Donostia bitarte. Ekitaldia Ikastolak herriari egitasmoak eta Euskaltzaindiak antolatu du, baita Errenteriako Orereta ikastolak sustatu ere, eta 8.226 metro igaroko ditu Gipuzkoako bi herri hauen artean.

Ostiral honetan aurkeztu dute ekimena Donostian, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan eta bertan parte hartu dute Nekane Artolak, Ikastolen Elkarteko ordezkariak; eta Miriam Urkiak, Euskaltzaindiaren Iker sailburu eta Gipuzkoako zuzendariak.

Giza kateari goizeko 11.00etan emango zaio hasiera eta 11.30etan amaituko da. Batasunaren bidean. Euskara batuari gorazarrea lelopean, "euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratuko" du, antolatzaileen esanetan. Errenteriako Gamon zumardian dagoen Koldo Mitxelenaren oroimenezko eskultura izango du abiapuntu eta Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parea helmuga. Euskal Herri osoko hainbat ikastoletako gazte eta nerabeek osatuko dute, baina "parte hartu nahi duten herritar guztiei" ere zabaldu diete gonbidapena, ez baitago inolako aforo mugarik.

Gainera, ekitaldia amaitzear dagoenerako, antolatzaileek bost gune egokituta izango dituzte ibilbideko puntu ezberdinetan, behin 11.30ak iritsi orduko "euskara batuari gorazarre egiteko ekitaldi bana egiteko".

Giza kateak ez du, baina, euskaldunon hizkuntza batua bera soilik goraipatu nahi; beronen "sorreran bultzatzaile izan zirenei" ere omenaldia egin nahi diete. 15 pertsona zehatz izango dituzte gogoan datorren martxoaren 24an; hala nola, Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Arantxa Urretabizkaia, Henrike Knörr, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean-Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.

Baina euskara batua "gaur errealitate bada, askoz ere pertsona gehiagori esker izan da eta horietako asko anonimoak dira", gogorarazi dute Euskaltzaindia eta Ikastolen elkarteko ordezkariek; hau da, herria "nahi", "sortu" eta "egindakoa" omen da, "erabileraren bidez".

Ostiralean bertan, arratsaldeko 17.30etan egingo den ekitaldi instituzionalak osatuko du hizkuntza batuari gauzaturiko gorazarrea. Errenteriako Udalaren areto nagusian izango da eta ekimenaren antolatzaileak, Ikastolen elkarteko eta Euskaltzaindiako kideak, eta euskalgintzako eragileak izango dira bertan.

2023-03-18T13:41:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo