Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) arautuko duen udal ordenantza onartu du Amasa-Villabonako Udalak azken osoko bilkuran. Tresna berri honen sorrerarekin, onarpenarekin eta etorkizuneko aplikazioarekin Udalak euskararen normalizaziorako hizkuntza politikan aurrera egiteko helburua du.
Prozesu honen baitan, beharrezkoa ikusi du lurraldean zatiketa egitea; euskararen arnasgune izaera aitortu dio Amasako eremuari eta Villabonari udalerri euskaldun izaera eman dio. Amasako hizkuntza-errealitatea txikiagoa izanik hauskorragoa da, eta edozein aldaketak nabarmen eragin izan dezake bertako hizkuntza ohituretan, modu horretan, Amasan euskarak duen nagusitasuna babestu nahi izan da.
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaren helburua lurralde-eremu jakin bateko proiektu eta jarduera pribatu zein publikoek bertako errealitate linguistikoan izan ditzaketen balizko eraginak aurreikustea, identifikatzea eta ebaluatzea da. Hala, hirigintza proiektuek, turismokoek edota jarduera sozioekonomikoari lotutako aldaketek izango duen eragina neurtzen du. Horrez gain, euskararen eta euskal hiztun elkartearen egoerari kalterik eginez gero, horiek murrizteko eta aurre har-tzeko neurriak proposatzen dituen tresna ere bada.