Euskara modernoaren “hiztegi zehatzena”; horixe amaitu berri du Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Euskara Institutuak, Egungo Euskararen Hiztegia (EEH) titulupean. Hamabost urte proiektua garatzen aritu ostean, 70.751 sarrera, 251.153 adiera, 529.227 adibide eta 663.172 hitz multzo elkartzea lortu du entitate honek.
Edizio digitala soilik kontsultatu ahalko bada ere, adigarria da hiztegi honen tamaina; izan ere, paperean argitaratuko balitz, 30 bat liburuki eta 16.000 orrialde inguru edukiko lituzke. “Horrek bere dimentsio fisikoa adierazten du, noski, baina baita bere asmo intelektuala ere” adierazi zuen atzo UPV/EHUKO errektore den Eva Ferreirak, EEH aurkezteko antolatu zen prentsaurrekoan.
Proiektua 2008 urtean jarri zen martxan eta Ibon Sarasola, UPV/EHUko irakasle ohi, Euskaltzain emeritu eta hizkuntzalari eta filologoaren gidaritzapean eraiki da hamabost urtetan zehar, ahalik eta erabilgarri izan den arte.
EEH ez da baina, hutsetik sortu izan; Ereduzko prosa gaur corpusean oinarritu da, berau ere Euskara Institutuak gauzaturiko ekimena. Corpus horretan, 2000 eta 2006 urte bitartean, argitaraturiko 25 milioi testu-hitzak jaso ditu, eta hori dela eta esan daiteke euskara-euskara hiztegi “zehatzena eta zabalena” dela, UPV/EHUren esanetan. “Erreferente izango da, hiztegiaren izenak dioen bezala, egungo euskararen lexikoa jasotzen baitu”, azpimarratu zuen Itziar San Martinek, Euskara Institutuko zuzendariak.
Hiztegi honen sarrera bakoitza hainbat elementuz osatuta dago. Hitza eta bere esanahia ageri ez ezik, beronen testuingurua erakusten da, baita iturburua edota beste hitz batzuekin batera erabili ohi den ere (hau da, hitz multzoen maitasuna).
Egungo Euskararen Hiztegia UPV/EHUren webgunean kontsulta-tzeko aukera izango du gura duen edonork, www.ehu.eus/eeh helbidean. Honek proiektuaren “erabilgarritasuna” eta “irekitasuna” islatzen duela baieztatu zuen Ferreirak. “Euskal Herriko Unibertsitatearen nortasuna islatzen du: gure lan guztia, beti, euskal gizartearen eta gure kulturaren onerako zuzenduta dagoela”.