Navarra

Euskaraz barra-barra, zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasun-marka

Euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan areagotzeko helburuarekin antolaturiko kanpaina
Euskaraz barra-barra marka ikusgai dago Elizondoko hainbat saltokitan.

Urtarriletik aitzinera Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak zerbitzu sektorean gaitasuna identifikatuko eta aitortuko duen marka berria eta bateratua sortu dute: Euskaraz barra-barra.

Marka bateratu horren helburua da bezero euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela leku edo entitate horretan, Euskaraz barra-barra marka duten guneetan bermatuta egonen delako euskaraz ulertzeko gaitasun nahikoa badagoela. Horregatik, zehazki, gaitasunari lotuta egonen da marka banatzeko irizpidea.

Euskal Herri osoan urtarriletik aitzinera zabalduko baldin bada ere, bertze udalerri batzuk aitzindariak izanen dira marka zabaltzen. Zehazki, UEMAko kide diren hamar herri izanen dira lehenengoak, Bera, Elizondo, Oiartzun, Aramaio, Atxondo, Bakio, Bermeo, Igorre, Otxandio eta Etxarri Aranatz.

UEMAko kide diren 10 herrietan, tartean Elizondon, dagoeneko hasi dira zerbitzu sektoreko profesionalei ekimen honen berri ematen, zalantzak argitzeko eta ekimenaren nondik norakoak zehazteko. Aste honetan berean UEMAko teknikari bat Elizondon barna dabil denda, komertzio, ostatuetan bisitak eginez, eta marka berria eskainiz.

Marka sustatu duten erakundeek zerbitzu sektoreko profesionalei dei egin diete markarekin bat egin dezaten. UEMAtik diotenez, “bezeroari arreta bere hizkuntzan eskaintzea zerbitzuaren kalitatea bermatzeko ezinbesteko oinarria denez, ohi bezala norberaren negozioarendako zerbitzurik onena eskaintzeko ahaleginean jarraitzera eta ekimen berri honetan parte-hartzera gonbidatzen dituzte zerbitzuen arduradunak, ekimenaren berri emateko merkatariendako eta ostalariendako prestatutako gutunean. Horren bidez, bezeroei dagokien arreta egokiena ematen segitzera ere animatu dituzte.

Zerbitzu sektoreko profesionalei ez ezik, markaren sustatzaileek herritarrei ere dei egin diete ekimena kontuan har dezaten erosketak egiterakoan eta ostalaritzako zerbitzuak hautatzean. Izan ere, Euskaraz barra-barra marka izanen duten lekuetan euskaraz aritzeko modua izanen dute, eta horrek “hainbat aurreiritzi baztertzeko eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko ere bide eman diezaieke bezeroei. Beraz, euskaraz lasaiago eta gehiago aritzeko modua izanen dutenez, gure herrietako zerbitzu sektorea ez ezik euskara ere hauspotzeko aukera izanen dute ekimen honekin”.

08/11/2022