Actualidad

Euskaraldia: zer da? Zer ospatzen da epe tarte horretan?

Euskaraldiak indarra hartzen du furgonetarekin hainbat herritik zehar
Euskaraldiaren furgonetak harrera bikaina izan du bisitatu dituen herrietan.

Hilabete eskas falta da Euskaraldia indartsu hasteko Euskal Herrian, herritar guztien artean euskararen erabilera indartzeko. Eta hasi eta aste gutxira, nabaritzen hasi da haren presentzia. Irailaren 17an ekin zion furgonetak ibilbideari, eta harrezkero, herri eta hiri asko bisitatu ditu, besteak beste, Gasteiz, Orio, Portugalete eta Lizarra. Autobusaren helburua da, bereziki, Euskaraldiaren etorreraren berri ematea eta interesa duten guztiei izena ematea erraztea. Gainera, Euskaraldia kontzienteago egiteko prestakuntzaren garrantzia zabaldu nahi du.

Horrela, eta ildo horretatik jarraituz, Euskaraldiaren antolatzaileek azaldu zutenez, “gunearen helburua bikoitza da: batetik, Euskaraldia badatorrela jakinarazi nahi dute bertatik bertara, ariketaren inguruko informazioa eman eta izen-emateak bilduta. Eta, bestetik, Euskaraldia modu sakon eta erosoan egiteko prestakuntzak duen garrantzia zabaldu nahi dute, aholkuak eta bestelako pilulak emanez”. Informazio eta prestakuntzaz gain, denda ere topatuko dute bertaratzen direnek. Kamisetak, poltsak, jertseak… probatzeko aukera izango da (denda.euskaraldia.eus/ gunean ere eskuragarri); eta bertan egongo dira Euskaraldiko banderatxoak ere salgai, ariketari ikusgarritasuna ematea oso garrantzitsua baita ingurune abegikorrak sortu eta ariketa eroso egiteko. Beraz, bertan izango dira salgai (baita webguneko dendan ere), etxeetako balkoietan edo entitateetako erakusleihoetan jartzeko. “Gune ibiltaria euren herrietan hartzeaz gain, bestelako hamaika ekintza antolatu dituzte herrietako batzordeek furgonetaren bueltan. Horren adibide da Ermua, atzo antolatu baitzituzten jolasak eta bestelako ekintzak gune ibiltaria han zela aitzakia hartuta”, azpimarratu zuten. Azarora arte egingo diren geralekuetan autobusa Arabako eta Euskal Herriko hainbat herritan zehar ibiliko da, Euskaraldiarekin bat egiteak duen garrantzia herritar guztien artean zabaltzen jarraitzeko. Horrela, indar bereko euskaldun edo euskaldun berrien artean euskararen erabilera bultzatzen jarraitu nahi da eta Euskal Herri osoari garrantzi bera eman.

Ariketa sozial masiboa

Baina, zer da ba, Euskaraldia? Zer ospatzen da epe tarte horretan? Zertarako eta batez ere, zegatik? Hala, erantzunen artean, Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. “Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara uler-tzea da”, azaldu zuten antolatzaileek.

2018an egin zen lehen aldiz ariketa, Euskaraldia: 11 egun euskaraz; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak. Bigarren ariketa 2020an burutu zen, eta, horretan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten. Ariguneak sortu ziren. “Bereziki ariketa edo praktika kolektibo bat da. Ariketa horretan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal izango da”. Euskaraldia ondoko helburuekin sortu da: hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko, norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea, inertziak apur-tzea, gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea, gizarte aktibazioa, ariketa kolektibo baten bidez, herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea eta euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea.

Euskaraldiaren koordinazioa Euskal Herriko erakunde publikoen eta Euskaltzaleen Topagunearen arteko elkarlanean gauzatzen da. Topagunearen kudeaketapean, Euskaraldiaren koordinazio mahaia osatzen dute Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Elkargoak. Edizio honen bidez, euskararen aldeko apustua egiten jarraitu nahi da herritarren artean hizkuntza nagusi gisa, edo, batez ere, gaztelania lehen hitza duten herritar guztien aldaketa bultzatu nahi da, euskara jakin edo ulertu arren. Arabari dagokionez, erakundeek behin baino gehiagotan azpimarratu dute garrantzitsua dela gazteen artean aldaketa bultzatzea, bereziki, euskara ondo ulertzen dutelako, baina gero, aisialdian, gaztelaniaz hitz egiten dutelako.

  • Denda. Euskaraldiaren antolatzaileek azaldu zutenez, “gunearen helburua bikoitza da: batetik, Euskaraldia badatorrela jakinarazi nahi dute bertatik bertara, ariketaren inguruko informazioa eman eta izen-emateak bilduta. Eta, bestetik, Euskaraldia modu sakon eta erosoan egiteko prestakuntzak duen garrantzia zabaldu nahi dute, aholkuak eta bestelako pilulak emanez”. Informazio eta prestakuntzaz gain, denda ere topatuko dute bertaratzen direnek. Kamisetak, poltsak, jertseak…
27/10/2022