Gipuzkoa

Euskara da nagusi Ordiziako txokoetan

Bost puntu gora egin du euskararen erabilerak Goierriko udalerrian, ikerketa baten arabera
Helduek gehiago hitz egiten dute euskaraz haurrak gertu daudenean

Euskararen erabilerak gora egin du Ordizian azken bost urteetan, Soziolinguistako Klusterrak egindako Hizkuntzen erabileraren kale-neurketak ikerketaren arabera. Zehazki, bost puntu gora egin du euskararen erabilerak Goierriko udalerrian azken urtean. Izan ere, 10 pertsonetatik 5ek euskeraz berba egiten dute (%48,7ak); gazteleraz, berriz, %46,7ak hitz egiten du; eta %4,7ak beste hizkuntzetan.

Datu hauek azken urteetako goranzko bilakaera berresten dute; azken 10 urteetan, 10 puntu gora egin baitu, gradualki, euskararen erabilerak kalean.

Generoari dagokionez, euskal hizkuntzan hitz egiteko joera handiagoa dute emakumezkoek Ordizian, Euskal Herriko lurralde guztietan gertatzen den moduan.

Bestalde, ordiziar gazteek erabiltzen dute euskara gehiago. Hala eta guztiz ere, haurren kasuan bost puntuko beherakada erregistratu dela nabarmentzeko da. “Ez da ahaztu behar, Ordizian ere, asko direla eskolaren bitartez euskaldundu diren haur eta gazteak. Eta, baita migrazioaren ondorioz udalerrira etorri diren herrikideak ere. Horien guztien euskararenganako jarrera eta hautua, oso kontuan hartzekoa izango da datozen urteetako euskararen bilakaeran”, adierazi du Ordiziako Udalak.

Aipatzekoa da ere, helduek euskara gehiago erabiltzen dutela haurrak hurbil daudenean, eurak bakarrik edo adin-tarte berdineko pertsonekin daudenean baino.

Etorkizunari begira Euskararen erabileraren datuak eskura izanda, etorkizuneko erronkak finkatzen hasi da Ordiziako Udala: “Ordizian, datu orokor baikorrak agertu direla esan daiteke, inoizko erabilera- datu altuenak jaso direlako. Dena den, arreta handiz jarraitu beharreko kontua da haurren euskararen erabilera, beheranzko joera antz eman zaiolako”. Gainera, euskararen biziberritzea ordiziar guztien ardura dela nabarmendu du.

25/11/2022