Euskararen erabilera bultzatzeko programazio zabala prestatzen jarraitzen dute Geu Elkartetetik, gazteengana etan familiengana iristeko
GASTEIZ – Esti Rodríguez Geu Elkarteko taldeko kidea da. Pandemiak emandako kolpearen ondoren, elkarteak jada lortu du normaltasunera itzultzea hirian euskararen erabilera bultzatzen jarrai-tzeko, Gasteizen hainbat kultur eta familia ekitaldi sortuz.
Pixkanaka normaltasunera itzuli zarete programazio zabal batekin.
–2022 urtea motel hasi da normaltasun forma hartzen. Urte hasieran Covid pasaportea eta momentuan hartutako osasun neurriek iraulia eman zioten ekintzen antolaketari, baina oraintxe bertan gure programazioa garai batekoa bezain zabala eta anitza dela esan dezakegu.
Zein ikastaro eta tailerretan ari zarete lanean euskararen erabilera bultzatzeko?
–GEU Elkarteak publiko desberdinari zuzendutako formakuntza eta hizkuntza sentsibilizazio saioak eskaintzen ditu. Azkenaldian, adibidez, Arabako eskola ezberdinetara hurbildu gara LH3ko ikasleekin Lingolang tailerra lantzera. Astebeteko lantegi honetan, gaztetxoek gure herriko hizkuntza aniztasuna aztertzen dute, euskaraz gain, beste hainbat hizkuntza hitz egiten baitira gure eskola, kale eta auzoetan. Elkarrekintza polita sortzen da ikasgeletan. Bestalde, familian bizipen positiboetatik abiatuta, euskara erabiltzeko lantegiak ere eskaintzen ditugu: Mahai Jolasak, Pantailetan Euskaraz, Juegos en familia y en euskara...
Hezitzaileekin ere lanean aritzen zarete.
–Bai, hezitzaileekin ere lanean aritzen gara. Ikasturtean zehar, jantokian, eskola orduz kanpoko jardueretan, kirolean, ludoteketan (ludotekariei zuzendutako gida bat atera berri dugu)... lanean ari diren gazte horiek formatu egiten ditugu eta euskararen erabileran eragiteko tresna eta estrategia desberdinak eskaintzen dizkiegu, beti ere modu dinamiko eta parte hartzailean. Udari begira, laster opor programetan (jolas txokoak, udaleku irekiak, udaleku itxiak, ibiltariak...) lanean ari diren hezitzaileentzako formakuntzak burutuko dira. Hauek AFAk eta Gasteizko Udalak bermatutako ziurtagiria jasoko dute.
Familian bideratutako programazio batean zentratuta zaudete ala gazteen profilera gehiago iristen saiatzen zarete?
–Elkartean estrategia ezberdinak erabiltzen ditugu publiko ezberdinengan eragiteko. Esperientziak esaten digu familia artean eragiteko eraginkorragoa dela aisialdia eta kulturaz baliatzea. Euskarazko eduki kulturala eskaintzen dugu emanaldi ezberdinen bidez, eta seme alaba gazteak dituzten familien erantzuna bikaina da, interesa dute, parte hartzaileak dira, eta esan genezake publiko fidela lortu dugula. Gazteengana heltzeko estrategia guztiz ezberdina da. Beraien ibilbide profesionalean bultzada ematea edo laguntza eskaintzea da gure formula. Lehen esan bezala, formakuntza saioen bidez lanerako behar dituzten erremintak eta baliabideak eskaintzen dizkiegu. Udaleku, jantoki edo eskolaz kanpoko ekintza batean lan egingo duen hezitzaile batek euskara transmisioan duen garrantzia berebizikoa da, eta gehienbat gaztez osatutako langile multzo hau, sentsibilizatu, formatu eta ahaldundu nahi dugu. Aipatu nahiko genuke ere, gazte sortzaileei ezagutarazteko eskain-tzen diegun lekua: bai gure sare sozialetan elkarrizketa bereziak eginez baita eurekin elkarlana bultzatuz. GEU Elkarteko sareak gazteen isla izatea nahi dugunez, euren ahotsa entzuteko gure sare sozialetan dinamika anitzak bultzatzen ari gara: elkarrizketak, mikroipuin lehiaketak, olerki ekintzak... Gazteentzako ekitaldi asko antolatu ordez, gazteei euren leku propioa eman behar zaiela uste dugu elkartetik.