Cultura

"Ez nuen oso esplizitua izan nahi, uste dudalako egun ez dugula horren beharrik"

Maialen Lujanbiok 2017ko Txapelketa Nagusian kantatutako bertsoak oinarri hartuta, nobela grafikoa kaleratu du Ainara Azpiazuk, irakurlearen hausnarketari bide emanez
Elene pertsonaia transa sortu du Ainara Azpiazuk eta haren inguruan eraiki du istorioa

'Utzi azalari' nobela grafikoa aurkeztu berri du Ainara Azpiazu Aduriz irudigileak, Maialen Lujanbiok 2017ko Txapelketa Nagusian botatako bertsoetan oinarrituta. Dena ondo zihoan argia piztu den arte gaiari erantzunez, pertsona trans baten larruan sartu zen Lujanbio. Eta hala egin du nobelaren egileak ere, Elene pertsonaia sortu eta haren inguruan istorioa eraikita. "Gaia delikatua delako eta gizarte honetan kolektiboak jasotzen duen biolentzia ez areagotzekotan", bidelagun izan du kontakizuna osatzeko, Brayan Altismasberes.

Nondik sortzen da proiektuaren ideia?

Dobera euskara elkartean zegoen Jexux Eizagirre, eta berarekin hizketan ari nintzen Maialen Lujanbioren bertsoez. Komikiak ere asko gustatzen zaizkio berari, eta hizketan aritu ginen ea nola sar zitezkeen bertso horiek komiki luze samar batean. Azkenean, Jexuxek Maialeni baimena eskatu zion bertso horiek erabili ahal izateko, eta azken horrek baimena eman zigun.

Nola garatu zenuen nobela grafikoa?

Oso prozesu mantsoa hasi zen, oso abstraktua baitzen guztia. Bertso batzuk banituen, baina nondik jo eta nola egin ez nekien. Pixkana sortzen joan nintzen nobela grafiko labur bat egitearen ideia: horren luzapena, bertsoak sartuko nituen edo ez, eta hala egitekotan non sartuko nituen… Halako galderen aurrean erabakiak hartzen joan nintzen, eta momentu batean gidoia osatzeko laguntza jaso nuen. Zinema egonaldi batzuk egin zituzten Garaionen, Araban. Katixa Agirrek eta Harkaitz Canok ematen zuten ikastaroa, eta nire proiektua aurkeztu nuen bertara. Komikia aurkeztu nuen bakarra izan nintzen, eta hartu egin ninduten. Beraiekin gidoia pixka bat landu nuen, eta gako interesgarri batzuk eman zizkidaten. Ordura arteko nire istorioa pixka bat aldatu zen. 

Ez da zure lehen lana, ez da zure lehen komikia. Baina izan da erronka bat zuretzat, ezta? 

Niretzat erronka handia izan da, gaia delikatua iruditzen zaidalako, gehienbat. Gizarte honetan zaurgarriagoak diren kolektiboek biolentzia gehiago jasaten dute. Batetik, kolektibo horiek ikustarazteak garrantzia dauka niretzat, baina, bestetik, nahigabe, min gehiago egin daiteke. Normalean egiten ditudan beste lanetan egoten da niretik pixka bat, nire bizipenetatik. Baina kasu honetan, ni ez naiz transa eta ez dakit zer den transa izatea. Arriskutsuak iruditzen zaizkit horrelako jarrera hartzeak.

'Utzi azalari' nobela grafikoaren azala. Ruben Plaza

Behin lana irakurleen eskuetan, nola begiratzen diozu egindakoari?

Plano asko gurutzatzen zaizkit. Nik badakit zer nolako erronka neukan aurrean, eta zer lan egin dudan; beraz, alde horretatik, estimatzen dut egin dudan lana. Oso ohituak gaude begirada mota batekin, eta istorioa kontatzeko modu konkretu batekin. Horregatik, saiatu naiz benetan barren-barrenetik egiten, eta horrek badakit egiten duela nire komikigintza mota ez izatea ohituta gaudenaren modukoa, ez dudalako hainbeste edaten aurretik irakurri dudan hortatik. Nire komikiak barne hausnarketekin nahiko lotuak izaten dira, nahiko instrospektiboak dira, eta ohiko komikigintza irakurtzen duten irakurleak ez daude halakoetara hain ohituta. Hor badago erronka bat; hasteko, komikigintza ez delako hemen asko irakurtzen, eta, gainera, euskaraz, eta gainera, nire moduekin. Hortaz, baditut nire zalantzak. 

Bere horretan, eta nituen baldintzekin, ahalik eta hoberen egin dudan lan bat izan da; orain, jendearen feedbackarekin ikasi egin nahiko nuke, eta jendeak pentsatzen duen hori entzun, aurrera begira ditudan zalantza guzti horietan zein pauso eman jakiteko. 

Gaur egungo gai bat hartu duzu zure azken lanaren oinarrian. Garrantzitsua al da egungo tematikari tira egitea?

Astintzen gaituzten gai horiez hitz egin behar dugu. Nik nahiz eta haur literatura egin eta ilustratzen dudan askotan, hor ere saiatzen naiz eguneroko gaiak lantzen eta barrenak astintzen didaten gaien atzetik lan egiten. Nahiz eta gero modu arinean lantzen ditudan, saiatzen naiz gaia aztertzeko garaian pixka bat haratago eta sakonago joaten, baina gauden momentu honi lotuta. 

'Utzi azalari' du izenburua zure lan berriak. Zer utzi behar zaio azalari, Ainara?

Dena utzi behar zaio azalari. Hori zen Maialenen azken bertsoaren azken puntua. Oso bukaera ona zen. Bestela ere, bada gorputzera jaisteko gonbidapena, bertsoez haratago ere. Norbere larruan, bestearen larrutan, gorputzera jaitsi eta hortik sentitzeko gonbite bat. Eta kasu honetan, honi lotuta, azalarekin lotutako irakurketarako gonbite bat da. 

Irudi asko ageri dira, baina ez zara horiekin oso esplizitua izan. Irakurleen esku utzi duzu irudimena.

Ez nuen oso esplizitua izan nahi, saihestu nahi nituen gauza batzuk bazeuden; bertsoei eta gaiari errespetua edukitzeko nire modua izan da. Gaur egun iruditzen zait ez dugula horren beharrik, gure irudimenak oso azkar eta bere kabuz egiten duelako lan hori. Gainera, iruditzen zait nik irudiak jarriz gero, bertsoei indar guztia kenduko niekeela. Ez da berdina hitz batek esan dezakeena edo irudi batek ikustarazi lezakeena. Hitzen bidez, nork bere buruan egiten du irudia, eta norberarentzat sinbolikoki balio bat dauka. Baina irudi bat egiten duzunean, norberak jartzen dion karga sinboliko hori askotan kendu egiten da, ez duzulako, beharbada, irudiaren bidez konektatzen bestearen emozioarekin hain erraz. Irudiaren ikusgarritasun horrek ere batzuetan xarma batzuk kentzen ditu. 

Irakurleak, agian, Elene bat edo beste Elene bat imajinatuko du bere buruan, ikusten edo uste duenaren arabera. 

Iruditzen zait jendea asko epaitzen dugula gorputzarengatik, eta txarrerako. Horretarako irakatsiak gaude, eta ez nuen nik ere horretan sartu nahi. Gure gorputzak gure identitatean kristoren pisua du, eta horrek askotan kartzela bat sortzen digu. Elene ez da gorputz baten inguruan sortutako pertsonaia, hori baino askoz gehiago da, eta horri eman nahi nion garrantzia. Elene pertsonaia landu dudanean saiatu naiz subjektu bezala aurkezten, eta ez zerbait patologizatu edo zerbait ertzekoa bezala, gizaki bat gehiago, ezaugarri propioekin: tartean, transa dela, baina beste mila ertzekin, gutako beste edozeinek bezala. 

Elene eta Mikel, Mikel eta Elene, biak ala biak, komikiko protagonistak. Nola irudikatu nahi izan dituzu?

Maialenen bertsoetan (Nere inon ez egon nahia ote / da zure ezinegona?) Elene ari zaio norbaiti erregutzen, norbait zalantzan jartzen ari da. Elenek kolpatzen duen beste pertsona horrek, iruditzen zitzaidan eduki behar zituela gizarte honen estruktura zentraletatik. Hori horrela, gizon bat aukeratu nuen, gizon zis bat. Pertsonaia horri ertz bat jarri nahi nion: landa inguruneko mutil gazte bat izatea nahi nuen. Hala, horrekin nire kezken artean dagoen beste kezka bat sartzea aprobetxatuko nuen: nekazal mundua, baserri mundua, asko hitz egiten dugu aldaketa klimatikoaz, baina iruditzen zait ezer gutxi egiten ari garela, kronista lanak egiten ari garela baina ezer aldatu gabe. Aldiz, badaukagu kolektibo bat jakituria handia duena eta gaitasun asko dituena, eta ez dugu batere zaintzen. Eta, alderantziz, oso zigortuak daude. Eta horri ere tarte bat eman nahi nion, garrantzia emateko asmoz. Interesgarria iruditzen zitzaidan Mikelek ere jakitea, nolabait ere, zer den gizartearen bazterrean egotea, nahiz eta jakin ezin direla bazter biak konparatu, baina nekazaritzarena bada baztertxo bat ere. Gizarte estruktura zurrunetatik zuen pertsonaia bat eraiki nahi nuen, epai guzti horiek bil zezakeen gorputza bat zuena, baina, aldi berean, gizon bat izan behar zela argi neukan, hala sozializatu delako. Pribilegio horietan hazi den pertsonarengan eraldaketa posible bat sortzeko aukera posible bat eman nahi nion Eleneri.

Prozesu mantsoa eta abstraktua izan du komikiak. Ruben Plaza

Komikian, bizitza era askotakoa dela aipatzen da, baina, aldiz, batzuek bakarra irudikatu eta imajinatzen dute. 

Hala da. Hor bai jarri dut niretik, eta Arte Ederrak ikasten nituenean, esaterako, asko hausnartzen nuen halako gaien inguruan, margotzen ikasteko asko kendu behar duzulako burutik eta parean duzuna erregistratu kode zuzenen bidez. Gero konturatzen zara zenbat eraikuntza dauden ustez neutrala den margo baten atzean, eta nola dauden hautu pila bat. Gizartean ere gauza bera egiten dugu: hautu asko daude, hautu estrategikoak dira eta zerbaiten arabera balio du zerbaitek. Hor arauak sortzen joaten gara, eta arauetatik kanpo gelditzen den guztia zigorra jasotzeko figura izan daiteke. Horregatik Elenek egiten du hausnarketa gorpuztasunaren inguruan: kolorea, sormena… Zabaltasun hori guztia bada mundua berez, nola da posible hain gauza hertsietan mugitu behar izatea?

Komikian, suge baten larrualdatzea hartu duzu oinarrian liburua banatzeko. Zergatik?

Larrualdatze hori sugearentzako hain arrunta den bezala, uste dut bizitzan zehar beti daudela larru aldaketak, azala aldatzeak. Modu bat da esateko oso naturala den prozesu bat dela, eta bizitzaren beraren parte den prozesu bat dela, denok egiten duguna, bakoitzak bere modura. Hori da bizitzaren funtsa: dena aldatzen ari da eta dena aldatzen da.

23/11/2022