Actualizado hace 7 minutos
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak 'Bizkaian bagara. Berbak zubi' programa jarri dute martxan, lurraldean euskararen erabilera handitzeko, hizkuntzaren biziberritze prozesuan urrats berriak emateko eta biztanle sektore berrietara normaltasunez hurbiltzeko asmoz.
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Jasone Mendizabal Taupa euskaltzaleen mugimenduko koordinatzaileak aurkeztu dute ekimena astearte honetan, besteak beste.
Bizkaiko eskualde guztietara heltzeko helburuarekin, eta lurraldean dauden tipologia ezberdinak kontuan hartuta, ekimenaren erakunde sustatzaileek aurreikusi dute 10.000 bizkaitarrekin lan egitea. Horretarako, elkarlanean ariko dira datozen hiru urteetan.
Egitasmoa lurraldearen euskararen saretzearen eta aktibazioaren araberako diagnosian oinarritzen da. Horrela, erabileran eragiteko hiru lan ildo eta esku hartze sorta bat diseinatu dira.
Tokian tokiko euskaltzaleen aktibazioa eta saretzea, aniztasunaren kudeaketa euskarara hurbiltzeko baliabideak eskainiz, eta gazteen eta familien arteko erabilera sustatzeko ekimenak dira hiru lan ildoak.
Esku hartzeei dagokienez, euskararen aldeko sarea zabaltzeko eta aberasteko gogoeta saioak antolatuko dira, eta tokiko euskaltzaleak saretzeko prozesu parte hartzaileak egingo dira. Horrez gain, euskaltzalez osatutako mugimendu zabal bat osatzeko, aktibazio eta ahalduntze aukerak eskainiko dira, taupamugimendua.eus plataformaren bidez.
Orobat, herritar guztien arteko harreman eta komunikazioetan hizkuntza erreferentea euskara izatea lortu nahi da, euskaratik urrun bizi diren herritarrak gerturatuz. Horretarako, 'Auzoko Elkarrizketak' ekimenak euskararen inguruko sentsibilizazio eta aktibaziorako espazio parte hartzaileak eskainiko dute hizkuntza dinamika berriak aktibatzeko.