Actualidad

Euskararen aurkako epaiak salatzeko manifestazioa deitu dute

Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an oldarraldi judizialen aurka agertzeko deialdia egin du
Euskararen normalizazio prozesuan egindako atzerapausoak eragiteko “olatu euskarafoboa” salatu zuen Kontseiluak.

Gero eta argiago gera tzen ari da kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat”. Hala baloratu zituen atzo Euskalgintzaren Kontseiluak azken hilabeteetan egon diren euskararen aurka ateratako ebazpenak.

Bilbon egindako agerraldi jendetsu batean, “egoera larriaren ondorioz”, mobilizazio soziala ezinbestekoa dela azpimarratu zuen Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak. Eta azaroaren 4an Bilbon manifestatzera deitu zituen herritarrak, “milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza”.

Kontseiluak kezka agertu zuen, auzitegien ebazpenek “euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra” egiten dutelako. “Euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa” salatu zuten.

Eskisabelek gogora ekarri zuenez, Erandiokoa izan da, momentuz, azken epaia. Uliazpi Fundazioaren lan-deialdiaren aurkako senten-tzia, errekurrituta dagoena, baliatu dute azken hau justifikatzeko. Soka beretik heldu ziren, besteak beste, Barakaldokoa, Irungo udaltzainen hizkuntza-eskakizunen aurkakoa edota euskara hizkuntza “zailegia” dela baieztatu zuen Laudiokoa.

Hizkuntza-politikak

Gauzak horrela, Kontseiluak azpimarratu zuen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, lau biztanletik hiruk uste dutela “euskaraz jakin behar dela administrazioan lan egiteko”. Hots, “epaileak hizkuntza-politika egiten ari direla, kontsentsu zabalean oinarritutako neurrien eta horretarako eskumena duen botere legegilearen gainetik”.

Alde horretatik, nabarmentzekoa da epai hauek guztiak lotzen dituen haria “premisa faltsu bat dela: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak kontrajartzea”, salatu zutenez. Izan ere, oldarraldi honi erantzunez epaien jomugan izan diren langile eta herritarren protestek agerian utzi duten bezala “elkar osatzen duten eskubideak dira, inola ere ez kontrajarriak”, Eskisabelen hitzetan.

Ildo beretik dator EAEko Udal Legearen auzia. Udaletan ordezkaritzarik ez duen alderdi batek jarritako helegitearen ondorioz, EAEko Justizia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Salak legearen konstituzionaltasuna ebazteko eskatu dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari.

Gauzak horrela, kontuan izan behar da 1982ko Euskararen Legearena baino are kontsentsu zabalagoarekin onartu zela lege hau eta auzitan dagoena, besteak beste, 6.2 artikulua dela, hain zuzen ere, “toki-erakundeek beren jarduerak euskaraz egitea ahalbidetzen duena”.

Horrexegatik hain zuzen ere, Euskalgintzaren Kontseiluak ehundik gora norbanakorekin eta gizarte eragileen ordezkariz babestuta, abokatu eta juristak, kazetariak, euskalgintzako kideak... beren kezka agertzeko agerraldia egin zuten atzo. Izan ere, “kezkaz ikusten dugu Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan indartzen ari den joera bat delako, eta, aldi berean, Euskal Herritik harago Espainiako eta Frantziako estatuetako beste hizkuntza gutxituen eremuetan ere gertatzen ari delako”, azaldu zuten.

Hala, urrats bat emateko garaia dela defendatu zuen Eskisabelek, “euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko”. Izan ere, oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek “atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan”.

Mobilizazioa Bilbon

Horrenbestez, Euskalgintzaren Kontseiluak dei egin zuen euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei azaroaren 4ean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera. Izan ere, “larria da gertatzen ari dena: euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala”, bukatu zuen Eskisabelek.

Azaroaren 4an

Euskarafobia

Arlo judizialean. “Euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa” salatu zuen atzo Kontseiluak. Izan ere, azpimarratu zutenez, “oldarraldi honen agerpen mediatikoak eta politikoak aspalditik ezagunak bazaizkigu ere, azken boladan gordin-tzen joan dira, bereziki, alor judizialean”.

Hizkuntza

Gutxituak. Kezkaz ikusten du Kontseiluak Euskal Herriko “hiru eremu administratiboetan indartzen ari den joera bat delako”, eta, aldi berean, Euskal Herritik harago “Espainiako eta Frantziako estatuetako beste hizkuntza gutxituen eremuetan ere gertatzen ari delako”.

12/05/2023