Aurten ere, euskararen ikaskuntza sustatzeko eta hizkuntzaren erabilera areagotzeko helburuarekin, Lazkaoko Udalak diruz lagunduko ditu euskara ikastaroak. Izan ere, Kepa Zubiarrain jeltzalea buru duen Udalak herritar guztiek euskara ikasteko aukera izatea nahi du.
Udalak eskatzailearen urteko diru-sarrera izango du kontuan dirulaguntza ematerako orduan. Urteko diru-sarrera ezingo da 26.600 euro baino gehiagokoa izan. Edonola ere, lanean diharduten eskatzaileek gehienez 800 euroko laguntza jasoko dute, eta langabezian edo urteko diru-sarreren baremo baxuenean daudenek, gehienez 2.000 euroko laguntza jasotzeko aukera izango dute.
Bestalde, dirulaguntzen onuradunek hainbat baldintza bete beharko dituzte, besteak beste: kurtsoa hasten den momentuan, Lazkaon, gutxienez, urtebetez erroldatuta egotea; 16 urte beteta izatea; Lazkaoko Udalarekin zorrik ez izatea; beste erakundeetatik dirulaguntzarik ez jasotzea; ikastaroa homologatutako euskaltegi batean gauzatzea; eskoletara, gutxienez, %85eko asistentzia izatea; ikastaroaren aprobetxamendu ona izatea; eta zerga-betebeharrekin eta Gizarte Segurantzarekin egunean izatea, baita Udal Ogasunarekin ere.
Dirulaguntza eskatzeko nahi duenak, ikastaroa hasi ondoren egin dezake eskaera. Horretarako, eskabidea dagokion moduan bete behar da, bertan eskatzen diren dokumentazio gehigarriak txertatuz. Ondoren, Udaleko Erregistro Orokorrean entregatu behar da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen artikuluan adierazitako moduetako batean.
Ikastaro gehiago
Maizpide Euskaltegiarekin eta San Benito ikastolarekin elkarlanean, Lazkaoko Udalak euskara ikastaro bereziak eskaintzen ditu ikastolako haurren guraso eta udalerriko merkatarientzako.