Euskara ikasi nahi duten herritarren dohainik egin ahal izatea. Aldarrikapen argia egin zuten atzo aurtengo Korrikaren testuinguruan atzo Donibane Garaziko adierazpenean, zeina Hitzekin, denok euskara doan dinamikaren barruan aurkeztu zuten. Hala, AEK-k eta beste hainbat euskaltegitako ordezkariek Euskal Herriko erakunde publikoei eskatu zieten aukera hori posible izan dadin neurriak hartzeko.
Modu horretan, adierazpena AEK-z gain, beste zenbait euskaltegiek askok sinatu zuten: Batuz Euskaltegi Elkartea (Altza-Urumea, Ulibarri, Urrats, Ilazki, Hitzez, Legazpi6, Herri Jakintza, Udaberria), AEK, Juan Mateo Zabala euskaltegia, Gabriel Aresti euskaltegia, Errioxako IKA, Bai&by, Gotzon Garitanoaindia euskaltegia, Hegoalde euskaltegia, Bilbo Zaharra euskaltegia eta Maizpide.
Euskal administrazioak
Adierazpenarekin, Euskal Herriko administrazio nagusiei dei egiten zieten: "Unea da euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko. Proposamen eta bide ezberdinak ezagutzen ditugu. Elkar gaitezen eta osa dezagun, elkarlanean, eta berandu baino lehen, guztiok doan ikasteko bide-orria", adierazi zuten.
Izan ere, azaldu zutenez, "argi dugu euskararen erabilera erosorako baldintzak sortu behar direla eta hori erdiesteko nahitaezkoa da ezagutza bermatzea. Guztioi dagokigu egitea, eginaraztea, nork bere tokitik eta eginbeharretik ekinez eta eraginez". Eta horretarako, beren hitzetan, administrazioek rol garrantzitsua jokatzen dute; "ezinbestez eragile estrategikoak dira konpromisoetatik ekintzetara jauzi egingo badugu".
Pauso esanguratsuak eman direla aitortzen duten arren, aurrerapauso handiagoak emateko garai heldu dela argudiatu zuten, "hiztunen arteko desorekarekin eta desberdinkeriarekin amaitu behar dugu".
Hizkuntza politikak
Horrez gain, egungo hizkuntza-politikei men egin zieten, AEK eta beste euskaltegien aburuz, "oraindik ez baitute hiztunen arteko hizkuntza berdintasuna lortu". Hala, euskaraz aritzeko gaitasun egokia bermatzea gakoa dela azpimarratu zuten; modu horretan "edonork, edonon, euskara erabiltzeko eragozpenik izan ez dezan".
Eta hori lortzeko euskarari prestigioa eman eta euskara lehenetsiko duten politikak abian jarri behar direla defendatu zuten, "euskararen aldeko hautua bultzatuko duten politikak", hain zuzen ere.
Gauzak horrela, administrazioei zuzendu zitzaien: "Euskal Herriko administrazio nagusiei dei egiten dizuegu, hitzetatik ekintzetarako bidean jauzi berriak egiteko eska-tzen dizuegu. Ezagutza unibertsalizatzeko iturri eta balditzetan jarri ezazue arreta: hezkuntza-sisteman, helduen euskalduntzean eta hizkuntza-transmisioan edo -sozializazioan".
Amaitzeko, AEK-ko ordezkariek etorkizuneko Euskal Herria aipatu zuten: "Garaia heldu da, gure etorkizuna jokoan da: euskaldunon eta euskararen etorkizuna", adierazpenari amaiera emanez.
Korrika iparralden
Astelehenetik astearterako jauzia Donapaleun egin zuen Korrikak gauerdian, eta handik abiatu zen da Iholdi, Ortzaize eta Baigorrirantz barrena, ondoren Elizondo edota Lekunberri bezalako herrietatik igaroko delarik.
Ondoren, bihar Bizkaiara helduko da, eta hiriburuan izango da arratsaldeko 19.36etan, handik urtero lez euskal herri guztietatik igaroko da, aurtengo edizioa Donostian hilaren 10ean amaituko delarik.
Bihar. Kanpezu, Genevilla, Kabredo, Marañon, Bernedo, Baxauri, Albaita, Trebiñu, Argantzon, Langraiz, Izarra, Murgia,Ondategi, Zeanuri, Areatza, Igorre, Lemoa, Usansolo, Larrabetzu, Zamudio, Derio, Erandio, Bilbo (San Ignazio), Bilbo (Zazpikaleak), Bilbo (Zorrotza), Barakaldo.
Etzi. Sestao, Trapagaran, Ortuella, Abanto, Muskiz, Zierbena, Santurtzi, Portugalete, Romo, Leioa, Getxo (Algorta), Berango, Sopela, Urduliz, Gorliz, Gatika, Mungia, Bakio, Bermeo, Mundaka, Busturia, Gernika, Gautegiz Arteaga.