CAV

Euskararen erabilera helburu 30 urtez

Bagera Elkarteko Mintzalagun programak hiru hamarkada beteko ditu datorren abenduan
Euskararen erabilera helburu 30 urtez
Escuchar
01:39

Bagera Donostiko Euskaltzaleen Elkartea da eta duela 30 urte abian jarri zuen Mintzalagun egistasmoa. 30 urte dira, beraz, euskararen erabilera areagotzeko helburuz sortutako programa martxan dela.

Aitziber Gurutzeagak, Bagera Elkarteko kideak, 30 urte hauen nondik norakoak azaladu dizkigu Onda Vascako Gipuzkoako Kale Nagusia saioan. "Mintzapraktika egiteko egitasmo bat da Mintzalagun ekimena, hau da, daukazun ezagutza praktikan jartzeko modu bat edo erabileran trebatzeko". Gurutzeagaren hitzetan, "honetarako talde txikiak antolatzen ditugu, hiru edo lau lagunetakoak. Batetik, beti egoten da taldean euskaraz hitz egiteko ohitura duen lagun bat; bestetik, praktika behar duten bi edo hiru lagun izaten dira."

Astean behin, ordu betez, elkartzen dira parte hartzaileak mintzapraktika saio bat egiteko, solasaldi lasai baten bitartez. "Helburua izaten da trebatzea, akatsak egiteko beldurra gainditzea eta poliki-poliki konfiantza hartzea", azaldu du Bagerako kideak.

Bestalde, Ane Loidi eta Josu Pérez Ruano ekimenean parte hartzen duten 7.000 pertsonetako bi dira. Loidi hasiera hasieratik dago bertan: "Bagerako bilera batera joan nintzen, hasierako aurkezpen batera, eta proposatzen zutena gustatu zitzaidan, jendea euskalduntzeko eta euskaraz hitz egiteko modu ona zela iruditu zitzaidan; 30 urte pasa dira eta oraindik bertan jarraitzen dut".

Pérez Ruano, aldiz, duela bi urte hasi zen eta egun oso gustora dabil euskara ikasten: "Oso natural egiten dituzte gauzak. Hemen ez zaituzte epaitzen".

Mintzalagun ekimena Donostian hasi bazen ere, gaur egun Euskal Herriko 120 herri eta hiritan presente dago.

Izen ematea zabalik

2022-2023 ikasturtean Mintzalagun programan parte hartzeko izen ematea zabalik dago datorren urriaren 21era arte. Izen ematea Bagera Elkartearen www.bagera.eus webgunearen bitartez edo Bagera Elkartean bertan egin daiteke.

11/10/2022