Abenduaren 3a egun garrantzitsua da Baztanen. Euskararen Nazioarteko Egunaren harira ekimen desberdinak antolatzen dira urtero, eta aurtengoa ere ez da bertzelakoa izan.
Larunbat honetan, goizean, erraterako, Baztango Xulubitariak eta Baztango Gaitariak, beren musikarekin karrikak alaitzen ibiliko dira eta eguerdian, mutil-dantzak, gaita-dantza eta bertzelako dantza herrikoiak dantzatzeko aukera izanen da Elizondoko Foruen Plazan, euria eginez gero Iriarte pilotalekuan.
Arratsaldean, aldiz, Iruritako Gizarte Bigunean, 19.00etan, Mairu Antzerki tailerrraren eskutik Intxaurra antzezlanarekin gozatzeko aukera izanen da.
Igande honetan ere izanen da non josta. Arizkunen, medikuaren etxean 17.00etan, Izotz Aroa, haurrendako filma proiektatuko dute eta ondotik txokolatesnea banatu.
Ez dira abenduaren 3aren aitzakian antolatutako ekitaldi bakarrak. Ikastetxe desberdinetan ortzirale honetan ospatu zuten Euskararen Nazioarteko Eguna, eta Elizondon, Baztan Ikastolako eta Elizondoko Eskola Publikoko ikasle eta irakasleak karrikara atera zuten euskararen aldeko aldarria. Lehenbizi, talde txikietan Elizondoko karrika desberdinak zeharkatu zituzten, euskara ardatz zituzten kantuak kantatuz, eta gero Foruen Plazan elkartu ziren denak. Bertan, Elizondoko Eskola publikoko ikasleek bertso batzuk kantatu zituzten, Baztan Ikastolakoek, beren aldetik, Euskaraldiko abestia kantatu eta dantzatu zuten, eta akitzeko, denek batera Behin betiko kantua abestu zuten.
Ondoko egunetarako ere bertze hainbat hitzordu finkatuak daude. Abenduaren 15ean, 'Euskalgintza eta feminismoaren arteko loturak' mahai-ingurua izanen da Elizondon, Arizkunenea kultur etxean 18.00etan, Lorea Agirreren eta June Fernandezen parte hartzearekin eta Elurre Iriartek dinamizatua. Udaleko Euskara eta Berdintasun Batzordeek antolatu dute eta euskararen normalizazioaren eta genero berdintasunaren arteko antzekotasunak landuko dituzte.
Akitzeko, abenduaren 17an Iratxoen kontu sekretuak, haurrei bideraturiko emanaldia izanen da Iruritan, 18.00etan Gizarte Bilgunean.
EUSKARALDIA
Ortzirale honetan bukatu da aurtengo Euskaraldia. Hitzez ekiteko garaia lelopean, 15 egunez burutu da euskararen aldeko ariketa sozial erraldoiaren hirugarren edizioa. Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, milaka izan dira ariketan parte hartu dutenak.
Baztango kasuan, zehazki, 880 lagunek hartu dute parte, horietatik 792k Ahobizi rola hartu dute eta 88 Belarriprest gisa aritu dira. Gainera, 78 entitatek ere hartu dute parte eta guztira 132 Arigune sortu dira. Kopuru absolutuak kontuan, duela bi eta lau urteko edizioekin alderatuta Ahobizi eta Belarriprest gutxiagok hartu dute parte, baina Arigune gehiago sortu dira.