Hirugarren Euskaraldia ia martxan da. Ekimena ostiral honetan abiatuko da Euskal Herriko txoko guztietan eta datorren abenduaren 2ra arte gizartearen ohitura linguistikoak aldatu eta euskararen erabilera zabaltzea bultzatuko du. Ostegun honetan, baina, aurtengo edizioari ongietorria emateko asmoz, irekiera ekitaldiak izan dira hiriburu nagusietan; Donostian, Bulebarrean gauzatu da, 18.00ak eta 20.00ak bitartean. Eguraldia ez dute lagun izan, ordea, eta ez da espero bezainbat jende gerturatu, baina hala ere hainbat herritar izan dira bertan euskararen aldeko defentsa aktiboa islatzeko intentzioarekin.
Ekitaldia kultura alor ezberdinen arteko amalgama gisa suertatu da. Hasteko, Donostiako Musika Eskolaren musika eta dantza emanaldiaz gozatu ahal izan dute bertaraturiko herritarrek. Ondoren, umore saioa izan da, Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren eskutik.
Iluntzeko 19.25 inguru, Euskaraldiaren mezua irakurri dute Tanya de la Cruzek, Iñaki Salvadorrek eta Sua Enparantzak eta, irakurketa amaiturikoan, txapa jartze kolektiboa egin dute Bulebarrean zeuden donostiar eta gipuzkoarrek, aurtengo edizioari ikusgarritasunez ekinik. Amaitzeko, Mugan taldeak kontzertu labur bat eskaini du.
Irekiera ekitaldia gauzatu aurretik, hiru mintzagune izan dira goizean, 10.00etan, 11.00etan eta 12.00etan. Espazio hauen helburua euskaltegietako ikasleei euskaraz mintzatzeko beste gune bat ezartzea izan zen, hitz eginez zabaltzen baita ezagutza.
Izan ere, Hitzez Ekiteko da aurtengo Euskaraldiaren leloa; hitzak ere ekintza erreminta izan daitezkeela irudikatu nahi duen ideia.
Giro paregabea ostegun iluntze honetan, beraz, Donostiako Bulebarrean. Azkeneko txanpan Euskaraldian izena eman nahi izan dutenek ere izan dute aukera, baina inskribatu, baita txapa jasotzekoa ere. Ostiral honetatik aurrera, dena prest datorren bi astetan euskaren normalizazioari beste bultzada bat emateko.