Buscar
Cultura

Euskaraberritzen

Neoloteka ataria aurkeztu berri du UZEIk, euskarazko neologismoen biltegia. Barrura begirako proiektua izan dena eskuragarri jarri dute sarean, eta ekarpenak jasotzeko prest agertu dira
UZEI hizkuntza zerbitzuak Neoloteka ataria sortu du.
UZEI hizkuntza zerbitzuak Neoloteka ataria sortu du.

Pentsa, nola euskaratu mansplaining? Eta airfryer? Ba al dago Twitter eta Instagrameko hater-ei euskaraz izendatzerik? Eta, auto elektrikoaren erabiltzaile euskaldunak nola esango dio kargatze-puntu horri? Agian, terminook berriak izan dakizkioke bati oraindik, zer diren ere ez jakiteraino. Errealitate bat dira ordea, gizartearen sektore ugarirentzat, behinik behin. Heldu dira asmakizunak eta ideia berriak eta, ematen duenez, geratzeko asmotan. Hizkuntzak etengabe eguneratzen dira, gizarteek dituzten behar berrientzako izendapen berriak eginez. Eta euskaldunen komunitateak ere kontzeptu berrien beharra du. Neologismoak dira horiek hain zuzen, eta UZEI hizkuntza-zerbitzuetatik euskarazko neologismoak bildu dituzte Neoloteka atarian. 

Edanez ase

UZEIko kidea da Bego Arrate, eta haren arabera, bi modutara sortu daitezke neologismo horiek: beste hizkuntzetatik mailegaturik edota euskaratik bertatik. Euskararen kasuan, hitz edo esamolde berriak jatorrizkoak izan daitezke, euskaraz lehenagotik bazeuden hitzei adiera berria emanez. Baina itzulpenak edo egokitzapenak ere izan ahal dira. Adibidera eman ditu mansplaining (gizonek emakumeei azaltzea) eta hater hitzentzat proposatutako neologismoak: lehen terminorako hitz berri bat jaso dute, arzalpena. Bigarrenerako, aldiz, gorrotatzaile hitzari adiera berri bat eman, eta bildu dute. Helburua ordea ez da arautzailea, baizik eta ezagutaraztea zein izan den erabilera, eta hari horretan hala mintzatu da: “Gehiago begiratzen diogu egokitasunari zuzentasunari baino”.

“Hizkuntzarekin lan egiten dugunontzat, neologismoen jarraipena egitea oso garrantzitsua da”, azaldu du Arratek, eta ildo beretik azpimarratu du, euskararen prestigioa mantentzeko ere inportantea dela. Izan ere, gazteleraz edo katalanez badituzte beren neologismo-biltegiak, eta inguruko hizkuntzen modura, euskara ere hizkuntza bizia dela adierazteko beste modu bat da UZEIk aurkeztutako egitasmoa. Euskarak izan dezakeen “erresonantzia-kutxa” xumeagoa izan daitekeen arren, normalizatzeko bidean beste tresna bat izan nahi du.

Euskara erabiltzen den heinean, bilakatzen ari da. Hala, Arratek azaldu du bilakaera hori eguneroko lanean gertutik segitzen dutela: “zein forma sortu diren, noiz sortu diren, non dokumentatu diren”. Iturriak askotarikoak dira, baina idatzizkoak, batez ere: “Euskarazko komunikabide nagusien hustuketa egiten dugu”. Bestelako ikus-entzunezko baliabideetatik ere edaten dutela erantsi du, baina era xumeago batean, denbora eta arreta gehiago eskatzen baitute.

Kale edo bale

Jada erabilitakoak izatea eta erreferentziazko iturrietan jatorria izatea da lehenengo filtroa. Gero, ideia berri horrentzat egon daitezkeen aukerak aztertzen dituzte, eta aitzakiarik baldin bada batenbat baztertzeko, gramatikalki gaizki osatu delako kasu, hala egiten dute. Aurreko astean, esaterako, desazkunde hitza gehitu zuten zerrendara, eta aukeren artean hazkunde hitzaren berezko hatxea mantentzen zuen deshazkunde hobetsi gabeko forma gisa ezarri zuten.

Gerta daiteke, Arratek azaldu duen moduan, adiera edo esamolde batek aukera bat baino gehiago izatea, denak onargarriak direlako, eta gerta daiteke halaber, onargarrien artean hobetsitako ordainak egotea. Horretan dihardute, besteak beste. Izan ere, Neoloteka UZEIren barruko proiektu gisa abiatu zen, hiztegigintzan eta itzulpengintzan aritzen baitira. Egitasmoaren potentziala eta euskarazko komunitateei egin diezaiekeen ekarpena baloraturik eskuragarri jartzea erabaki zuten orain gutxi.

“Aurkezten ditugun hitzak edo esamoldeak adierazgarriak izatea nahi dugu”, eta gehitu du horregatik saiatzen direla oreka bat bilatzen. Hau da, biltegia eguneratzeko orduan, saiatzen ari dira ez daitezela izan gai, hizkuntza eta garai berekoak. Hasieran, 50 termino aurkeztu zituzten, eta UZEIkoen asmoa da hilabetean 20 bat gehitzea. Arratek aurreratu du, proiektua “arnas luzekoa” izango dela, eta beraz, euskara berritzen segituko dutela bere aldetik. Gainera, erabiltzaileek proposamenak egiteko aukera ere badute. Arratek ohartarazi du ez dela norberak sortutako hitzak jasotzeko buzoi ireki bat izango, eta norbaitek ekarpena egin nahi izanez gero, dokumentazioa erakutsi beharko du.

Bide batez, Neolotekan, airfryer-arentzat aire bidezko frijigailu proposatzen dute ordain lehenetsi gisa, eta auto elektrikoak kargatzeko puntuentzat, ibilgailu automatikoentzako kargagune edo elektrolinera.

2023-01-24T17:03:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo