Actualizado hace 9 minutos
ESTRALURTARREN aitzakiapean, AEBko zientzia fikziozko filmetan Los Angelesen kokatu ohi diren plater hegalariak Anoetan jarri ditu Mikel Pagadizabal ‘Pagadi’ gidoilariak bere lehen liburuan: Bisita. Estralurtarrak baliatu ditu euskal gizarteari kritika soziala egiteko.
‘Bisita’ zure lehen eleberria kaleratu zenuen azaroan. Nolako erantzuna izan du?
Harrituta nago, ze hirugarren edizioa atera berri dute orain. Jendeak oso ondo pasatu omen du; eta, esan didatenez, barre asko egin du. Ez nuen horrelako erantzunik espero.
Umorea, zientzia fikzioa eta kritika bildu dituzu, plater hegalari baten ai-tzakiapean.
Ufologiaren edo plater hegalariaren aitzakia erabili nahi nuen gizartearen jokabidea nolakoa izan zitekeen erakusteko. Izan ere, guri buruz barre egiteko nahiarekin idatzi dut liburua. Ez da OHEi buruzko zien-tzia fikziozko lana, gizarteari begirako lana da. Ez zait inbasioa interesatzen, horren aurrean guk daukagun jokaera baizik. Fokua toki askotan jarri nahi nuen, lanak gizartearen ikuspegi orokorra izan dezan. Lanari ikuspuntu kaleidoskopikoa eman nahi nion: kapitulu txikietan, toki desberdinetan gertatzen diren gauzak erakutsi: baserrian, NASAn, Etxe Zurian, Ajuria Enean...
Baina, estralurtarrak Euskal Herrira ekarri dituzu, Anoetako Soroetara, baserrira. Zergatik?
Paseatzea gustuko dut, eta Villabonan bizi naizenez, Tolosara pasea-tzen joateko Anoetatik pasatu behar dut. Eta behin baserri baten ondoan depositu bat ikusi nuen, eta argazkia atera nion, Photoshoparekin plater hegalaria bertan kokatuz. Funtzionatzen zuela ondorioztatu eta istorioa bertan kokatzea erabaki nuen.
Zeruan gertatzen denarekiko interesa erakutsi duzu. Hortik tiraka plater hegalaria ekartzearena?
Kasu inkongruente bat erakutsi nahi nuen. Gauza hauek beti AEBn gertatzen dira, eta zinemari esker oso ohituta gaude New Yorken edo Los Angelesen horrelakoak kokatzera. Baina, gogoa neukan genero hori bertara ekartzeko; eta, bide batez, ikuspuntu horiek guztiak jorratzeko..
Ezohiko zerbait da, baina liburuan erreferentzia historikoak ageri dira.
Datuak asko gustatzen zaizkit, eta kontakizunari errealitatea emateko sartu ditut; guztiak -hegazkin modeloak, sateliteak, seinaleak...- dira egia. Gero, datu horiekin jolastu dut, fikzio bat asmatzeko.
Anoetan kokatu duzu lana, baina, 51 eremuan izan zinenean otu zitzaizun.
Herri Txiki Infernu Handi graba-tzen genbiltzan han, eta Las Vegasera joan ginen. Lanekoei sekulako kaka eman nien Kaliforniara bidean 51. eremua ikusteko, eta azkenean eraman ninduten. Ez zen ezer ikusten, baina, kondairek diote han daudela zerutik erortzen diren ontziak. Presentzia militarra oso handia da, hegazkin bonbaketariak ikusten dira. Horrek eman zidan ideia, hor azpian zegoena azaltzearena...
Idazketari dagokionean, elkarrizketa asko ageri dira obran. Gidoilari izateagatik, akaso?
Nire estiloa gidoiak idaztetik dator, eta komediari azkartasuna eman nahi nion dialogoarekin. Deskripzioak lantzen hasiko banintz, umoreak alde egingo zukeen. Eta dena dialogoekin izan beharrean, posta elektroniko kate bat eta EHUko psikologia fakultateko elkarrizketak jaso ditut, narrazioari arintasuna emateko.
Irakurlea ere kontakizunaren parte bihurtzen duzu.
Horrela atera zait. Idazten ari naizenean, irakurleari idazten ari natzaio. Topiko bat da, irakurtzeko idazten delako, baina batzuetan, gustatzen zait zuzenean irakurleak interpela-tzea: kontatuko ez dudana zergatik egingo ez dudan irakurleek jakitea. Gustatzen zait irakurleek gertutasuna sentitzea, istorioaren parte sentitzea. Eta narrazioa puskatzeko ere balio du.
Herriko kazetaria, baserritarrak edo euskal politikako figurak. Denak ikus daitezke.
Gernikako edo Iruñeko batek identifika ditzakeen profilak landu ditut, arketipo guzti horiek jasoz. Hala ere, denei ez dizkiet izenak jarri. Adibidez, politikoei ez diet izenik jarri, norberak identifika ditzan. Beste pertsonaia batzuei ere izena jarri diet, oso herrikoiak direlako: kazetaria, alkatea....
Ze konektatuta bizi garen horri ere tarte zabala eskaini diozu.
Pandemian gertatutako gauza asko parodiatu ditut. Pandemian salbatu gintuen Internet izateak, eta hori itzaliko balitz zer gertatuko litzatekeen asmatu dut. Beldurra ere ematen dit sareekiko horrenbesteko menpekotasuna izateak eta hori kritikatu nahi nuen...
Finean, gure jokaerei buruz pentsaraztea edota horietaz barre egitea bilatzen duen lana da?
Bizi garen gizartean, umorerako oso tarte gutxi geratzen da. Euskal Herrian badago umorea, baina ez zait iruditzen horrenbeste jorratu denik. Eskertzen da umorea euskaraz irakurtzea, eta horregatik idatzi dut: irakurri nahiko nukeen liburua idatzi dut. Ohituta gaude telebistan edo zineman umorea ikustera, baina literaturan gutxiago agertzen da, eta uste dut badela lantzeko esparru bat.
Aurkezlea, gidoilaria... eta orain idazlea ere bai. Presioa sentitu duzu noizbait?
Orain hasi naiz sentitzen. Liburua lagunek irakurriko zutela pentsa-tzen nuen, eta dagoeneko hirugarren edizioa atera da. Ilusioa neukan beste erritmo batean idazteko, telebistan beti presaka lan egiten delako. Erritmo horrek ez du uzten idazten ari zarena zaintzen. Ondorioz, nahi nuen zerbait idazteko denbora hartu, eta oso lasai eta gustura aritu naiz, presiorik gabe.
Bide honetan aurrera egiteko asmoa duzu?
Hasi naiz eskemak egiten. Gustua hartu diot etxean lan egitearen lasaitasunari, eta tarte bat dudanean, gustatzen zait gauzak pentsatzen hastea. Sherlock Holmesen kasu bat argitzea bezalakoa iruditzen zait hau: dauzkazun erremintekin bide bat hartu eta zerbait sortzea.