Buscar
Araba

Euskararen alde egiteko ekitaldiak

Lerro hauekin batera agertzen den irudian, Euskaraldiaren aurkezpenean egindako irudia. | ARGAZKIA: ALEX LARRETXI
Lerro hauekin batera agertzen den irudian, Euskaraldiaren aurkezpenean egindako irudia. | ARGAZKIA: ALEX LARRETXI

Euskararen erabilera bultzatzen jarraitzeko ekitaldi eta ekintzek aurrera jarraitzen dute, oraingoan Araban. Euskaraldia hasi baino egun batzuk lehenago, antolatzaileek programazio zabala antolatu dute Gasteizen hizkuntza sustatzen jarraitzeko eta Euskaraldia hilaren 18an hasiko dela gogoratzeko.

Euskaraldia gainean dugu dagoeneko, izan ere azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2a bitarte da ospatzekoa. “Dagoneko hainbat Arigune osatu dira entitate desberdinetan eta orain norbanakoen txanda da. Euskaraldian parte hartzeko izen ematea irekita dago dagoeneko eta bertan Ahobizi edo Belarriprest bezala parte hartzeko aukera izango du edonork”, azaldu zuten atzo. “Horretarako euskaraldia.eus webgunean sartu beharko dugu eta bertan izen emate galdetegia bete. Aurreko edizioetan izena eman zutenek berretsi besterik ez dute egin beharko, horretarako webgune horretan bertan, aurrekoan izena emateko erabilitako helbide elektronikoa sartu eta berrestea besterik ez da egin beharko”, gaineratu zuten. Hori egin eta gero, hau da, behin izena eman edo berretsitakoan txapak jasotzeko unea izango da, horretarako norbere auzoko Gizarte Etxera edo Montehermoso eraikinera hurbildu eta bertan eskatzea besterik ez da egin behar, bakoitzak aukeratutako rolaren txapa jaso ahal izango du bertan. “Dakizuenez Euskaraldiaren sutapena egiteko hainbat auzotan Euskaraldia Batzordeak osatu dira. Orain arte Ariguneak lortzeko lanketan jardun dute buru belarri eta hemendik aurrera norbanakoen izen ematea sustatzen jardungo dute. Lanketa honetan laguntzeko auzoetan zenbait ekitaldi jarri dira martxan”, jakinarazi zuten. Ekitaldi hauetan guztietan egongo da Euskaraldiaren inguruko informazioa biltzeko aukera. Lehen ekitaldi sorta dagoeneko plazaratu dute: hilaren 10ean. Mintzodromoa eta mintzapoteoa ospatuko da arratsaldeko seiretan Judimendin (Sumendi Espazioa). Hurrengo egunean, Ane Gebararen saio bat eta txokolatada bat antolatuko dute arratsaldeko bost eta erdietan Iparralde Gizarte Etxean. Egun horretan bertan, Salburuan Euskara Plazara ere izango da, arratsaldeko bost eta erdietan, Ekialde parkean. Eta egun horretan bertan euskaldiskoa izango da arratsaldeko seietan Abetxuko ikastetxean. Azaroaren 18an txolatada bat izango da Hegoalde gizarte-etxean (eta Elssie eta Dekker). Halaber, azaroaren bigarren hamabostaldian beste auzo batzuetan ere antolatuko dira jarduerak. Ekitaldiak zehaztu ahala, hainbat programatan argitaratuko dira.

Ekintza

Euskaraldia hasi aurreko egunean, azaroren 17an, Euskal Herriko hiriburu guztietan ekintza bateratu bat antolatuko da hiriburuetako Euskaraldia Dinamizazioek eta Euskaltzaleen Topaguneak koordinatuta. Bakoitza bere hiriburuan, baina denok elkar hartuta, orain arte “auzo eta herrietako Batzordeek egindako lana eskertu, izena emandako Ariguneak hauspotu eta Ahobizi eta Belarriprest guztiak gonbidatuko ditugu, giro onean eta elkarrekin, txapa jartze bateratu bat egitera! Gainera, ETB-k zuzeneko emankizuna plazaratuko du hiriburu guztietako ekitaldiak tartekatuz”, erantsi zuten. Izan ere, gero eta gutxiago falta da arabar guztiak euskararen jaiarekin bat egin dezaten. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diote ariketari. “Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin. Belarriprestok eta ahobiziok aukera berriak izan ditzagun lan egingo dugu elkarrekin”. l

2022-11-06T07:34:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo