Euskarak gero eta garrantzi handiagoa du Araban. Hain zuzen, Araban euskararen erabilera eta ezagutza neurtzen duten estatistiken arabera, gero eta gehiago dira hizkuntza ulertzen dutenak.
Hori horrela da erakunde publikoek eta hainbat elkartek eskaintzen dituzten laguntzei esker, Arabako herritar guztien hizkuntza aisiara eramaten saiatzeko.
Arabarren artean hizkuntzaren erabilera handitzen jarraitzeko hartu den azken neurrietako bat Gasteizko Udalaren eskutik dator.
Zehazki, Urtaranen gobernuak gaur goizean onetsi duenez, 560.000 euroko aurrekontua bideratuko du Euskara Zerbitzuak antolaturik hiriko gizarte etxeetan ematen diren euskara-ikastaroak kontratatzeko.
Aspaldi sortutako ekimena hiriko hainbat talderi zuzentzen zaie: eskola adinean dauden seme-alabak dituzten gurasoak, 55 urtetik gorako pertsonak, merkataritzako eta ostalaritzako langileak, atzerritarrak, udal langileak, eta Euskara Biziberritzeko Ekintza Plana garatzeko estrategikotzat edo lehentasunezkotzat jotzen diren beste batzuk. Izan ere, "helduen euskalduntzea da Udalaren ildo estrategikoetako bat hizkuntzaren arloan", azaldu dute Udaletik.
“Gasteiz euskalduntzeko lanean jarraitzen dugu eta aukera anitz eta oparoa zabaltzen diogu ekimen honen bitartez euskaraz egiten ikasi nahi duenari”, azpimarratu du Iñaki Gurtubai euskara zinegotziak.
Gurasoentzako ikastaroak 166 ordu izango du, ikasturtean zehar banatuta; astean hiru saio emango dira, ordu eta erdikoak. Ostalaritza eta merkataritzako langileentzako ikastaroak hastapenekoak izango dira; 60 ordu iraungo dute, eta astean ordu eta erdiko hiru saio emango dira. 55 urtetik gorakoentzako ikastaroak ere oinarrizko mailakoak dira; 90 ordu iraungo dute, astean ordu eta erdiko bi saiotan banatuta. Atzerritarrentzako ikastaroek 60 ordu iraungo dute, astean bi orduko hiru saiotan banatuta. Udal langileek, berriz, astean 60 minutuko klasea izango dute.