Actualidad

Eusko Jaurlaritzak ikerketa-zentroak bultzatuko ditu

Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroei (BERC) eta Unibertsitateetako Ikerketa Egiturei zuzenduta daude laguntzak
Lerro hauekin batera agertzen den irudian, informazio horretatik kanpoko laborategi bat. | ARGAZKIA: DNA

Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroek (BERC-Basque Excellence Research Centre) eta Unibertsitateen Ikerketa Egiturek bultzada handia jasoko dute datorren urtean. Bultzada hori ekonomikoa izango da, Eusko Jaurlaritzak emango dituen laguntzei esker; izan ere, 1.100.000 euro emango ditu ekipamendu zientifikoaren erosketa finantzatzeko.

Horrela, eta ildo beretik, Hezkuntza Sailetik jakinarazi zutenez, datorren urtean milioi bat euro baino gehiagorekin finantzatuko dute oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroek eta unibertsitateetako ikerketa-egiturek ekipamendu zientifikoa eskuratzea. Ildo horretan, azpimarratu behar da deialdi honek datorren ekitaldirako aurkezten duen berritasun nagusia zenbateko ekonomikoa bera dela. Milioi bat eurotik gorako kopuru horrekin, Eusko Jaurlaritzak deialdi hori 600.000 eurorekin handitu du, aurreko deialdietan zenbatekoa txikiagoa baitzen. “Datorren ekitaldirako deialdiaren berritasun nagusia horretara bideratutako zenbatekoa da, 600.00 euroko gehikuntza baitakar. Horrela, laguntzen deialdia 500.000 euroko aurrekontua izatetik –aurreko urteko deialdian– 1.100.000 eurokoa izatera igaro da”, zehaztu zuten. Iturri berberek erantsi zutenez, gehikuntza horren bidez administrazio publiko honek ekipamendu zientifiko ertaina edo berezitasun handiagoko ekipoak erostea bultzatu nahi du: “Hezkuntza Sailak, gehikuntza honekin, erakunde onuradunek ekipamendu zientifiko ertaina edo berezitasun handiagoko ekipoak eskuratzea sustatzearen aldeko apustua egiten du. Ikerketa zentro horiek beren baliabideekin nekez eros ditzaketen ekipamenduak dira, behar duten inbertsio handiagatik”.

Horregatik, bi modalitate bereizten dira, ikerketaren arloko zentroek eta taldeek eskatutako ekipamenduaren kostuaren arabera:lehen modalitatean, ekipamendu txikia erosteko izango da, 18.001 eta 250.000 euro bitarteko kostua duena, BEZik gabe. 400.000 euro gordeko dira modalitate honetarako. Bigarren modalitatean, berriz, ekipamendu ertaina erosteko izango da, 250.001 eta 700.000 euro bitarteko kostua duena, BEZik gabe. Inbertsio handiena behar duen ekipamendurako 700.000 euro gordeko dira. “Ekipamendu zientifikoa, deialdi honen baitan aintzat hartua izateko, I+G+bko jarduerak garatzeko behar diren baliabide fisikoen (edo ekipoen) multzoa da. Ekipamendu horiek egokiak eta beharrezkoak izan behar dute ikerketa-taldeen egungo eta etorkizuneko ikerketa-proiektuak garatzeko. Ekipamendu berria erabiliko duten ikerketa-proiektuek abian egon beharko dute 2024rako, erositako ekipamendu berria erakunde onuradunean erabilgarri egon ondoren”, erantsi zuten Eusko Jaurlaritzatik, Hezkuntza sailetik.

Era berean, deialdi honen helburua funtsezko bi helbururi erantzutea da. Esan bezala, helburu nagusietako bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen potentzial zientifikoa eta teknologikoa babestea, indartzea eta areagotzea da. Baina, horrez gain, garrantzitsua da euskal ikerketa-taldeek Europako Ikerketa Esparrua eraikitzen arrakastaz eta lehiaz parte har dezaten erraztea. Hori da deialdi honen apustu nagusietako bat, eta igoera honen arrazoia ere %100 baino gehiago handitu da aurten. “Horrela, Hezkuntza Sailaren laguntza-deialdi honen funtsezko bi helburuei erantzuten zaie: alde batetik, Euskadiren potentzial zientifikoa eta teknologikoa handitzea, eta, bestetik, euskal ikerketa-taldeek Europako Ikerketa Esparrua eraikitzen arrakastaz eta gaitasunez parte har dezaten erraztea”, azpimarratu zuten.

Proiektuak

“Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste eragile ba-tzuek ere (besteak beste Ikerketa Kooperatiboko Zentroek, Teknologia Zentroek edo IkerketaSanitarioko Zentroek) parte hartu ahal izango dute deialdian, erakunde eskatzailearen erakunde laguntzaile gisa, ikerketa-proiektuetan ekipamendu zientifiko berria erabiltzeko konpromisoa hartzen duten ikerketa-taldeak ekarriz. Formula honen bidez, Euskadin lan egiten duten ikerketa-taldeek sarean funtzionatzea sustatzen eta indartzen da”, ondotioztatu zuten iturri berberek. Azkenik,aipatzekoa da deialdi honetako laguntzak hurrengo ikasturterako izanego direla, hau da, 2023tik aurrera egongo dira prest laguntza ekonomiko hauek.

14/08/2022