Buscar
Gipuzkoa

Euskararen historia soziala Bergaran jaso dute erakusketa batean

Hilaren 25era arte bisitatu ahal izango den lanak 1940tik 1980ra bitarteko ibilbidea egiten du
Erakusketaren inagurazioa ostiral arratsaldean. | ARGAZKIA: B.U.
Erakusketaren inagurazioa ostiral arratsaldean. | ARGAZKIA: B.U.

Izotz ondoko eguzki erakusketa ikusgai dago Aroztegi aretoko hormetan. Bergarako historia soziala ezagutzeko eta, bide batez, aitortzeko helburuarekin bultzatu dute proiektu hau Udal Artxiboak eta Euskara sailak. “Epemuga trantsizioan eta erakunde autonomikoen sorreran jarri da, eta ordura arte euskarak herrian, herri mugimenduaren lanari esker, izan duen bilakaeran ipini da arreta. Tartean, Gerra Zibilak eta Lehen Frankismoak euskararen erabilera sozialerako suposatu zuen galera aztertu da”, azaldu dute antolatzaileek.

1940tik 1980ra bitarteko aldian oinarritzen da erakusketa. Eta janzteko, protagonisten testigantzetara jo da. “Herritar asko ibili dira euskarari eusten eta eragiten hainbat alorretan: hezkuntzan, antzerkian, bertsolari-tzan, hizkuntzalaritzan, kantagitzan... Bai gerra aurrean eta ostean ere”, aipatu dute Udaletxetik. Badihardugu Elkartearekin batera, 26 lagun elkarrizketatu dira eta euren bizipenak ahotsak.eus atarian daude eskuragarri. Iturri horiekin batera, hainbat dokumentu idatzi eta argazki ere erabili dituzte: Udal Artxiboko funtsak, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa, Oregi-Goñi bilduma eta Lazkaoko Beneditarren Artxiboa”.

Urte ilunak eta sustapen lana

“Gerra ondoren urte ilunak etorri ziren. 1940ko hamarkadan elizaren babespean kaleko eta Labegaraietako dantza taldeak sortu ziren. 50eko urteetan Gazte-Alai dantza taldeak ikusi zuen argia, Joakin Etxaniz irakasle zela. Azken horretan emakumeak inkorporatzen joan ziren. 1942an Pol-Pol Mendi taldeak bere ibilbidea hasi zuen. 60ko eta 70eko hamarkadetan, aldiz, sustapen lan handia egin zen herrigintzatik euskararen erabilera, transmisioa eta prestigioa berreskuratze aldera. Umeen eta helduen euskalduntzeak bultzada garrantzitsua izan zuen eta kulturgintzaren arloan ekimen ugari bideratu ziren elkarte desberdinen eskutik”, kontatzen du erakusketak.

Nortzuk eta zenbat izan gara?; gerra osteko testuinguru orokorra eta euskarararen egoera herrian; non eta nola ikasi dugu euskara?; euskalgintza eta kulturgintza, eta beste pasarte askok abenduaren 25era arte bisitatu daitekeen lanari edukia ematen diote.

2022-12-12T08:36:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo