Bizkaia

EuskarAbentura, hizkuntza arnasgunea gazte bizkaitarrentzat

Asier Guantes, bilbotarrak bere euskara erabilera handitu du 2019an abenturan parte hartu zuenetik
EuskarAbentura, hizkuntza arnasgunea gazte bizkaitarrentzat

EuskarAbentura martxan jarri da aurten berriz ere azken edizioaren ondoren (2019). Hirugarren edizioa da aurtengoa, uztailaren 1ean hasi zen ibilbidea Mauletik, eta ordutik Nafarroa, Araba eta Gipuzkoa zeharkatu dute (gehiengoa oinez) 29 etapatan. Egun bakoitzean herri edo hiri ezberdinak bisitatzen dituzte, haien kultura, historia eta ohiturak ezagutzeko. Hori guztia gainera, euskaraz elkarbizitzen. 31 etapa ditu guztira abenturak, hori dela eta, hilaren azken egunean izango du amaiera. Jziotarrak Bizkaian sartu dira dagoeneko, Getxo baita haien azken helmuga. Kortezubi eta Urdaibai zeharkatu dituzte haien azken etapetan.

120 gazte dira abenturan, (Hego eta Ipar Euskal Herriko zonalde ezberdinetakoak) egunean 20 kilometro egiten dituztelarik. Irune de la Maza getxotarra EuskarAbenturaren koordinatzaileetako bat da, eta, haren arabera, gazte euskaldun hauek “asko” disfrutatzen ari dira ezagutzen ari diren lekuekin, euskal historia eta kulturara gehiago hurbilduz. “Partaide gehienak Hego Euskal Herrikoak dira, eta, orduan, Iparraldea eta Nafarroa dira gazteek gutxien ezagutzen dituzten lekuak. Beti daude prest gauza berriak ikusteko eta ikasteko, herri ezberdinen ohiturak ezagutzen dituzte”, adierazten du koordinatzaileak.

EuskarAbenturaren helburuetako bat, euskal kultura eta historia ezagutzeaz gain, gazteak euskarara gerturatzea eta haien artean honen erabilera suspertzea da. Abenturan zehar gazteek errealiatate soziolinguistiko ezberdinak ezagutzen dituzte, Euskal Herriko hainbat lekuetako partaideak biltzen baitira. Baina Irunek ezin du baieztatu gazteak etapetan zehar euskaraz uneoro mintzatu direnik: “Gazte guztiek ez dute ohitura berdina euskaraz aritzeko, bakoitzak haren errealitate soziolinguistikoa du. Orduan, beste hizkuntzetara ere jotzen dute espedizioan zehar”.

Asier Guantesek, 19 urteko bilbotarrak, 2019ko EuskarAbenturan parte hartu zuen eta esperientziaz liluratuta bertako begirale bihurtzea erabaki zuen. Egun 10 gazte ditu bere kargu (nafarrak, gipuzkoarrak, arabarrak eta bizkaitarrak) eta berak dioenez, hauek ia uneoro mintzatu dira euskaraz: “Lehenengo bizpahiru egunetan toki erdaldunetatik zentoztenei apur bat kostatu zitzaien euskaraz aritzea, baina egunak aurrera egin ahala, orain denak aritzen dira %100 euskaraz”. Asierrek berak aitortzen du ere, abenturan parte hartu eta gero bere euskara erabilera “asko” handitu zela. “Xarma edo nahi berezi bat piztu zitzaidan barruan euskaraz aritzeko”, dio. Gaur egun euskaraz mintzatu ohi da bilbotarra lagunekin bere egunerokoan.

EuskarAbenturaren koordinatzailearen ustez, espedizio hau eta gero, partaideak euskarara “gehiago” hurbilduko dira. Izan ere, haren iritzian, gazte hauek esperientzia “positibo” bat bizitzen dute abentura honetan. “Denok dakite euskaraz baina askotan aurreritziengatik edo estereotipoengatik pentsatzen dute haien ondoko pertsonak ez duela jakingo eta agian badaki. Orduan, lehen hitza euskaraz egiten animatzen ditugu”, dio Irunek.

Gainera, berak dioenez, aurreko edizioetan eduki dituzten partaideak euskara batzordean sartu dira eta beste batzuk Euskaraldiaren lan-taldea sortu dute euren herrietan. “Aurreko edizioetako partaideak, ondoren, begirale bihurtu dira. Nire ustez hori oso aberasgarria da, gure helburuak eta espedizioa ezagutzen dutelako. Lehenengo pertsonan bizi izan dutena transmititzen diete gazteei”, gehitzen du.

Begirale horien adibide da Asier. Izan ere, haren esanetan, gune “erdaldun” batetik zentorren bera EuskarAbenturara: “Bilbotik etorri nintzen hona eta nire egunerokotasunean gehienbat erdaraz mintzatzen nintzen. Baina abenturaren ondoren, euskarara gehiago hurbildu nintzen”. Haren ustez, abentura igaro eta sei hilabetetara gazteek esperientzia hau gogoratuko dute, eta baita bertan ikasitako helburuak hizkuntzari dagokionez. Asierren iritziz, euskaraz “askoz gehiago” biziko dira aurrerantzean.

EuskarAbentura Kortezubin Euskarabentura

EUSKALKI EZBERDINAK ETA ELKARBIZITZA

16-17 urte bitarteko abenturazale hauek ia hilabete daramatzate elkarbizitzen, esperientziak partekatzen eta baita zonalde ezberdinetako euskara ezagutzen ere. Irunek, koordinatzaileak, dioenez, bizkaiera eta gipuzkera dira gehien entzuten diren euskalkiak. Gazteak, hasieran, “asko” harritzen ziren mintzatzeko modu ezberdinak entzutean, haren esanetan. “Adibidez, Hegoaldeko partaideei asko harritzen die Iparraldekoen euskara”, dio getxotarrak. Baina berak dioenez, gazteek “normaltasun osoz” jokatzen dute, eta elkarri galderak egiten dizkiete askotan ere, jakiteko bakoitzak nola esaten duen hitz zehatz bat haren euskalkian. “Hori oso aberasgarria da nire ustez”, adierazten du Irunek.

Baina Asierrek baieztatu duekez, kasu batzuetan “zailtasunak” egon dira ere gazteen artean elkar ulertzeko: “Nire taldean lekeitiar bat dago eta gainontzekoei zaila egiten zitzaien hasieran haren euskara ulertzea”. Baina begirale honen ustez, azken finean, “ohitura hartzea” da gakoa. “Orain denok ulertzen gara elkar eta hitzen bat ulertzen ez badugu beti galdetzea dago”, adierazten du.

Gazte hauek hilabete oso bat ematen dute abentura honetan, esperientzia ugari eta hizkuntza ohiturak elkarbanatzen. 24 orduz elkarrekin egonda lagun egiten dira. Baina uztailaren 31an agur esango diote aurtengo EuskarArabenturari, Getxora iritsiko baitira laster. Asierrek dioenez, egun “berezia eta tristea” izan ohi da espedizioaren azken eguna. “Amaiera iristear dago eta partaide batzuk jada penaz daude”, azaldu du begiraleak.

01/08/2022