Bilboko Udalak bilbotarren artean euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko konpromisoa du, eta horren irudi da datorren asteazkenean, azaroak 9, Azkuna Zentroan ospatuko den Berbagunea programa. Aurten ekimen honen bederatzigarren edizioa ospatuko da, eta espero da 1.100 pertsona inguruk hartuko dutela parte. Berbagunea goizeko 9.30etik 19.00etara ospatuko da.
Beste behin ere, erronka izango da adin eta egoera guztietako euskaldunak hainbat gairi buruz euskaraz hitz egiteko mahai baten inguruan elkartzea: liburuak, kirola, aisialdia... Euskara ulertu eta hitz egiteko gai diren guztientzat -euskaldunak zein euskara ikasten ari direnentzat- zabalik dago jardunaldia, giro lasaian, beste euskaldun batzuekin hitz egin nahi badute.
Parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik Berbagunea programaren web-orrian izena ematea, inprimaki sinple bat beteta.
6 pertsona talde bakoitzean
Egun osoan zehar lau txanda antolatuko dira: 9:30etik 11:00etara; 11:00etatik 12:30era; 12:30etik 14:00etara; eta, azkenik, arratsaldez, 17:00etatik 18:30era, kasu guztietan Azkuna Zentroko atarian.
Txanda bakoitzean 300 parte-hartzaile egongo dira, gehienez 6 laguneko mahaietan antolatuta.
Talde bakoitzak elkarrizketa-gai bat izango du; 20 minutu igarotakoan, mahaiz aldatuko dira, eta beste gai bati buruz hitz egiten jarraituko dute. Txanda bakoitzean birritan aldatuko dira mahai batetik beste batera parte-hartzaileak; hau da, guztira hiru mintzagai izango ditu pertsona bakoitzak. Mahai guztietan pertsona bana egongo da moderatzaile-lanak egiteko.
Aurreko urteetan legez, kultura, gizarte, ekonomia, kirol eta politika arloko zenbait pertsonak ere parte hartuko dute Berbagunean eta herritarrekin mahai berean egongo dira euskarari ikusgarritasuna emateko.