Araba

Euskara ikastaroetan matrikulatzeko aukera zabaldu du Udalak

Ikasle berriek hilaren 5etik 14ra bitarte egin beharko dute matrikula eta HABEk homologatuko ditu lehen aldiz ikastaro horiek
Hainbat neska beraien eskuekin bihotza marrazten euskararen erabileraren alde. | ARGAZKIA: PILAR BARCO

Euskaraz ez dakiten eta ikasi nahi duten (edo jakin baina hobetu haien maila hobetu nahi duten) guraso guztiei zuzenduta, Gasteizko Udalak berriro ireki du euskara-ikastaroetan matrikulatzeko epea. Interesdunek hilaren 14ra arte eman dezakete izena.

Hala, atzo prentsaurrekoan jakinarazi zuten bezala, Gasteizko Udalak epea ireki du gurasoei zuzendutako euskara ikasteko programan izena emateko. Ikastaro horietan izena emateko epea aste honen hasieran hasi zen, astelehenean, eta 14an amaituko da. Azpimarratu zutenez, ikastaroen helburu nagusia da gurasoei aukera ematea hizkuntzaren alderdi praktikoak indartzeko familian, hau da, haurrek eskolan ikasten dutena indartzeko. Nabarmentzekoa da eskolak Arabako hiriburuko gizarte etxeetan emango direla, astean hiru egunetan, urriaren 3tik datorren urteko maiatzaren 30era arte. “Ikastaroen helburua euskara ikastea da eta, aldi berean, gurasoei aukera ematea familia-esparrurako hizkuntzaren alde praktikoak indartzeko, hau da, haurrek eskolan ikasten dutena”, zehaztu zuten atzoko aurkezpenean.

Ildo horretatik, nabarmendu behar da Iñaki Gurtubai Euskara zinegotziak azaldu zuela euskararen erabileraren eta ezagutzaren bilakaera handitu eta hobetu egin dela azken urteetan, batez ere administrazio publikoek, erakundeek, elkarteek eta herritarrek egindako ahaleginari esker. “1981ean % 3,5 ziren euskaldunak Gasteizen; gaur egun, berriz, %27,28. Horrez gain, kontuan hartu behar ditugu ia euskaldunak, hau da, oraindik zailtasunak dituztenak baina bidean daudenak; ia % 20 dira horiek Gasteizen. Bilakaera horretan, garrantzi handikoak izan dira hezkuntza-sistema eta euskaltegiak haiek sortu baitituzte, batez ere, hiztun berriak. Jarraitu behar dugu, bestalde, lan horretan; gainera, hiztun berri horien ahalegina aitortu behar dugu, eta eremuak eskaini euskara erabil dezaten, erabileraren bitartez lortuko baitute euskaldun oso bihurtzea”, azpimarratu zuen. Era berean, Euskara zinegotziak Udalaren laguntza ere nabarmendu zuen, udal ekintza eta plan ezberdinei esker euskaldun berriak lortzeko bidean. Adibidez, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana nabarmendu zuen: “Laguntzailea izaten jarraitu nahi du hiztun berriak lortzeko bide horretan, eta horretarako, hainbat lan-ildo eta ekintza zehaztu ziren indarrean dagoen Euskara Sustatzeko Ekintza Planean. Besteak beste, honako ekintza hauek dira: dirulaguntzak ematea euskara ikasteko, euskaltegien lana errazteko eta guraso-elkarteen jardueretarako; matrikulazio-kanpaina eta euskara-ikastaroak indartzea; Mintzalaguna proiektua babestea; Euskaraldia sustatzea hirian eta Udalean bertan”.

2022-2023 ikasturterako sustapen kanpainari dagokionez, bi fase ditu. Lehen fasea uztailean egingo da, informazio gisa. Bigarren fasea, berriz (sustapen-kanpaina eta matrikulazio-aldia) atzotik irailaren erdialdera arte luzatuko da. Orduan bukatuko da izena emateko epea. Concilia tu vida con el euskera lelopean abiatu da aurtengo matrikulazio kanpaina. Izan ere, euskara kontziliazioan zein eguneroko bizitzan lagungarri bilakatzen da, erraztasunak eskaintzen ditu arlo ezberdinetan: familian, lanean, aisialdian, kulturan… “Ikastaroak, gainera, giro onean eta bakoitzaren erritmora egokitzen dira; prezio zein ordutegi egokiak dituzte”, azaldu zutenez. Gainera, 2022-2023 ikasturteak berrikuntza garrantzitsuak izango ditu. Alde batetik, eskolak bi ordukoak izango dira eta, horrela, ikasturte osoan zehar 166 orduko ikastaroa jasoko du ikasle bakoitzak. Horren ondorioz, lehen aldiz, HABEk homologatutako ikastaroak izango dira. Halaber, horietan guztietan, HABEk definitutako Helduen Euskararen Irakaskuntzaren Oinarrizko Curriculumaren azpimaila gauzatuko da ikastaro bakoitzean. Bestalde, Ikasturte honetako eskaintza eta berrikuntzei dagokionez bi azpimarratu behar dira: Alde batetik, gurasoentzako ikastaroak. “Aurten handitu egin ditugu ikastaro hauen ordu-kopurua eta 166 ordukoak izango dira, 2 orduko hiru saio astean, urritik maiatzera. Modu horretan, HABEk homologatutako ikastaroak izango dira; gainera, HABEk definitutako Curriculumaren azpimaila bat egingo da ikastaro bakoitzean. Prezioa: 122,40 € matrikula arrunta eta 97,20 € matrikula murriztua (ikasle berriek matrikula murriztua ordainduko dute, baita aurreko ikasturtekoek ere, baldin eta asistentzia ona izan bazuten)”, azaldu zutenez. Beste alde batetik, 55 urtetik gorakoentzako ikastaroak. Urtetik urtera sendotzen ari den programa da. “Aurreko ikasturtean hasi ginen honelako taldeak eskaintzen BIZAN Sareko zentro batzuetan; bi sortu ziren; ikasturte honetan bi horiek jarraituko dute eta beste bi eskaini ditugu, bata San Martinen eta bestea Koroatzean. Prezioa 52,00 eurokoa da”, kontatu zutenez. Hirugarrenik, Jatorri atzerritarreko pertsonentzako euskara-ikastaroak. Aurten, saiakera berezi bat egingo dute Salburuan, auzoko eragileekin batera. Prezioa: 9,70 eurokoa izango da. Helburua litzateke ikastaro horiek egin ondoren talde arruntetako hasiera mailan (A1) sartzea ikasle hauek. Eta, azkenik, erkataritza eta ostalaritzako langileentzako ikastaroak. l

09/09/2022