Buscar
Actualidad

Euskaraldia: Azpeitian euskaraz ikasi zuen galiziarra

Marta Trigo galiziarrak zazpi urte daramatza jada Azpeitian, azkeneko bostak buru-belarri euskara ikasten eman ditu, eta horri esker, gure hizkuntza egunerokotasunean txertatuta dauka.
Marta Trigo, bere seme Xoanekin, Euskaraldiko 'ahobizi' eta 'belarriprest' rolak irudikatzen dituzten bi kartel eskuan dituela.
Marta Trigo, bere seme Xoanekin, Euskaraldiko 'ahobizi' eta 'belarriprest' rolak irudikatzen dituzten bi kartel eskuan dituela.

Marta Trigo galiziarra da eta zazpi urte daramatza jada Azpeitian bizitzen. Euskaltegian aritu da buru belarri azken bost urteotan, euskaraz hitz egiten ikasi eta herriaren egunerokotasunean integratzeko helburuarekin. Gaur egun euskaraz, galegoz zein gazteleraz komunikatzeko gauza da, eta aurten, lehen aldiz, Euskaraldian parte hartuko du, “eredu izateko” eta euskara ikastea “ezinezkoa ez dela erakustea gustatzen zaiolako”, egunkari honekin solasean adierazi duenez.

Trigo “maitasunak bultzatuta” iritsi zen Gipuzkoako udalerri honetara, senarra bertakoa baita. Ibizan ezagutu zuten elkar, eta denboraldi baten ostean, Azpeitira etortzea erabaki zuten. “Oporretan etorrita nengoen eta bizitzeko leku ona zela pentsatu nuen”, esan digu.

Hasieran, “gogorra” izan omen zen Trigorentzat Azpeitian bizitzera ohitzea, “oso euskalduna” delako eta kalera irtendakoan ez zituelako kartelak edota ingurukoen elkarrizketak ulertzen. Horregatik, “argi neukan euskara ikasi behar nuela. Hemen bizitzeko beharrezkoa da; bestela, kanpotarra izango zara bizitza osoan”, aipatu du.

Eta halaxe, bost urte daramatza ikasketa prozesuan murgildurik, “ia-ia egunero” Azpeitiko euskaltegira joanez. Une honetan B2 mailako klaseetan dabil eta bere gaitasun mailan “emaitzak bistakoak” omen dira. Horrek motibatu egiten duela aitortu arren, motibazio hori erdi-mailako ikaskuntzara iritsi arte ez duela sumatu aipatu du, A1 eta A2 mailak “gogorrak” direla. Gainera “denbora inbertitu behar duzu hizkuntzan, bestela ezinezkoa da. Adibidez, galegoa, italiera, portugesa, belarriarekin ikasi ditzakezu, latindarrak direlako eta errazagoak. Baina hemen, eskolara joan gabe ezinezkoa da”, azpimarratu du Trigok.

Bere eguneroko bizitzan euskara erabiltzen saiatzen da Trigo, orokorrean, erosketak eta enkarguak egiterako garaian. Baina “egunaren arabera” hori ere aldatu daitekeela aitortu du; oso nekatuta dagoenetan gaztelerara jotzen omen du batzuetan, oraindik euskal hizkuntzak esfortzu handiagoa eskatzen diolako.

Orain lau urte, ordea, aldaketa handi bat jazo zen Trigoren bizitzan: Xoan semea jaio zen. Horrekin batera, dinamika berri bat ezarri zuen bere ohitura linguistikoetan: kalean euskaraz hitz egiten jarraitu du, baina semeari galegoz egiten dio, parkera joaten direnean izan ezik, bertan gainerako haurrekin desberdintasunik sumatu ez dezan.

Xoan, beraz, hiru hizkuntzatan mintzatzeko gauza da; “amatxorekin galegoz, aitatxorekin euskaraz” eta azken horren aldeko aiton-amonekin, gazteleraz. Hala ere, “oraindik txikia denez burua pittin bat nahastuta dauka” dio amak. Alegia, jakin badaki hiru hizkuntzak erabiltzen, baina sarritan ez da jabetzen une jakin batean zein darabilen.

Hori bai, galegoa soilik amatxorekin komunikatzeko hizkuntzatzat dauka Xoanek. Galiziara, Ourensera -Trigo, izatez, Celanova herrikoa da- oporretara joaten denean, gazteleraz aritzen da abuelo eta abuelarekin, beraiek galegoz hitz egiten badute ere. “Hemen bizi denez, euskaraz hitz egiten ez badute, gazteleraz egingo dutela ulertzen du”, dio Trigok. Beraz, Euskararen alternatiba Xoanentzat, gaztelera da. “Galegoa gure arteko hizkuntza bailitzan, berea eta nirea. Beste inorena ez”.

Lehenengo aldiz Euskaraldian

Testuinguru hori kontuan izanik, Euskaraldian lehendabizikoz parte hartzen animatu da aurten Trigo. Aurreko edizioetan, bazekien “txapak bazeudela”, baina “ez nuen Azpeitiko programazioaren berririk”. Oraingo honetan, ordea, sare sozialen bidez jakin zuen; “lagun batek argazkia bidali zidan, txapak hartzeko”, gaineratu du. Euskaltegitik pasako omen da ikurraren bila baina, horrez gain, ez zaio iruditzen bere buruari erronka berezirik ezarriko dionik. Orain arte bezala jarraitu nahi du, “hitz egin eta hitz egin, eta zenbat eta gehiago, hobe”. Gutxieneko adina 16 urtekoa denez, Xoanek ez du Euskaraldian parte hartuko, baina amatxok parkean euskaraz hitz egingo dio, beti bezala.

Euskaraldiaren antolakuntzako hainbat kide, euskal gizarteko kultura eta kirol eragileekin batera, Donostiako San Telmo Museoan eginiko ekitaldian.

Euskaraldiaren antolakuntzako hainbat kide, euskal gizarteko kultura eta kirol eragileekin batera, Donostiako San Telmo Museoan eginiko ekitaldian. Ruben Plaza

Ekimen horretan “eredu izateko” parte hartu nahi omen du Trigok, heldutan euskaraz hitz egiten ikastea “ezinezkoa ez dela erakustea gustatzen zaiolako”. “Gainera, hizkuntza gutxituekin kontzientziatuta nago”, azpimarratu du, “nire hizkuntza, galegoa, egoera beretsuan baitago”. Segituan, dator, ordea, zuzenketa; “agian, okerrago dago galegoa, hango hizkuntza politikak oso txarrak direlako”. Nolanahi ere, “sentsibilitatea badaukat” gai honekiko.

Euskararen eta galegoaren arteko konparaketan, Trigok EAEn ezarritako politikak eta erabilitako baliabideak azpimarratu eta balioan jartzen ditu; esate baterako, hemen hezkuntza sisteman euskaraz soilik ikasteko aukera izatea, D eredua, alegia. Galizian, aldiz, egoera guztiz ezberdina omen da; “agian eskolen araberakoa izango da, baina nik ezagutzen ditudanak centros castellanizadores (erdalduntze zentroak) dira. Nire familia galegoparlantea da eta nire ilobek gazteleraz egiten dute eta, nire ustez, hori eskolak eragindakoa da”, nabarmendu du.

Euskararen normalizazioaren eta erabilpen ohituren paradigmaren aldaketan, Euskaraldia bezalako ekimenak oso positiboak direla berretsi du Trigok. “Hizkuntza urte osoan babestu behar dugu, baina ekitaldi hauek ondo etortzen dira errefortzurako”.

Euskaraldiaz haratago

Hala ere, bi aste hauez gain, Trigok baditu hainbat proposamen, euskaldun zaharrek euskaldun berriei hizkuntza geroz eta gehiago erabiltzen lagundu diezaieten. Alde batetik, euskara batuan mintzo direnean, batez ere adineko pertsonek, pazientzia izatea, motelago hitz egitea eta gazteleraz aritzera ez pasatzea; “nik badakit dena ez dudala ondo esaten, baina ulergarria da eta solasean aritzeko gauza banaiz”, dio Trigok.

Bestalde, semearekin galegoz ari denean, Xoani zuzenean gazteleraz ez egitea; izan ere, segurutzat jotzen baitute kanpotarra dela, hizkuntza bat baino gehiago jakingo ez balitu bezala. “Asko haserretzen nau. Nirekin galegoz egiten du, baina euskaraz ere badaki; hemengoa da, ikastolara joaten da eta bere hizkuntza ere bada”.

2022-11-18T06:39:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo