“Jarrai dezagun hizkuntza ohiturak aldatzen eta euskararentzako gune erosoak sortzen”. Euskaraldia amaitu da, baina bihartik aurrera ere hamabost egunez aurrera eramandako ariketa sozialarekin jarraitzeko deia egin dute antolatzaileek.
Hirugarren edizio honetan 161.099 lagunek hartu dute parte, baina zifrez haratago, balorazio positiboa egin dute sustatzaileek, ariketa soziala jendartean “normalizatu eta finkatu baita”. Gainera, ahobizi eta belarriprest rolen atzean dauden konpromisoak jendartean identifikatuta daudela defendatu dute: "ongi ulertu dira, argi geratu da ez dela kanpaina bat, konpromiso bat baizik". Guztira 6.634 entitatek eman dute izena Euskaraldiaren hirugarren edizioan eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak. "Gainera, aurreko ariketetan iritsi ez ginen eremuetara iritsi gara aurtengoan", aipatu dute.
Hala azaldu dute goizean Gasteizen, Artium Museoan, egindako agerraldian Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko herritarrekiko harremanetarako kontseilaria, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak, besteak beste.
Horrenbestez, Euskaraldia gizartean "oso barneratuta dauden arau sozialetan eragiteko eta aldatzeko proposamena" dela gogorarazi dute antolatzaileek eta "edizioz edizio ari gara bide hori urratzen". Izan ere, "herritarrak ariketak proposatzen dituenak ulertzen eta barneratzen ari dira". Hala, balorazioa oso positiboa egin duten arren, aurten txapen erabilera nahi baino txikigoa izan dela aitortu du Zupiriak.
"Euskaraldian oinarrizkoa da euskaraz aritzeko aukerak bistaratzea eta txapek funtzio hori betetzen dute. Ikerketek diote gure hizkuntza ohiturak errazago aldatzen ditugula txapak ikusten ditugunean, babestuta sentitzen garelako eta estres linguistikoa murrizten zaigulako. Komunitatea ikusgarri egitea euskararentzat oso garrantzitsua da", azaldu dute. Horregatik, egoera aztertu egingo dutela jakinarazi dute, atzean dauden arrazoiak zeintzuk diren identifikatzeko etan aurrerantzean txapa gehiago ikus daitezen zein aldaketa egin beharko diren baloratzeko.
Lehen ediziotik, 2018tik, hizkuntza ohituretan eragiteko helburua izan duen ariketa praktikoa izan da Euskaraldia, eta azaroaren 18an hasi zen hirugarren aldi honek ere hori izan du helburu nagusia. Lehen hitza euskaraz egitea, ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzea, elkarrizketa elebidunak praktikatzea eta euskara erabiltzeko gune babestuak sortzea dira partaideei Euskaraldiak proposatzen dizkien ariketak.
"Bihartik aurrera"
Gauzak horrela, Kike Amonarrizek etorkizunean jarri du fokua: "Oso ohituta dago euskararen aldeko kanpainetara, eta honekin bide berri bat zabaltzen ari gara, portaeretan eragiteko. Euskaraldia soilik egitea ez da nahikoa, arau sozialak aldatzeko lanean eta inertziak apurtzeko proposamen berria egotea garrantzitsua da".
"Euskaraldiak behar du ediziotik ediziora norbanakook gure hizkuntza ohituretan aldaketak egiten jarraitzea eta era guztietako entitateek beraien hizkuntza plangintza eta politiketan urratsak ematen jarraitzea", amaitu dute.