Gipuzkoa

Zurriola Antzerki Eskola, euskaraz eginiko antzerkia bi hamarkadetan bultzatuz

'Ilargian' antzezlanaren momentu bat. Argazkia: N.G.

--- Zurriola Antzerki Eskolak 20 urte bete ditu eta, ospakizun honekin batera, Donostiako Udaleko Hiritar Merezimenduaren Domina lortu du 2022 urteko edizioan

--- Guztira, 170 parte-hartzaile ditu antzerki eskolak; 140 txikienei dagokienez eta beste 35 inguru amateur taldetan banaturik

Zurriola Ikastolan antzerkia aspaldidanik izan da garrantzitsu ikasleen hezkuntza eta garapenerako. Baina duela bi hamarkada, pauso bat haratago joan ziren hainbat irakasle eta, ordura arte orduz kanpoko tailerrak zirenak eskola bihurtzea proposatu zuten. Halaxe jaio zen Zurriola Antzerki Eskola, 20 urtetan hazi izan den proiektua, 2022. urteko Donostiako Udaletxeko Hiritar Merezimenduaren Dominen edizioan saria jasoko duena. "Ez genuen espero; oso pozgarria izan da", dio antzerki eskolako koordinatzaile den Oihana Maritorenak.

Antzerki Eskola honen berezitasunetako bat, nolabaiteko bi kategorietan banatuta dagoela da. Alde batetik, haurrek, kurtsoka banatuta, interpretazioarekin zerikusia duten arlo ezberdinak garatzen dituzte urtero; hala nola, mimoa, klown pertsonaia, testua, inprobisaketa, gorputz adierazpena edota sormena. Ariketen bidez, emanaldi bat sortzen dute eta ikasturte amaieran bi ikuskizun egiten dituzte; bata bere ikaskideentzat eta bestea familia eta senitartekoentzat.

Bestalde, amateur taldeak daude, aurten bost direnak, eta bertan, 18 urtetik gorako pertsonek parte har-tzen dute, antzerki ezberdinak prestatu, entseatu eta antzoki eta espazio kulturaletan emanaldiak eginez. Asko ikastolatik pasatako pertsonak badira ere, "edozein joan daiteke", Maritorenak azpimarratzen duen lez, eta zirkulu horretatik kanpoko jendea ere badago. Talde horien artean, beti dute guraso edo guraso ohiez osatutako bat, baita gaztetxoagoak elkartzen dituztena ere.

Guztira, 170 parte-hartzaile ditu antzerki eskolak; 140 txikienei dagokienez eta beste 35 inguru amateur taldetan banaturik. Denak astean bi orduz aritzen dira, maila guztietan, antzezpen abileziak lantzen eta garatzen edota entsea-tzen. Hori bai, estreinaldia gerturatu ahala, gehiago izan ohi dira. Haur eta nerabeen kasuan, "ikastolaz kanpoko haurrek ere" an-tzerki eskolara joateko aukera badute ere, batzuetan "zailagoa" izaten omen da, Maritorenaren esanetan, prestaketa saioak hainbatetan eguerdi garaian izaten baitira eta, kasu horietan, ez da posible beste ikastetxe batzuetatik bertaratzea.

Ekintza artistiko honek hainbat helburu ditu ikasleentzat, batez ere, gaztetxoenen artean. An-tzerkia ikasteaz gain, "bizitzan lagungarri" zaizkien erremintak garatzen dituzte; taldean lan egitea, irakurketa hobetzea, publikoan hitz egitea, eta jendearen aurrean nola aritu jakitea, batez ere. "An-tzerkia, arte eta kulturako arlo asko bezala, kurrikulumean sartu beharko litzateke", aldarrikatu du Maritorenak; "baina horretarako, hezkuntza sisteman lan handia dago egiteko. Gu behintzat gure hondar-ale hori jartzen saiatu gara".

Urte guzti hauetan zehar proiektuan aritu izan diren irakasleen rola ere ezinbestekoa izan da antzerki eskola honen biziraupen osasuntsurako. Eskolaren erapenaren aurrekari izan ziren tailerretan Montxo Imaz, Joxerra Fachado, Anartz Zuazua eta Gontza Aleman aritu ziren buru belarri; Zurriola Antzerki Eskolaren sor-tzaile, berriz, Imaz, Fachado eta Zuazua izan ziren, Mikel Sarriegi irakaslearen laguntzaz. Egun, Fachado eta Sarriegik antzerki ekimenean murgilduta jarraitzen dute; geroago gehitu ziren Maider Oiarzabal eta Maritorena bera formatzaile moduan eta aurten, Nerea Arriola hasi da bosgarren irakasle gisa.

euskal antzerkian erreferenteak Antzerki eskola honek duen garrantzia euren lanean euskarak duen oinarrizkotasunarekin uler daiteke. Bere erabilera "orduz kanpo bultzatzen" dute eta horren ondorioz, "ikasle askok aurrerapausoak egin dituzte". Hizkuntzagatik ere "erreferente" bihurtu ziren, "Euskal Herrian euskaraz antzerkia ikasteko oso aukera gutxi" baitaude, Maritorenak aitortu bezala. Horrexegatik, garai batean oso ohikoa zen, euskarazko paperen baterako haur edo aktore gazteen bila zebiltzanean, kasting arduradunak Zurriola Antzerki Eskolatik pasatzea. Ondorioz, haietako batzuk ezagunak bihurtu dira publikoarentzat; adibidez, bertatik pasa ziren Patria seriean aritutako Loreto Mauleon eta Iñigo Aranbarri antzezlariak.

Gaurkotasunera bueltatuz, obra ugari dabiltza prestatzen eskolako talde ezberdinak. Euskarazko "oso antzerki testu gutxi" daudenez, askotan beste hizkuntzetan eginiko obretara jo behar izaten dute eta berauek itzultzen dituzte antzeztu ahal izateko. Testu horien egileak itzultzaile diren guraso eta lagunak izan ohi dira, "beti ere musutruk", edota ikasleak ere, askotan.

Antzeztu duten azkeneko obra, Alfredo Sanzolen Ilargian izan zen, amateur talde batek pasa den abenduaren 16an eginikoa. 2022ari begira, badituzte beste hiru estreinaldi; Emakume abeslari burusoila, Eugene Ionescorena, guraso taldeak sorturiko Kaxkarina kabareta eta gazte amateurrek egingo duten Munduko antzezlanik txarrena deritzona.

Antzerki bakoitzaren kasuan emanaldi bat baino gehiago egiten dute, baina "nahi baino gutxiago". Izan ere, ez omen da horren erraza talde amateurrei txoko bat eskaintzen dien antzoki edo espazioak topatzea. Horrexegatik, Maritorenak programatzaileak "gonbidatu" nahi ditu, "horrelako lanak" ere plazaratzera. "Amateurrak dira, bai, baina oso lan duinak dira eta ikuslegoak asko disfrutatzen du", baieztatu du.

Etorkizunari begira ere, badituzte beste aldarrikapen batzuk. Alde batetik, profesional ez diren an-tzerki taldeentzat "zirkuitu" edo "sare moduko bat" sortzea, beraien lana bultzatzeko. Eta bestetik, gazteak antzerkia ikustera animatzeko formula bat topatzea. Baina ez bakarrik "katalogo bat" sortzea, Maritorenak Foru Aldundiaren Kultur Eskolara proposamena dena gogorarazten duen bezala. Estrategia sakonago bat behar li-tzateke eta hor hasierako puntura iristen da elkarrizketa; hezkuntzara. Eta arlo honetan antzerkia sustatu ahal izateko bidea, argi du bai Maritorenak baita Zurriola An-tzerki Eskolak: "Antzerkia orduz ere kurrikulumean sartzea".

Antzerkia orduz ere kurrikulumean sartzea ezinbestekoa ikusten dute Zurriolan antzerkia sustatu ahal izateko

Nahi baino emanaldi gutxiago ematen dituzte, ez baita erraza talde amateurrei tokia egingo dion antzokiak topatzea

27/12/2021